Denboraren joanak utzitako orbanen oroigarria ikusgai

Aiora Arriola 2025ko uzt. 16a, 10:45

Manu Urbietaren koadroak, Arkami galeriako horman. (Utzitakoa)

Manu Urbieta sortzaile zarauztarrak erakusketa irekiko du gaur Zarauzko Arkami galerian. Burdinarekin, harriarekin eta egurrarekin egindako lanak bildu ditu.

Manu Urbietak azken urteetako lanen bilduma jarri du ikusgai Zarauzko Arkami galerian, eta horien artean eskulturak zein margolanak aurki daitezke. Lanak sortzerakoan, burdina, harria eta egurra bezalako materialak batera erabili ditu, elkarren arteko oreka bilatuz. "Ehundurari, koloreari eta formari esanahi zehatz bat eman gabe sortzen ditut egiturak, hiru osagai horien bitartez", esan du artistak. Urbietak sorkuntza prozesua senarekin eta materialekiko harreman fisikoarekin lotzen du, ikuslearen interpretaziorako espazio zabala utziz.

(Utzitakoa)

Denbora, altxor

Piezak aurkitzen joan ahala, sortzaileak balio handiko elementuak eraikitzen ditu. Bere lanak ez dira hutsetik abiatzen, memoria duten objektuetatik baizik: mendian galdutako egur zatiak, habe usteldua, burdin zatiak... baliatzen ditu. Objektuek berezko historia dute, eta Urbietak artearen bitartez berrinterpretatzen ditu. "Higadurak, denborak… material hori eraldatu egiten du. Burdinean denboraren markak egoteak erakarri egiten nau, ehundura berezi horrek", azpimarratu du sortzaileak. Sorkuntza prozesuan funtsezkoa da objektu horien izaera zahartua: oxidazioa, pitzadurak, arrakalak, denborak utzitako orbanak... ageri dira. "Baserri zahar batean beti dago denboraren eragin hori", azaldu du zarauztarrak.

Gaur, 19:00etatik aurrera, Arkamiko erakusleihoaren atzera bertaratzen direnek aukera paregabea izango dute artistarekin solasean aritzeko. Koloreen indarraz edo burdin herdoilduaren jatorriaz hitz egingo dute, Urbietak bere sormen prozesuari eta materialekin duen harreman bereziari buruz jardungo baitu irekiera ekitaldian.

Gainera, zarauztarraren artelanez gozatu bitartean, zerbait jan eta edateko aukera ere egongo da, giro goxo eta lagunartekoan.

(Utzitakoa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide