Zarauzko Udalak debekua eta zentsura erabiltzen ditu. Ez da kontu berria, baina bai larria. Azken urteetan hamaika izan dira herriko ekimen eta eragileok espazio publikoa erabiltzeko jasan ditugun oztopo eta debekuak.
Duela ia hilabete, larunbat honetan Frontoi Txikin turismoari buruzko hitzaldi bat egiteko eskaera egin genuen. Aste luzez erantzunik eman gabe egon ostean, Zarauzko Udalak kobratu egin nahi digu orain: metro karratuko 5 euro (!), hain zuzen ere. Bai, hala da, inolako interes pribatu eta irabazi-asmorik gabe, kezka-iturri den gai sozial bati buruzko hitzaldia antolatzeagatik kobratu nahi dio herriko eragile bati.
Gertakari hau, ordea, ez da anekdota hutsa; autoritarismo sistematiko baten islada baizik. Esaterako, Udal Gobernuak Lege Zaharren Enparantza erabiltzea debekatzen du, bertan “udalaren ekimenak bakarrik” antolatu daitezkeela esanez. Santa Klara uztea ere ukatu izan du, “baimena emateko irizpideak oraindik zehaztu gabe” zeudela argudiatuz. Erabat hipokrita eta salagarria iruditzen zaigu, Erdi Aroko azoka eta Los 40 Summer Live bezalako ekimenetan enpresa pribatuei alfonbra gorria jartzen zaien bitartean, herriko eragile politiko, sozial eta kulturalak modu horretan baztertzea.
Aldarrikapenak ere ez daude debekutik salbu. Xabier Txurruka alkatea bera propaganda kentzen aritu izan da maiz, eta aurreko asteburuan horixe egin zuen gure kartelekin, horretarako baimenik ez genuela esanda. Gainera, udal brigadari deitu zion, beren ohiko ordutegietatik kanpo propaganda guztia kendu zezaten aginduz. Kartelengatik seinalatua sentituko zen beharbada, turismoaren negozioaren erantzuleak borrokatzeko deia egiten baitzen haietan.
Aldarriak egiteko eta ekimenak antolatzeko eskubideak oinarrizko printzipio izan behar luke. Izan ere, espazio publikoa herritarrona da: gure kezkak, kritikak eta proposamenak adierazteko tokia. Baimenak eta debekuak arbitrarioki erabakitzen dituen udal gobernuak, ordea, bere interes partidistetatik aldentzen den oro oztopatzeko hautu argia egin du. Jauntxokeria eta autoritarismo honi aurre egin behar diogu, oinarrizko eskubide eta askatasunak baitira jokoan daudenak.
Guk kaleak aldarriz betetzen jarraituko dugu, eta hausnartzeko, antolatzeko nahiz borrokatzeko espazioak sortzen. Ez da Udal Gobernurik, hori geldi dezakeenik. Hortaz, larunbat honetako hitzaldian eta abuztuaren 2ko manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu, turismoaren negozioari aurre egiteko. Oztopo guztien gainetik, gure arazoen erantzuleak seinalatzen eta borrokatzen jarrai dezagun.