Iratxe Aranburu eta Amets Aranberri nagusitu dira XX. Pagoeta Mendi Lasterketan

Aritz Mutiozabal 2025ko api. 27a, 18:15

Guztira, 510 lasterkarik osatu dute ibilbide nagusia edo bikote mistoen proba. Azken modalitate horretan, Eneritz Aramendi azpeitiarra eta Peio Ziarsolo errezildarra izan dira garaile. 

Bezperako eguraldi txarrak aurreikuspen onik iragartzen ez bazuen ere, ateri eutsi dio gaur egunak, eta, printzipioz, inolako eragozpenik gabe jokatu da XX. Pagoeta Mendi Lasterketa. Edonola ere, ibilbidea lokatzez topatu dute, hainbat gunetan oso labainkorra, eta gailur aldean behelaino itxia. Baina mendi lasterketek hori dute, gero eta konplexuagoa are gustuago.

Beste urte batez Salbatore Mitxelena Ikastolak antolatuta, 510 lagunek osatu dituzte aukeran zeuden bi ibilbideak; 304 lasterkarik 21 kilometroko banakako proba, eta 106 bikote mistok 8 kilometrokoa. Lasterketa nagusia Amets Aranberri zestoarrak eta Iratxe Aranburu zarauztarrak irabazi dute, eta bikoteena, berriz, Eneritz Aramen azpeitiarrak eta Peio Ziarsolo errezildarrak osatutako tandemak.

Erritmoari eutsita

Proba nagusikoak abiatu dira lehendabizi, eta hasierako kilometroetan Amets Aranberri eta Mikel Usandizaga jarri dira buru gizonezkoetan, baina maldak iritsi ahala, gauzak aldatzen joan dira. Pagoetako gurutzera iristen lehena Asier Zabala izan da, eta Aranberri izan da hurrena, bi minutu geroago; Ion Ubide iritsi da ondoren, segundo gutxira, baina honek ez du proba amaitu.

Ibilbidearen bigarren zatian beste behin aldatu da egoera, baina lasterkari zestoarrak ongi eutsi dio hasieratik jarritako erritmoari, eta azkenean bera izan da helmugaratzen lehena, 01:54:55ko denborarekin. Hala ere, azken txanpan asko gerturatu zaio bigarren sailkatu den Aitor Sanchez ibarrarra, eta 21 segundora geratu da. Hirugarren postua Mikel Arriola eibartarrak lortu du, irabazlearengandik minutu pasatxora heldu eta gero. Podiuma osatu eta berehala, lagurren tokian, lehen zarauztarrak iritsi da: Xanti Uranga.

Aranburuk aise 

Emakumezkoetan, Iratxe Aranburu korrikalari beteranoak nahi bezala irabazi; duela urte batzuk bigarren egin zuen bikote mistoko modalitatean, Koldo Olazabal lagun zuela, baita zarauztar onenen saria lortu ere, Agosti nebarekin. Lasterketa ia hasieratik buru jarri da, eta Pagoetara igotzen ere bera izan da bizkorrena. Bakarrean jaitsi da handik behera eta modu berean zeharkatu du helmuga, 02:17:52ko denborarekin. Aise irabazi du zarauztarrak, eta zeharo hunkituta igaro du helmugako arkua.

Mugimendu gehiago egonda, baina, bigarren eta hirugarren posturako lehian. Amagoia Iribar oriotarra izan da bigarren, 02:18:28koarekin, eta Natalia Navascues tolosarra hirugarren, 02:18:59koareki; Pagoetara iristen, ordea, bigarrena izan da Navascues eta Iribar, berriz, laugarren. Jokoan beste bi zarauztar ibili dira: Sandra Rodriguez izan da tontorrera igotzen hirugarren azkarrena, eta Ane Mendizabal bosgarrena. Bigarren zatian, beraz, gauzak erabat aldatu dira; izan ere, Mendizabalek laugarren bukatu du proba eta Rodriguezek bosgarren.

Bikote mistoetan ere argi 

Bikote mistoen Pagoeta Mendi Lasterketak jaun-andere eta jabe argiak izan ditu aurten. Probari hasiera eman bezain azkar, Eneritz Aramendi azpeitiarrak eta Peio Ziarsolo errezildarrak ihes egin dute, eta euren kasa osatu dute ibilbide osoa,. 41 minutu eta 15 segundotan amaituta. Bigarrenak izan dira Irune Lertxundi eta Jon Beldarrain oriotarrak, minutu eta hamaika segundora; eta hirugarren, berriz, iazko garaile Maider eta Manu Unanue alaba-aita aramarrak, bi minutu pasatxora. Lehen bikote zarauztarra Aneli Lizasok eta Iker Larrartek osatutakoa izan da.

Nabarmentzekoa da Saltaka mendi korrika taldeak gaur izan duen parte hartzea, dela bikoteka dela banaka. Erronka gisa, aurtengo Pagoeta Mendi Lasterketan 45 emakumek parte hartzea zehaztu zuten, eta asmoak bete dituzte. Emakumeen presentzia nabarmena izan da, eta Saltakaren elastikoa agerikoa izan da.

Urteroko moduan, herritar ugari bildu da Herrikosoron korrikalariak txalotzera eta  animatzera. Era berean, ohiko hamaiketakoak ez du hutsik egin aurten ere: kroketak, txorizo egosi pintxoak, salda beroa edota kupeleko sagardoa dastatzeko aukera izan dute bertaratu diren guztiek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide