Zarauzko Udalak Aste Santurako irteera gidatuak antolatu ditu Eraztun Berde Urdinera

Ian Ruiz Lizaso 2025ko api. 13a, 14:31

Eraztun Berde Urdinaren argazki bat. (GUKA)

Bisita gidatuak hiru ibilbidetan egingo dituzte: Hezeguneetan, Arkamurkan eta Iñurritzan. Lehenengo biak ostiral arratsaldean izango dira, txandaka, eta Iñurritzakoa, berriz, Pazko asteko larunbat goizean egingo dute.

Zarauzko Udalak Eraztun Berde Urdinera irteera gidatuak eskainiko ditu Aste Santuan. Guztira hiru ibilbide antolatu dituzte: Hezeguneetakoa, Arkamurkakoa eta Iñurritzakoa. Lehenengo biak ostiral arratsaldean egingo dituzte, txandaka. Iñurritzako ibilbidea, berriz, Pazko asteko larunbat goizean eskainiko dute, itsasbeherarekin bat eginez.

Gloria Vazquez Eraztun Berde Urdineko zinegotzi arduradunak azaldu du urteak daramatzatela irteerak egiten, eta proiektua indartuta dagoela:  "2018an hasi ginen irteera gidatu hauekin, eta esan dezaket programa urteetan zehar sendotu dela eta proiektua bera indartu dela. Zarauzko herritarrek naturarekiko duten interesa eta natura zaintzeko duten kezka nabarmendu nahi dut". Helburuak ere gogorarazi ditu zinegotziak: "Eraztun Berde Urdinean dauden ekosistema desberdinak ezagutaraztea eta herritarrak ingurumen-balio horien inguruan sentsibilizatzea dira gure helburuak". Hala, zarauztarrak animatu dituzte bisitetan parte hartzera.

Irteerak euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dituzte, hau da, bi talde antolatuko dira irteera bakoitzean. Zarauzko Udaleko Ingurumeneko Arloak Aste Santuari begira antolatu ditu irteerak. Udan ere eskaintzen zaizkie bisita gidatuak herritarrei, baita ikastetxeei ere ikasturtean zehar, ikasleek Eraztun Berde Urdinaren balio naturalak ezagutu ditzaten.

Irteera egunak eta orduak

Apirilaren 18an izango da lehen irteera Hezeguneen ibilbidean. Orduari dagokionez, arratsaldeko 17:00etan elkartuko dira suhiltzaileen biribilguneko autobus geltokiaren ondoan, Irita eta Astiko guneak bisitatzeko. Amaiera, Buztinzuriko haltzadian izango da.

Hurrengo astean, ordea, apirilaren 25ean eta 26an, Arkamurka eta Iñurritza aldera egingo dira irteerak.

Bisita gidatuetan naturguneen ezaugarriak erakutsiko dira: eremu bakoitzeko habitatak, fauna, flora, hidrogeologia, paisaia, klima aldaketaren eragina, espazioaren kudeaketa, babes figurak, kudeaketa planak, berreskuratze lanak, hemendik aurrera egingo direnak, etab. Hau gutxi balitz, inguruko ekosistemekin lotutako dokumentazio espezifikoa ere eskainiko da.

Bestalde, aipagarriak dira azken urteetan egindako hobekuntzak Vista Alegreko parkean eta Iñurritzako bidean. Azken hori gurpildun aulkian egiteko egokitu dute. Horrez gain, app bat ahalbidetu da, interes puntuetako paneletan informazioa modu irisgarriago batean eskuratzeko, zeinu hizkuntzara eta sei hizkuntzatara itzulia.

Irteera gidatuek jarrera parte hartzailea dute. Hori dela eta, bisitariek azalpenak entzuteaz gain, hainbat esperimentu egiteko aukera izango dute. Talde bakoitzean 20 pertsona elkartuko dira gehienez. Edukiera mugatuaren ondorioz, aldez aurretik izena eman beharko da (telefonoz, aurrez aurre edo e-mailez) Zarauzko Turismo Bulegoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide