Etxeko lasterketa iritsi da. Gaur hasi da Euskal Herriko Itzulia. Hiru etapa izango ditu: Zumarraga-Agurain (148,5 km), Ugao-Igorre (116 km) eta Donostia-Donostia (112,6 km). Gogotsu ekingo dio Usoa Ostolazak (Zarautz, Gipuzkoa, 1997). Espainiako Vueltan hamabigarren izan berri da, eta, etxean atseden hartzeko egun gutxi batzuk izan ostean, berriro ere sasoiko dagoela erakusteko irrikaz dago.
Ondo sentitu zara Espainiako Vueltan. Konfiantzaz egongo zara, ezta?
Konfiantzaz oso ondo nago, zalantzarik gabe. Espero baino hobeto ibili naiz, eta horrek sekulako indarra eman dit Itzulirako.
Munduko ziklistarik onenak, zazpi egun jarraian… Espero al zenuen hor goian egotea?
Espektatiba guztiak gainditu ditugu. Vuelta hasi aurretik horrela ibili behar genuela esan baligute, ez genuen sinetsiko. Baina behin hor barruan zaudela, beti nahi duzu gehiago. Hirutan sailkatu gara hamar onenen artean, Ane Santestebanek mendiko sailkapena irabazi du, nik hamabigarren amaitu dut sailkapen nagusian… Emaitzak oso positiboak izan dira. Are gehiago kontuan izanda gu ez garela World Tourreko talde bat, eta munduko onenen aurka lehiatu garela.
Pena azken eguneko eroriko hori azken mendatearen magalean…
Neilako aintziretako etapan bosgarren amaitu nuen, eta hanka onak nituela konturatu nintzen, eta beti nahi duzu gehiago. Zortzigarren postuan iritsi nintzen azken egun horretara, eta, gutxienez, postu horri eutsi nahi nion. Cotobello mendatetik bi kilometrora erori, eta lasterketatik kanpo gelditu nintzen. Halere, nuen guztia eman nuen. Hamabigarren postuarekin konformatu behar izan nuen. Pena hori dut, noraino hel nintekeen ikusi nahi nuelako.
Hemen irakur daiteke elkarrizketa osorik.