Gaztenek egitasmoko nekazari gazteek eta Jakoba Errekondok eskaini dituzte Ongizatearen Plazako goizeko saioak

Mireia Galarza Bastida eta Ekaitz Etxabe 2025ko uzt. 10a, 15:30

Gaztenek egitasmoko nakazari gazteek ireki dute Ongizatearen Plaza egitasmoko bigarren eguna. Haiek beren esperientziak partekatu dituzte jendaurrean. Ondoren, Jakoba Errekondok elikadura arduratsuaz eta jasangarriaz hitz egin du. Arratsaldean Altxa Burua egitasmoa izango dute hizpide, eta gero musika saioa eskainiko dute.

Gaur goizean eman diote hasiera Ongizatearen Plaza egitasmoaren bigarren egunari. 10:00etan Gaztenek egitasmoko nekazari gazteen txanda izan da. Lehen sektorean ekiteko asmoa duten hemeretzi gazte eta haien proiektuen laguntzaileak Malekoian elkartu dira, Eider Mendoza diputatu nagusiarekin, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin eta Arantxa Ariztimuño Nekazaritzako foru zuzendariarekin.

Gazte horiek beren bizipenak partekatu dituzte, eta landa eremuko egunerokoa nola bizi duten azaldu dute; zein erronkarekin egiten duten topo eta etorkizunari begira zer aukera ikusten dituzten azaldu. Esperientzia pertsonaletik abiatuta, erreleboaren beharraz-eta aritu dira solasean.

Hain zuzen, erronka horiei erantzuteko xedez sortu zuen Gaztenek programa Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek, eta aurten 21. aldia beteko du. 2005az geroztik, 362 gipuzkoarrek jaso dute lehen sektorean aritzeko prestakuntza egitasmo horren bidez, familia ustiapenaren kudeaketa beren gain hartuz edo nekazaritza eta abeltzaintzako proiektua abian jarriz. Aldundiak adierazi duenez, gainera, Gipuzkoan programa horren esparruan hasitako proiektuen %90ek bizirik jarraitzen dute.

Aurtengo edizioan parte hartzen ari diren hemeretzi gazteetatik lau lehen aldiz ari dira sektorean, eta gainerakoak, familia proiektuen lekukoa hartzeko ari dira prestatzen. 21 eta 38 urte bitartean dituzte horiek, eta eskualdekoak ere badira tartean, hala nola Aizarnazabalgo, Azpeitiko, Getariako, Zestoako eta Zumaiako herritar bana. Gazte horiek haragitarako behien nahiz ardien hazkuntzarekin, erlezaintzarekin, txanpiñoien laborantzarekin, mahastizaintzarekin, frutagintzarekin eta erruteko hegaztiekin lotutako proiektuak ari dira garatzen.

Ez dira, baina, Gaztenek programako kideak izan goizeko protagonista bakarrak. Haien ostean, Jakoba Errekondoren txanda izan da. Paisajista, agronomo eta agroekologian adituak elikadura arduratsuaren eta jasangarriaren gakoak azaldu ditu. Errekondo bertako eta garaiko produktuen kontsumoa sustatzearen garrantziaz aritu da, eta haren solasaldia entzutera joandakoek aukera izan dute alderak egiteko eta testigantzak partekatzeko.

Arratsaldean, gehiago

Arratsaldeko saioari 18:00etan emango diote hasiera. Miren Rosek eta Amaia Elorzak Altxa Burua egitasmoa aurkeztuko dute. Mugikorrek eta teknologia digitalen erabilerak gazteen ongizatean duten eraginaz hitz egingo da horiek, zehazki. Solasaldi irekia eta parte-hartzailea izango da, eta arretan, harreman sozialetan eta osasun mentalean teknologiaren erabilerak dakartzan erronkak eta aukerak aztertuko dituzte.

Bi eguneko Ongizatearen Plaza egitasmoa amaitzeko, 20:00etatik aurrera, musika saioa eskainiko dute Miren Fernandezek, Aitor Furundarenak eta Antxon Sarasuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide