Zarauzko etxebizitzaren egoerari eta etxebizitza eta apartamentu turistikoen eraginari buruzko azterlana aurkeztu zuen iaz Zarauzko Udalak, zeinean etxebizitzaren eta behe solairuetako lokalen inguruko datuak jasotzen ziren. Azterlana aurkezteaz gain, hausnarketa partekatu bat martxan jartzeko asmoa iragarri zuen udalak aipatu datuetan oinarrituta, eta, hain justu ere, datorren asteartean (maiatzaren 13an) abiatuko du Zarautzen bizi hausnarketa prozesua herritarrekin.
"Udalak hartu beharreko hainbat erabakien inguruan eragile desberdinekin eta herritarrekin hausnarketak partekatzea, iritzi eta behar desberdinak ezagutzea eta interes desberdinak dituztenek elkarri entzunez oreka bilatzea” duela helburu adierazi du Hirigintza zinegotzi Garbiñe Oiarbidek.
Asteartekoa prozesuari hasiera emateko aurkezpen saio irekia izango da; ez da beharrezkoa izena ematea bertan parte hartzeko. Santa Klara komentuan elkartuko dira, eta pare bat ordu iraungo du, 18:00etatik 20:00etara. Ondoren, hiru lan saio egingo dituzte –maiatzaren 20an, maiatzaren 27an eta ekainaren 3an–, eta amaieran, ekainaren 17an, prozesuaren ondorioak azaltzeko beste saio ireki bat egingo dute.
Prozesuan ondorengo gaik jorratuko dituzte: lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza, udal etxebizitza tasatuen ordenantza, etxebizitza eta logela turistikoen erregulazioa, apartamentu turistikoen erregulazioa, kaleen izaera eta horri lotutako merkataritzaren sustapena eta etxebizitza parkean egin daitezkeen esku hartzeak.
Lan saioak irekiak izango dira, baina aurrez izena ematea komeni dela adierazi dute antolatzaileek, kokalekuaren edukieragatik. Izena Zarauzko Udaleko webgunearen Parte hartu atalean eman daiteke edo, bestela, aurrez aurre Herritarren Arreta Zerbitzuan. Hausnarketa prozesuaren inguruko informazioa udaleko webgunean dago eskuragarri.