Uda sasoia baliatuz, bisita gidatuak antolatu ditu beste urte batez Zarauzko Udaleko Ingurumen departamentuko Eraztun Berde Urdinak. Datorren ostiralean izango da lehenengoa, eta hezeguneen ibilbidea egingo dute parte hartzaileek bertan. Hezeguneak ezagutzeko aukera ez ezik, Arkamurkako eta Iñurritzako ibilbideak ezagutzeko bisitak ere eskainiko ditu EBUk datozen hilabeteetan.
Udalak argitu duenez, Arkamurkako eta hezeguneetako bisitak ostiral arratsaldeetan eskainiko dituzte, txandaka; Iñurritzakoa, berriz, larunbat goizetan, bi astetik behin. Zehazki, uztailean eta abuztuan izango dira saioak, eta azkena irailaren 6an izango da.
Irteerak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko direla ere argitu dute, eta horregatik bi talde antolatuko dituzte irteera bakoitzean.
Bisita gidatuetan naturagune horien ezaugarriak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek; hala nola eremu bakoitzeko habitatak, fauna, flora, hidrogeologia, paisaia, espazioaren kudeaketa, babes-figurak, kudeaketa-planak, orain arte egindako berreskuratze lanak eta hemendik aurrera egingo direnak.
Lehena, etzi
Udako lehen irteera ostiral honetan, uztailaren 4an, izango da. 18:00etan jarri dute elkartzeko hitzordua, suhiltzaileen biribilguneko autobus geltokian. Bertan abiatuko dute hezeguneen bisita, hain zuzen.
Datorrena uztailaren 11n egingo dute. Arkamurka ibilbidea izango da burutuko dutena, 18:00etan Aldapetako igogailutik abiatuta. Uztailaren 12an, berriz, Iñurritza ibilbidea osatuko dute, 10:00etan Borghettotik abiatuta.
Bisita gidatuetan parte hartzea doan izango da, baina plazak mugatuak izango dira; gehienez 20 pertsonako taldeak osatuko dituzte, eta beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Horretarako, Zarauzko Turismo Bulegora joan edo deitu daiteke, baita zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera idatzi ere.
Urtetik urtera sendoago
EBUk 2018an antolatu zituen lehen aldiz irteera hauek, eta bertako zinegotzi Gloria Vazquezen esanetan, ordutik "sendotu eta indartu" egin da proiektua. Ildo beretik, joan den udan 140 pertsonak parte hartu zutela gogorarazi du.
"Azpimarratzekoa da zarauztarrek naturarekiko duten interesa eta natura zaintzeko duten kezka", gehitu du Vazquezek. Bisita gidatuen helburuak zeintzuk diren ere esan du: Eraztun Berde Urdinean dauden ekosistemen ingurumen-balioa ezagutaraztea, natura zaintzea helburu duen azpiegitura berdea sustatzea eta herritarrak ingurumen-balio horietan sentsibilizatzea, hain zuzen ere.
Herritarrekin ez ezik, ikastetxeetako ikasleekin ere egiten dituzte bisita gidatuak. Esaterako, aurtengo ikasturtean 517 ikaslek parte hartu dute irteeretan.