Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko mobilizatzera deitu dute hainbat herritako talde feministek

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 7a, 16:04

Palestinaren alde Zarautzen egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Aritz Mutiozabal)

Euskal Herriko Mugimendu Feministaren deialdiarekin bat egin dute Azpeitiko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako talde feministek, eta Palestinari elkartasuna adierazteko mobilizazioak deitu dituzte astebururako. Zumaian ostiralean egingo dute manifestazioa eta gainontzeko herrietan zapatuan mobilizatuko dira.

Feministok Palestinarekin. Israelgo estatu genozida suntsitu leloarekin mobilizazioak deitu dituzte asteburu honetarako eskualdeko hainbat herritan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak egin du deialdi orokorra, eta Azpeitiko, Zarauzko, Zestoako eta Zumaiako talde feministek bat egin dute manifestazioak eta elkarretaratzeak deituta.

Israelek Palestinaren kontrako politika kolonialistaren indarrak biderkatu zituela bi urte bete diren honetan, eskualdeko hainbat herritako plazetatik genozidioaren kontrako oihua zabalduko dute asteburuan beste behin ere. Oraingoan, talde feministek egin dute mobilizatzeko deialdia, eta Israelen aurkako boikot kanpainarekin bat egiteko galdegingo diete erakundeei zein herritarrei.

Zumaiako feministek ostiralean deitu dute manifestazioa; 10:00etan abiatuko dira Beheko plazatik. Azpeitian, Zarautzen eta Zestoan, aldiz, zapatuan egingo dituzte mobilizazioak. Azpeitiko Feministen Sareak 12:00etan elkarretaratzea deitu du plazan, Zestoako Mugimendu Feministak bezala. Zarautzen, manifestazioa egingo dute 12:00etan, udaletxe plazatik hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide