EH Bilduk parte hartze aktiboaren aldeko kudeaketa proposamena egin du Emakumeen Etxerako

Aritz Mutiozabal 2025ko uzt. 13a, 10:00

Emakumeen Etxeko sarrera. (Guka)

Abian da Emakumeen Etxea kudeatzeko lizitazio berria, eta proposamenak aukezteko azken eguna hilaren 29a izango da. Zarauzko koalizio subiranistare iritziz, "emakumeentzako izan behar du, eta emakumeek kudeatua, udalaren babesarekin".

Herriko emakume taldeekin eta eragile feministekin elkarlanean landutako Emakumeen Etxea berregituratzeko proposamena aurkeztu dio EH Bilduk Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotziari. "Helburua da Emakumeen Etxea erreferente izatea, saregintzarako eta ahalduntzerako gunea, emakumeek beraiek gidatua eta udalarekin elkarlan horizontalean eta gardenean oinarritutakoa", aditzera eman du koalizio subiranistak. Proposamenean lau oinarri nagusi jaso dituzte: ikuspegi feminista, intersekzionalitatea, komunitatearen ikuspegia eta ahalduntzea.

Hain zuzen ere, Emakumeen Etxea kudeatzeko lizitazio berria martxan da, eta uztailaren 29an amaituko da proposamenak aurkezteko epea; urte amaierarako aurreikusten da behin betiko erabakia hartzea. Horren aurrean, EH Bilduk Emakumeen Etxearen "norabide berria marrazteko" kudeaketa proposamena egin du, oinarrian "emakume guztien ahalduntzea eta parte hartze aktiboa" jarrita.

Koalizioaren iritziz, "Emakumeen Etxeak emakumeentzako izan behar du, eta emakumeek kudeatua, herritarren parte-hartze aktiboarekin eta udalaren babesarekin". Era berean, urrats sendoak egitea ezinbestekotzat jo du gobernantza feminista eta herritarra eraikitzeko orduan, "eskubideak eta ahalduntzea benetan erdigunean jarriko dituen proiektu bat gauzatzeko".

Eredu "hierarkikoa"

Emakumeen Etxeak duela bost urte ireki zituen ateak, 2020ean, baina koalizioak gogora ekarri du proiektu horren erroak "herriko emakumeen ekimen eta aldarrikapenetan" daudela. Azken urteetan, ordea, udalaren aldetik egon den kudeaketa eredua "hierarkikoa" izan dela iritzi dio. "Ez du behar bezala aitortu mugimendu feministaren rola, ezta herriko aniztasunaren isla den eragileen ekarpena ere", nabarmendu du.

Eragile eta norbanako feminista ezberdinen ekarpenetatik abiatuta, "hainbat gabezia larri" identifikatu ditu egungo Emakumeen Etxearen funtzionamenduan. EH Bilduren esanetan, espazioan ez dago "benetako autogestiorako aukerarik", ezta taldeek "beraien kabuz" biltzeko modurik ere. Horretaz gain, etxearen ordutegia oso mugatua dela gaineratu dute: "Ez dago giltza kudeatzeko bestelako eredurik, eta horrek zaildu egiten du topaketak eta antolaketa espazio gisa jardutea".  Bestalde, "erabiltzaile askoren ustez, espazioa txikiegia da gaur egun, eta ez dago bilera-gela handirik herriko eragile feminista ezberdinak elkartzeko moduan", koalizioak jakitera eman duenez.

Berdintasun zinegotziari aurkeztutako proposamenak, gainera, etxearen eguneroko funtzionamendua eta erabaki-guneen antolaketa ere zehazten ditu. Beste herri batzuetako esperientziak aztertu ondoren, EH Bilduk bi egitura nagusi jarri nahi izan ditu mahai gainean: bata, batzarra da, erabaki-gune nagusia litzatekeena, eta bestea, koordinazio mahaia, eguneroko jardueraren jarraipenerako.  Ahalduntze eskola, elkargune tematikoak eta aholkularitza zerbitzuak nabarmendu dituzte etxearen jardueren eskaintzan, "emakumeen behar eta interesetara egokituak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide