EH Bilduren udal taldeak Emakumeen Etxearen kudeaketa ereduari buruz egindako proposamenaren aurrean, Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak irmoki erantzun dio. Koalizio subiranistak egindako planteamendua "baztertu" egiten duela adierazi du, udala "zeregin ekonomiko hutsera" mugatu nahi duelako.
Zentzu horretan, "Berdintasun sailak bultzatutako eredua Zarauzko emakume guztien pluraltasuna, gardentasuna eta parte hartze eraginkorra bermatzeko modurik onena" dela nabarmendu du Berdintasun saileko zinegotzi Gloria Vazquezek.
Zinegotziak aditzera eman du Emakumeen Etxean egiten ari diren lanaren eta helburu nagusien "gehiengoarekin bat" egiten duela EH Bilduk, hala nola emakumeen partaidetza bultzatzearekin, ikuspegi feminista lanaren ardatz gisa hartzearekin, ahalduntze programak sustatzearekin eta topaguneak eta aholkularitza zerbitzuak eskaintzearekin. Eta hori dena begi onez eta "pozez" ikusten duela gaineratu du.
Desadostasuna, baina, kudeaketa ereduan dago. "EH Bilduk Berdintasun saila baztertzen duen autokudeaketa eredu baten alde egiten duen bitartean, udalak ezinbestekotzat jotzen du sail horren parte hartze aktiboa", dio udalak. Vazquezen esanetan, beraien konpromisoa beti izan da "argia", eta Berdintasun sailak «aktiboki parte hartu» behar du Emakumeen Etxearen kudeaketan. "Gure helburua da espazio feminista plurala eta irekia eraikitzea, Zarauzko emakume guztiak entzungo eta hartuko dituena, inolako salbuespenik gabe, eta ez soilik ingurune politiko jakin bati lotutakoak", zehaztu du.
Batzarra eta mahaia
Emakumeen Etxearen egungo eredua «kudeaketa instituzional parte hartzailea» dela azpimarratu nahi izan du udalak. Era berean, ondorengoa ekarri du gogora: "Gaur egun batzar bat dago —non EH Bilduko zinegotziek parte hartu duten—, eta parte hartze mahaia ere badago, emakume elkarteek, auzotarrek, Berdintasun sailak eta Emakumeen Etxeko koordinatzaileak osatua. Mahaia hau, mugimendu feministari ere irekia dago, hilero biltzen da jarduerak elkarrekin eztabaidatu eta diseinatzeko".
Gainera, gaiari jarraiki, Vazquezek zorrotz azpimarratu du partaidetza ez dela "eslogan bat" beraientzat, "errealitatea baizik". Hori horrela, Zarauzko emakume, kolektibo eta feminista guztiak gonbidatu nahi ditu "prozesuarekin bat egitera eta euren ahotsa gehitzera".
Horrez gain, gezurtatu egin du ohiko ordutegitik kanpo espaziora sartzeko sistemarik ez duenik Emakumeen Etxeak. Eremua giltza programagarri bidezko sistemaz hornituta dagoela jakinarazi du udalak, eta "horrek espazioa erabiltzeko aukera ematen du ordutegi zabalagoan, betiere pertsona arduradun bat badago".
EH Bilduri zuzendutako oharra biribiltzeko, Berdintasun zinegotziak adierazi du lanean jarraituko dutela Emakumeen Etxea "espazio feminista, harrera ona ematen duena, eraldatzailea eta plurala" izan dadin. "Emakumerik gabe ez dago Emakumeen Etxerik, eta pluraltasunik gabe, ezinezkoa da eraldaketa".