Imanol Epelde: "Autokritika umoretsua egin nahiko nioke egunerokotasunari"

Ane Maruri Aransolo ('Busturialdeko Hitza' egunkaria) 2025ko mai. 10a, 12:00

Imanol Epeldek egonaldiak egingo ditu Ajangizen eta Muxikan. (Busturialdeko Hitza)

Geuretik Sortuak proiektuaren barruan, hitz esanean oinarritzen den lana sortuko du Imanol Epeldek Ajangizen eta Muxikan egingo dituen egonaldietan. Dagoeneko egon da Ajangizen.

"Bagara, baina nor? Bagaude, baina non? Bagoaz, baina nora?" Geuretik Sortuak proiektuaren barruan, galdera horiei buruz hausnartzen ari da Imanol Epelde sortzaile zarauztarra Ajangizen eta Muxikan, bere sorkuntza lan berria osatzeko helburuz. Euskalbiltzaren proiektuak euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatzen ditu, eta deialdi horretan parte hartu du lehenengoz. Hala, poesia eta ikus-entzunezkoak uztartuko dituen lana onduko du bi herri horietan egingo dituen egonaldietan. Artistak euskaldunak herri bezala “noraezean” dabiltzala uste du, euren txalupara ura leku guztietatik sartzen ari dela, eta saiatuko da jendaurreko emanaldi batekin urak xukatzen, ateratzen: animo oihu bat zabaldu gura du. 

Geuretik Sortuak proiektuan parte hartu duzu aurten, lehenengoz. Zerk bultzatuta?
Euskara irakaslea naiz, eta izan naiz urte luzez, baina egin nahi nituen proiektu batzuk nituen buruan,  baita gogoa ere, eta, ondorioz, hurrengo ikasturterako eszendentzia eskatzea erabaki nuen beka deialdi hau ikusi nuenean. Proiektu bati heltzeko aukera ona iruditu zitzaidan, eta horregatik aurkeztu nintzen Geuretik Sortuak proiektura.

Bai, ze irakasle modura ere hainbat sorkuntza proiektu gauzatu dituzu, eta bertsotan ere ibilitakoa zara. Kultur munduarekiko lotura hori sentitzen duzu?
Bai, baina beti segurura jo izan dut, irakasle postuari eutsiz. Aita ere banaiz, eta orain, umeak koskortu egin direnez, denbora gehiago ere badaukat hainbat kultur proiekturi heltzeko eta egiteko. Lanarekin eta familiarekin hirugarren gauza bat uztartzea oso zaila da, baina probatu nahi dut.

Proiektu berri honetan antzerkigintzaren arloan ariko zara. 
Nahiko argi daukat ideia, baita oinarria zein izango den ere. Hitz esanarekin arituko naiz. Euskaraz ere gero eta gehiago ari dira hitz esana edo Spoken word esaten zaiona landuz jendaurreko emanaldiak egiten. Eta hortik bideratuko dut nik ere, baina horri dramatizazio edo antzerki puntu bat emanda igoko naiz eszenatokira. Bakarrik igoko naiz, bakarrik idatziko dut, baina talde bat egongo da atzean. Izan ere, ikus-entzunezkoak izango ditu, eta horiekin batera, Merina Griseko Julen Idigorasek sortuko duen musika ere bai. Gainera, antzerki zuzendaritzan Iraia Elias eta Ainhoa Alberdi arituko dira. Oinarria, beraz, hitza izango da, baina hitz dramatizatua edo antzerkitua.

Elkarrizketa osoa Busturialdeko Hitzaren atarian irakur daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide