Gertrud Pielhoff, naturaren behatzaile

Onintza Lete Arrieta 2025ko uzt. 21a, 08:20

Zeramikagilearen seme-alabek eta udal ordezkariek parte hartu zuten ostegun iluntzean erakusketaren irekiera ekitaldi xume eta hunkigarrian, eta irailaren 21era arte haren lanak ikusgai egongo dira Sanz Eneako erakusketa aretoan. 

"'Kaben diez!' esango zukeen gure amak, orain erakusketa bat egitea proposatuko bagenio". Horixe esanez hasi zuen Gertrud Pielhoff (1938-2023) artistari buruz zabaldu duten erakusketako ekitaldia Pielhoffen seme Kristian Pielhoffek. 2023an zendu zen urte luzez Zarautzen bizi izan zen zeramikagile alemaniarra, eta haren lanak jasotzen dituen erakusketa ostegun iluntzean zabaldu zuten Sanz Enean. Irailaren 21era arte egongo da ikusgai, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Semeak amaren bizitzari buruzko hainbat pasadizo kontatu zizkien irekiera ekitaldira gerturatu zen publiko zabalari, eta lehenengo pertsonan egin zuen, bezperan amaren gutun bat jaso zuela irudikatuz. Gutuna euskaraz zegoela, eta berak ere hala irakurri zuen. Esan zuen pixkanaka joera desberdinek elikatu zutela amaren lana, eta bidean oztopoak ere izan zituela, baina bere sormena ez zela inoiz ahuldu. Dena den, erabakitzeko ordua iritsi zela esan zuen, bide horretatik jarraitu ala bere familiari eskaintzea bere burua. "Azkenean, dena utzi nuen haiengatik", irakurri zuen semeak. "Ez dakit artista nintzen. Pasadizo txiki bat kontatuko dizuet: egun batean, etxean Jorge Oteizarekin hizketan ari nintzela, esan zidan: 'Gertrud, nola lortzen duzu kolore eta forma horiekin esmalte horiek sortzea?' Eta nik erantzun nion: 'Jorge, zeramikagilea naiz lanbidez, eta kimikaria ere bai'". Hitz horiekin amaitu zuen hitzartzea Kristian Pielhoffek. 

Marianne Pielhoff alabak ere egin zituen hitz hunkigarri batzuk, eta familiaren lagun batek irakurritako poemarekin amaitu zen ekitaldia.

Aurrez, Garbiñe Oiarbide zinegotziak ere hartu zuen hitza. Hark nabarmendu zuen zeramika garaikidean egindako lan berritzaileagatik dela ezaguna Pielhoff, eta berak egindakoak "meritu bikoitza" duela iritzi zion, garai hartan ez baitzen batere erraza emakume batek bere ibilbide artistikoa jorratzea.

Oiarbidek esan zuen Pielhoff "aski ezaguna" izan zela Zarautzen "artearekin zuen loturari esker", eta horren inguruan,  gaineratu zuen "lan handia" egin zuela Aiako tailerrean eta Artezaleaken: "Lan horien tamainakoa da toki horietan utzitako aztarna ere, eta horregatik poz handia ematen dit bere lana eta izena gogora ekartzeak", esan zuen Oiarbidek. Gogoratu zuen Alemaniako Nurenbergeko arte eskolan ikasitakoak Zarautzera ekarri zituela, eta "bertako inguruneak haren lana aberastu" egin zuela gaineratu zuen. "Olatuen indarrak eta arroken etengabeko higadurak inspiratu zituzten bere obra asko, eta forma naturalen esentzia harrapatu eta zeramikan islatzeko trebetasun handia izan zuen".

Naturaren behatzaile

Gertrud Pielhoffen erakusketari buruzko liburuxkak Sanz Enean daude eskuragarri, eta bertan, Ismale Manterola arte aditu zumaiarraren hitzartzea dago. Hark azaltzen du Pielhoffen lana zeramikak ematen dituen aukera guztiak aztertzean datzala, eta Pielhoff behin baino gehiagotan saiatu zela ontziak bolumen bihurtzen, "hutsaren eta betearen arteko bikoiztasunari uko eginez".

Manterolak dio zeramikagileak buztina erabili zuela forma geometrikoak sortzeko eta, forma geometriko horien elkarketen bidez, espazioarekin harremanak sortzeko. "Orokorrean bolumen beteak iziaten badira ere, konbinaketen bidez, beste edozein materialen bidez eraikiko genituzkeen formak sortu zituen. Espazioa mugatzeko ikerketak buztin-plantxen bidez abiatzen ditu, eskultura bereziak sortu arte". 

Jorge Oteiza eskulturgilearen eragina ikusten du hor arte adituak. "Baina ez dut uste formetara mugatu nahi zuenik bere lan artistikoa", gaineratzen du Manterolak. "Alderdi analitiko formaletik kanpo, bazegoen Pielhoffi interesatzen zitzaion beste zerbait: naturaren behaketa". Eta azaltzen du buztina lurretik datorrela, geologiaren produktu bat dela, eta beraz, material egokia iruditu zitzaiola Pielhoffi lurraren bilakaerak utzi zituen markak irudikatzeko. Horrek Pielhoffen lanaren oinarrian "garrantzia handia" zuten ehunduretara garamatza dio. Izan ere, esmalteen eta koloreen bidez buztinezko ontzien itxurak eraldatu edo horietan esperimentatu daiteke. "Baina artistak, urrutirago joanda, materiala bera naturan azaltzen diren formen parte bihurtu nahi zuen. Buztina, geologiak ematen digun material bigun, malgu eta moldakor hori, gogor eta hauskor bihur dezakegu suaren edo beroaren bidez. Eraldaketa horrek lurraren zikloei buruz hitz egiten digu eta, horregatik, Pielhoffen eskultura batzuk ikusten ditugunean, lurraren historia irudikatzen digute. Berari hainbeste gustatzen zitzaion euskal kostan dauden geruza bertikalen pareko bihurtzen ditu bere lanak, flysh delakoari buruz inork hitz egiten ez zuen garaian". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide