Xabier Txurruka Zarauzko alkateak jakinarazi du guztira 132 zarauztar izan direla onartuak Salberdingo 57 zuzkidura bizitokietan, Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintzak bete izanagatik. Ekimen horren helburua 36 urtetik beherako gazteentzat "arrazoizko bizitoki-irtenbideak" eskaintzea dela azpimarratu du. Jaurlaritzak otsaila hasieran jarri zuen martxan esleipen prozesua, eta behin amaiturik, alkateak datuen inguruko azalpen bat partekatu du sare sozialen bitartez.
Etxebizitzak gazteei zuzendutako alokairuko apartamentuak dira: 60 apartamentuetatik, 3k bi logela dituzte, eta gainerako 57ek, aldiz, logela bana; horietako hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak dira. Gainera, etxebizitza bakoitzak terraza, garajea eta trastelekua ditu.
Hori ez ezik, egokitutako hiru etxebizitzetarako 113 eskaera izan direla ere aipatu du Txurrukak. "Aldea da egokitutako etxebizitzetan izena emateko aukera Euskadi osora zabaltzen zela, eta 57 etxebizitzetan, berriz, Zarautzen erroldatuta egon behar zela", esan du.
Alokairuko etxebizitza horien eskatzaileei eskatzen zitzaizkien baldintzei dagokienez, besteak beste Etxebiden izena emanda zeuden pertsonetako batek gutxienez Zarautzen erroldatuta egon behar zuen otsaila baino lehen. Beste baldintzetako bat 36 urtetik beherakoak izatea edota elkarrekin inskribatuz gero, inskripzioaren titularretako bat 36 urtetik beherakoa izatea zen. Gainera, 3.000 eta 43.753 euro arteko diru-sarrera haztatuak izatea eskatzen zitzaion eskatzaileari, 2023ko errenta-ekitaldiari dagokion zergaldian.