Zarautzen Biziko ekarpenak, etxebizitzen inguruko araudia aldatzeko abiapuntu

Aritz Mutiozabal 2025ko uzt. 12a, 10:00

Hausnarketa prozesuan ateratako ondorioak azaltzeko ekaineko bilera, Etxezabalan. (Zarauzko Udala)

Etxebizitzen eta behe solairuan inguruko parte hartze prozesuaren balorazioa egin du Zarauzko Udalak. Espero baino parte hartze txikiagoa izanagatik, "kualitatiboki emaitza oso ona" izan dutela azaldu du. Jasotako ekarpenak kontuan hartuta, udalak ordenantzak aldatzeko eta zenbait neurri aztertzeko prestutasuna erakutsi du.

Zarauzko Udalak Zarautzen Bizi prozesua abiatu zuen udaberrian, etxebizitzaren eta kale izaeraren egoerak herritarrekin jorratzeko asmoarekin. Guztira, bost lan saio egin dituzte, maiatzaren 13an hasi eta ekainaren 17ra arte, eta parte hartze foroetan hogeita bat herritarrek hartu dute parte. Alde horretatik, gaiak herrian duen garrantzia kontuan izanda, parte hartze zabalagoa espero zuela aitortu du udalak. Edonola ere, jasotako emaitzarekin gustura agertu da, eta zenbait araudi aldatzeko prestutasuna ere azaldu du.

Aditzera eman duenez, parte-hartzaileen gehiengo zabal bat "gustura edo oso gustura" azaldu da prozesuarekin, baita metodologiarekin ere. Emandako informazioa "bereziki" ongi baloratzeaz gain, asko eskertu dute konplexuak diren gaiak ulerterraz egiteko esfortzua. “Talde motorrak egin duen lana eskertu digute parte hartzaileek, eta, era berean, talde motorra ere oso eskertuta dago parte hartzaileek izan duten inplikazioarekin eta konpromisoarekin”, adierazi du Hirigintza, Etxebizitza eta Partaidetza zinegotzi Garbiñe Oiarbidek.

Prozesuan jaso diren ekarpenak kontuan hartuta, Udal Etxebizitza Tasatuen Ordenantza eta Lokalak Etxebizitza Bihurtzeko Ordenantza aldatzeko zirriborroak prestatuko dituela jakinarazi du udalak. Halaber, parte-hartzaileek egindako ekarpenen ildotik aztertuko dute nola arautu Apartamentu Turistikoak eta Etxebizitza zein Logela Turistikoak. Proposamen gehiago ere jaso zituzten, hala nola merkataritzaren inguruko ekarpenak eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko ekarpenak, eta horiek guztiak banan-banan aztertu eta landuko ditu udalak, bakoitzari dagozkion neurriak lantzeko.

Ekainean egin zuten hausnarketa prozesuan ateratako ondorioak azaltzeko bilera, eta  azken saio hartan adierazietakoa berretsi du Hirigintza, Etxebizitza eta Partaidetza zinegotziak: "Prozesu honek hasiera baino ez dio ematen lanketari, eta aurrerantzean ere izango da bertan landutako gaietan parte hartzeko aukera. Izan ere, prozesu honetatik abiatuta prestatuko ditugun proposamenak berriz ere partekatuko dtitugu herritarrekin eta eragileekin". Bide batez, prozesuan bidelagun izan dituzten guztiek "egindako lana eta erakutsitako konpromisoa" eskertu nahi izan du.

Jatorria azterlanean

Zarauzko Udalak Zarauzko etxebizitzaren egoerari eta etxebizitza eta apartamentu turistikoen eraginari buruzko azterlana aurkeztu zuen iaz –etxebizitzaren eta behe solairuetako lokalen inguruko datuak jasotzen ziren bertan–,  eta, izatez, ikerlan hori izan da Zarautzen Bizi hausnarketa prozesuaren jatorria. Beraz, ariketaren helburu izan du herritarrekin eta eragileekin Hirigintza eta Etxebizitza arloetan udalak hartu beharreko hainbat erabaki partekatzea. Oiarbideren esanetan, “iritzi eta behar desberdinak ezagutu nahi genituen, eta interes desberdinak dituztenek elkarri entzunez oreka bilatu”

Zinegotziaren ustez, "hein handi batean" helburuak bete dituzte. "Ikuspuntu desberdinak zituzten pertsonak elkartu ditugu, eta gai izan dira sarritan konplexuak diren hirigintzako arauak ulertu eta barneratzeko, baita ezagutza horrekin ekarpenak egiteko ere. Gainera, kasu askotan, elkarri entzunez adostasunak ere lortu dira”.

Prozesuaren berri ohiko moduan emateaz gain, gonbidapen zuzenak helarazi zituen udalak: 180 gonbidapen bidali zituzten, gizarteako esparru ezberdinetako eragileei eta udalak abian jarritako aurreko prozesuetan parte hartu iduten herritarrei. “Gizartearen ordezkaritza ahalik eta zabalena lortzea genuen helburu eta ahalegin berezia egin genuen horretan”, azaldu du Oiarbidek.

Azkenean, hogeita bat lagun izan dira saioetara bertaratu direnak. “Etxebizitzaren gaiak gure gizartean hartu duen zentralitatea kontuan hartuta, parte hartzaile kopuru handiagoa espero genuen”, onartu du zinegotziak. Kuantitatiboki parte hartzea arrakastatsua izan ez bada ere, "kualitatiboki emaitza oso ona" izan duela uste du, eta prozesuan jasotako ekarpenak "oso baliagarriak" izango direla nabarmendu du aurrerantzean hartu beharreko erabakiak hartzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide