Pike sanoa eta jostalaria, Bertso Astearen errezeta

Aritz Mutiozabal 2025ko uzt. 12a, 10:30

Zarauzko Motxian-Etxebeltz eta Lasarte-Oriako Earrak! bertso eskolako gazteak lagunartean aritu ziren atzo herri kiroletan eta Bertso Desapiyuan. Horrez gain, Maddalen Arzallusek Basarri saria jaso zuen iluntzean.

Bertso Egunarekin borobilduko du gaur Motxia-Etxebeltz Bertsoguneak, beste urte batez, Zarauzko Bertso Astea. Lagunartean zirikatzeko eta ondo pasatzeko jardunaldia izango dute herriko bertsolariek, eguerditik aurrera tabernaz taberna egin ohi duten Txepelketarekin eta Urperkoak elkartean izango dute lagunarteko bazkariarekin.

Astea, ordea, ez da etxekoen artean bakarrik geratzen. Herritarrekin partekatzeaz gain, beste herri batzuetako bertso eskolekin ere ospatzen dute, eta aurten Lasarte-Oriako Earrak! taldea gonbidatu dute. Atzokoan pike sanoa bezain jostaria izan zuten bi bertso eskolek; arratsaldean, Frontoi Txikin, eta gauean, Santa Klarako elizan.

Bertso herri kiroletan neurtu zituzten indarrak zarauztarrek eta lasarte-oriarrek Alde Zaharreko frontoian, herritarren bistara. Askotariko jolasak egin zituzten elkarren artean, Oier Aizpurua bertsolaria epaile lanak egin zituen bitartean, eta Julen Zulaika eta Iñigo Mantzizidor Mantxi bertsolariek komentarista lanak; hiru horiek bertsotan osatu zituen euren lanak.

Iluntzean, herri kiroletan aritutako kideak Bertso Desapiyuan aritu ziren, oraingo honetan bertsotan; Amaia Urbieta Arruti aritu zen gai-jartzaile lanetan. Hasiera batean, Torre Luzeko parkean zegoen antolatuta jaialdia, baina euria iragarrita zegoenez, lekuz aldatzea erabaki zuten antolatzaileek. Gazteak bat-batean hasi aurretik, baina, Zarauzko Udalak Basarri bertsopaper lehiaketako saria eman zion Maddalen Arzallusi, Santa Mañako alaba zinan bertso sortagatik.

Irune Urbieta Kultura zinegotziak jantzi zion garailearen txapela bertsolari hendaiarrari. Jarraian, bere lanaren gaia eta nondik norakoak azaldu zituen irabazleak, eta gitarraz lagunduta bertso sorta osatzen duten 18 bertsoak abestu zituen, bertaratu ziren guztien gozamenerako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide