Zarauzko Udalak eta Emakumeen Etxeak elkarlanean antolatuta, Emakume Sortzaileen Azoka egingo dute hirugarren urtez. Uztailaren 19an izango da aurten, eta hainbat artisten proiektuak ezagutu ahal izango dira malekoian zein Emakumeen Etxearen aurreko plazan jarriko dituzten postuetan.
"Emakumeei egiten duten sorkuntza lana herritarren aurrean erakusteko aukera ematea" da azokaren helburu nagusia, Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotziaren esanetan. Izan ere, "beste hainbat esparrutan gertatzen den bezala, artisautzan ere emakumeen lanak bigarren plano batean geratzen dira askotan". Zinegotziak dio Berdintasun departamentuaren lana "horri aurre egitea" dela, beraien lanari "ikusgarritasuna emanaz".
Aurreko bi edizioek "erantzun ona" izan zutela ere berretsi du Vazquezek, "giro oso polita sortu baita horietan". Arrakasta horri jarraipena eman nahian, herritar zein bisitari guztiak animatu ditu azokan buelta bat eman, proiektuak ezagutu eta erosketak egitera.
Produktu esklusiboak
Egun osoan zehar egongo da azoka zabalik: 10:30etik 19:00etara bisitatu ahal izan da, eta goiz partean trikitilari taldeak musikarekin alaituko du giroa. Arratsaldean, berriz, haurrentzako sormen tailerrak ere jarriko dituzte, 17:00etan hasita.
22 postu izango dira guztira, zarauztarrenak zein inguruko herrietako sortzaileenak, eta horietan hainbat diziplina baliatuta sortutako produktuak ikusi eta erosteko aukera egongo da: esaterako, marrazkiak, bitxiak, paperarekin egindako lanak, margoak eta poltsak eskuratu ahal izango dira. Horiek guztiak artisau ekoizpenekoak dira.
Azucena Anton da parte hartuko duen emakumeetako bat. Han eta hemen aurkitzen dituen gauzak birziklatu eta pieza berriak sortzen du berak. Besteak beste, paperarekin eskulturak egitea du gustuko Antonek. Susana Esparzak, berriz, akuarelarekin pintatzen du. Esaterako, koadroak, poltsak eta paretak apaintzen ditu, "autoezagutza lantzeko eta gauza berriak egiten ikasteko". Mila Zubizarretak ere margolanak jarriko ditu azokan. "Sentimenduak adierazteko" erabiltzen du artea berak, eta egindakoa jendaurrean erakusteko "gogotsu" dago.