Turismoaren negozioaren aurkako manifestazioa deitu dute Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak, datorren abuztuaren 2rako, Zarautzen; 12:00etan jarri dute hitzordua, eta Lege Zaharren Enparantzatik abiatuko da.
Mobilizazioaren aldarriak eta arrazoiak hainbat direla azpimarratu dituzte: batetik, turismoaren negozioak "bertako langileongan eragiten dituen kalteak" nabarmentzea, "etxetik kanporatzea eta bizi- zein lan-baldintzen prekarietatea"; bestetik, turismotik "aberasten diren enpresarien eta errentadunen erasoei" aurre egiteko; eta, azkenik, "instituzioek eta politikariek duten erantzukizuna" seinalatzea.
Kostaldeko herriak "izugarrizko irabazi iturri" dira turismotik negozioa egiten dutenentzat, Kontseilu Sozialistaren eta Etxebizitza Sindikatuaren arabera. "Saldu nahi dizkiguten postaletako hiri idilikoen atzean, ordea, bertako langileon miseria eta esplotazioa ezkutatzen dira". Halaxe azaldu zuten, larunbat goizean, Dama parean eginiko agerraldian.
Etxebizitzaren arazoa
Turismoaren negozioaren "aurpegirik gordinena" etxebizitzaren arazoa dela azpimarratu dute, eta, zentzu horretan, kontuan hartzeko datuak eman dituzte. "Zarautzen 197 etxe turistiko daude jada, eta. guztira, turistentzako 4.229 plaza [hotelak, pentsioak eta gainerako ostatuak kontuan hartuta]. Bestetik, 2.416 etxe hutsik daude edo bigarren etxebizitzak dira. Hau da, Zarauzko hamar etxetik hiru ez dira jendearen ohiko bizileku, oporraldia igarotzeko edota turistei alokatzeko baizik".
Erabilera turistiko horrek "gentrifikazioa indartzea" eta "prezioak garestitzea" dakarrela zehaztu dute. Haien esanetan, alokairua %40 garestitu da azken hamarkadan, eta merkatuan mila eurotik beherako eskaintzarik ez dago. "Gainera, ohiko praktika bihurtu da denboraldiko alokairu kontratuak egitea, udan turistei alokatuta irabaziak handitzeko".
Etxebizitza bat erostea, berriz, ezinezkotzat jo dute "gehienontzat". Izan ere, "Zarautz da Gipuzkoako metro koadro garestiena duen herria, eta etxebizitza berrien prezioa 500.000 eurotik gorakoa da. Negozio borobila eraikuntza- eta higiezin-enpresa nahiz espekulatzaileentzat. Herritar asko, berriz, etxebizitzarik eskuratu ezinik, kanporatuak izaten ari gara".
Lan prekarioa
Turismoari lotutako lanei ere erreparatu die Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak, "prekarietatea nagusi" dela islatuz. Ostalaritzan eta udako bestelako lanetan, "ezegonkortasuna, soldata baxuak eta eskubideen urraketak" eguneroko ogia direla aditzera eman dute: "Laneko esplotazio horretatik, enpresariek milaka euroko irabaziak lortzen dituzte".
Instituzioek turismoaren negozioa "baimentzen eta bultzatzen" dutela ere salatu dute, "gure herriak mapan kokatzeko helburuarekin". Adibide gisa, Los 40 Summer Live bezalako ekimena aipatu dute, halakoetan "dirutza" gastatzen dutela nabarmenduz. Aitzitik, "herriko eragileoi espazio publikoa erabiltzea oztopatzen edo debekatzen zaigu maiz".
Emandako argudioen aurrean, Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatuak iritzi diote badela garaia egoeraren "erantzuleak seinalatu eta borrokatzeko". Hori horrela, abuztuaren 2an egingo duten manifestaziora bertaratzeko deia egin dute.