Itziar Zubia Olaskoaga: "Akats tekniko bat izatea iruditzen zait logikoena"

Gotzon Hermosilla ('Berria' egunkaria) 2025ko api. 30a, 11:00

Itziar Zubia Olaskoaga. ('Berria' egunkaria)

Itziar Zubia Olaskoaga irakaslea da EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta ingeniaritza elektrikoan aditua da. Oraindik goiz da itzalaldia zerk eragin duen jakiteko, baina Zubiak ez du uste zibereraso batek horrelako egoera bat sor dezakeenik. Berria egunkarian argitaratutako elkarrizketa da honakoa.

Itziar Zubia Olaskoaga (Zarautz, Gipuzkoa, 1972) irakaslea da EHUren Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan, eta ingeniaritza elektrikoan aditua da. Dioenez, unibertsitatean zentral elektrikoei buruzko eskolak ematen dituenean, oraingo itzalaldiaren moduko gertaera baten berri ematen die ikasleei, uste baitu "metatutako esperientzia" izaten dela biderik eraginkorrena etorkizunean sor daitezkeen arazoak konpontzen ikasteko. Oraindik goiz da itzalaldia zerk eragin duen jakiteko, baina Zubiak ez du uste zibereraso batek horrelako egoera bat sor dezakeenik.

Etxe batean, eraikin batean edo auzo oso batean argindarra joatea ez da ohiz kanpokoa, baina normala al da hain eremu zabala argindarrik gabe geratzea?

Arrunta ez da, gaur egun esperientzia handia baitugu, baina inoiz gertatzen da, eta gehienetan linea batean izandako akats baten ondorioz sortzen da. Linea batek akatsa baldin badauka, horrek zeraman energia beste linea batetik pasatu behar da; bigarren linea hori oso beteta badago, beste bat erorarazten du, hirugarrena, eta arazoa izaten da lineak bata bestearen atzetik erortzen hasten direla, elur bola handi bat balitz bezala. Lineak galtzen baditugu, nahiz eta sorkuntza eduki, ez daukagu sortutako energia hori nola iritsarazi bezeroei.

Beraz, lehenago ere gertatu dira horrelakoak.

2021eko urtarrilean, Europa bi zatitan banatuta gelditu zen. Kroazian akats handi bat egon zen, eta, orduan, Kroaziatik ekialdera dauden herrialdeek euren arazoa konpondu behar izan zuten, eta Kroaziatik mendebaldera daudenek ere eurena, eta arazo guztiak konpondutakoan bi sistemak berriro elkartu ziren.

REE enpresak adierazi du "potentziaren fluxuak izandako oszilazio handi batek" ekarri duela itzalaldia. Zer esan nahi du horrek?

Sarean, sortutako potentzia eta eskatutako potentzia orekatuta mantendu behar dira. Bestela, sistemak ez dio maiztasunari eusten eta ez da kalitatezko energiarik lortzen. Eta oreka hori une oro lortu behar da, ez baitugu baliabiderik energia kantitate handitan metatuta edukitzeko. Hortaz, REEtik une oro ari dira zaintzen zentral batek zenbat energia sortu behar duen eskariaren arabera, eta zenbateko potentzia doan lineetatik. Seguru asko, orain eskaria oso handia izango zen, sorkuntzarekin alderatuta, eta ez dute lortu hori garaiz konpontzerik; orduan, akatsak katean gertatzen dira, bata bestearen atzetik.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen esteka honetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide