Nola sortu zen liburu hau itzultzeko aukera?
Erein argitaletxearen enkargua izan zen. Azkenaldian arrakasta handia izan duten lanak euskaratzen ari da, eta liburu hau itzultzeko aukera niri heldu zitzaidan. Horrelaxe ekin nion prozesuari. Banuen liburuaren berri, arrakasta handia izan zuenez, lagunen batek irakurria zeukalako, baina nik neuk ez nuen ezagutzen zuzenean. Egia esan, ez zen nire radarrean zegoen liburua.
Zentzu horretan, nola jaso zenuen deia? Eta nolakoa izan zen prozesua?
Prozesua oso sinplea izan zen. Posta elektroniko truke bat besterik ez zen izan, eta libre antzera nengoela eta liburua euskaratzeko aukera nuela erantzun nien. Hortik aurrera, irakurgaia jaso, azken xehetasunak findu eta kito. Ez zen zeremonia handiko prozesua izan. Iazko udazkenaren bueltan jaso nuen deia, eta itzultzeko lanak hiruzpalau hilabete iraun zuen. Ondoren, argitaletxeari dagozkion ardura guztiak etorri ziren: edizioa, zuzenketak eta abar.
Ezusteko atsegina izan al da liburu hau euskaratzea?
Itzultzaileok ez dugu literaturaz bakarrik bizitzeko aukerarik izaten. Nik, normalean, beste testu mota batzuk itzultzen ditut, baina nire nahia bada literaturara gerturatzea. Beraz, ezusteko polita izan zen, aukera eman zidalako behingoz literatur itzulpenean murgiltzeko eta, zentzu horretan, poz handiz hartu nuen proiektua. Aitzitik, liburua ez nuen ezagutzen, ez nuen aldez aurretik irakurtzeko aukerarik izan: itzuli ahala irakurtzen joan nintzen. Ulertzen dut liburuaren arrakastaren gakoa zein den. Erraz irakurtzen den lan bat da, arina eta gustagarria, eta irakurlea oso azkar harrapatzen duena. Gainera, badauzka ziurrenik irakurleak sorpresaz hartuko dituen buelta batzuk narrazioan.
Bi emakume jartzen ditu parez pare kontakizunak. Bi emakume ezberdin, nolanahi ere.
Oso garai ezberdinen alabak dira, eta, hein batean, oso ezberdinak dira. Alde batetik, Evelyn Hugo zinema izar arrakastatsua dago, eta 50eko hamarkadatik 2017ra arteko bere istorioa kontatzen du lanak. Parez pare, Monique Grant kazetaria dago, aktorearen egia kontatzeko. Hugo pertsonaia oso anbiziotsua da eta edozer egiteko gai da bere ametsa betetzeko; Grant, aldiz, bizitzako momentu oso ziurgabean aurkitzen da. Oso kontraste handia dago bi pertsonaien artean, baina polita da irakurtzen joan ahala ohartzea badaudela paralelismoak eta, are gehiago, loturak bien bizitzen artean.
Irakurterraza eta arina da, baina «ulerkera konplexua» duela zehaztu zenuen aukezpenean.
Izenburuagatik eta irakurtzen hasi ahala ematen du liburu erromantiko bat izan behar duela. Gero, orriak pasatzen zoazen heinean, konturatzen zara bizitzaren nahikoa ulerkera errealista egiten duela, nahiz eta zinema izarren fantasia horretan girotuta egon. Maitasuna ez dela bat eta bakarra; maitasuna konplexua dela; maitasun erromantikoagoak, sexualagoak edo laguntasunezkoagoak daudela... eta horietan ere bizitzak aurpegi asko dituela erakusten digu. Ez digu soilik pertsona baten alderdi bat erakusten, baizik eta pertsona guztiok ditugun hainbat alderdi: nola izan daitekeen bat zintzoa eta gaiztoa aldi berean; maitasuna gustagarria, mingarria eta kaltegarria izan daitekeela modu berean. Beraz, ez da azalean geratzen den liburu bat, eta gizakiaren konplexutasunaz ideia txukun bat ematen digu.
Hollywoodeko prisma dauka, baina horren Hollywood izan gabe?
Hollywood da, baina badaude jakin badakizkigun eta oso ongi ezagutzen ez ditugun alderdi ilunago horiek. Distira horretatik aldentzen gaitu, eta lokatzetara gerturatu.
Euskaratzeko orduan, erronka zaila izan al da?
Ez dakit zaila izan den, baina zer pentsatua eman dit. Azken finean, euskaraz ez dugu ikusi Hollywooden mundu hori pantaila handian, eta bikoizketa erdaraz jaso dugu Euskal Herrian. Orduan, ez da sekulako erronka izan, baina bere lana eskatu dit mundu hori euskaratzeak; batik bat, kontraste bat sortzeak garaiko Hollywooden eta egungo istorioen artean. Erronka handiena izan da asmatzea nola hitz egiten duen aktore batek euskaraz 50eko hamarkadako Hollywooden; argot hori guztia nola eman euskaraz, alegia.