2017an sortu zen Hezkuntzan Librezale plataforma. Zer kezka edo erronka izan ziren erabakigarriak Euskal Herriko guraso, irakasle eta eragileak batzen dituen talde hori saretzeko?
Hezkuntzan Librezale talde ireki bat izan da beti, ez du egitura finkorik bere horretan, asanblea ireki bat da. Telegramen eta Matrixen talde handi bat dugu, eta badago talde eragile bat ere, gehiago inplikatzeko prest dagoen jendearekin. Software librearen aldeko mugimendu bat bazegoen Euskal Herrian, agian artikulatu gabe, eta duela hamar urte inguru urrats garrantzitsuak egiten hasi ziren hezkuntzaren digitalizazioan, ez bereziki software librearen mugimenduaren ikuspuntutik. Garai hartan software librearen alde mugitzen ginen pertsona asko, gainera, irakasle ginen, edo guraso egin ginen geroago. Hortaz, esparru delikatu hori multinazionalen eskutik digitalizatzeko egiten ari ziren urrats horiek, oso larriak zirenak, ekarri zuten Hezkuntzan Librezaleren sorrera.
Esango zenuke ordutik hona hezkuntzaren digitalizazioaren inguruko kezkak zabaldu egin direla gizartean, oro har?
Esango nuke, oro har, teknologiekiko kezka areagotu dela apur bat, neurri batean, ziur aski, sakelako telefonoen erabileraren ondorioz. Ikusten da horrek gure gizartean izan duen eragina, eta ez da bereziki positiboa. Jendeak badauka kontrolik ezaren sentsazioa, eta arretan edo harremanetan izan dezakeen eraginaz jabetzen hasi da. Ez dut uste, tamalez, kezka hori hezkuntzaren digitalizaziotik sortu denik, baina teknologiek gure bizitzako esparru guztiak zeharkatzen dituztenez, badago horiekiko kezka. Beraz, hezkuntzaren digitalizazioan urratsak egin direnean, komunikabideetara salto egiten dute titular handiekin, eta poliki-poliki gai honekiko ere kezka orokortua sortzen joan da. Beharbada, digitalizazioaren intentsitateak pizten du ezinegon hori gehienbat, eta ez hainbeste prozesu hori multinazionalen eskutik egiteak.
Gizartean areagotu den kezka hori islatzen al da administrazioan ere? Eusko Jaurlaritzaren politiketan eragiten saiatu zarete; esango zenuke haren jarrera irekiagoa dela orain bidea hasi zenutenean baino?
EAEn, 30 urte eta gero, Hezkuntza Lege bat eztabaidatu behar zen, eta 2023-2024an ezin da halakorik idatzi digitalizazioa aipatu gabe. Irekiago egon daitezke, zeren Hezkuntza Lege batean nekez idatz daiteke multinazionalei irekita dagoen digitalizazio eredu baten alde egiten duzula. Alegia, beraiek duten ardura publikotik eta herritarren eskubide digitalen bermearen ikuspegitik, ezingo litzateke ulertu digitalizazioa multinazionalen esku utziko lukeen Hezkuntza Lege bat. Tokatu da Hezkuntza Legearen lanketa egitea eta guk hor eragiteko hautua egin genuen, zeren digitalizazioaz hitz egingo zela bagenekien, baina ardura publikoari dagokion terminoetan hitz egitea zen guk eskatzen genuena. Eskatu genuen guztia onartu zuten EH Bilduk gure proposamenak bere egin zituelako eta egun gobernuan daudenek denak onartu zituztelako. Kontrakoa nekez izango litzateke ulergarria. Beste gauza bat da legeak edozer eusten duela, eta ea errealitatean neurriok beteko diren.
«Komunitate osoaren ahalduntze digitalak izan behar du helburua»
Hezkuntzaren digitalizazioak hainbat adar ditu; multinazionalekiko dependentziaren arriskuak aipatu dituzu zuk. Beste bat izan daiteke irizpide pedagogikorik gabe sartu direla tresna teknologikoak ikastetxeetan?
Guretzat, hain zuzen, bi ardatz horiek daude: batetik, erabiltzen diren tresnak, eta horri lotuta dago multinazionalen eskutik joatearena, alegia, iruditzen zaigu hezkuntza digitalizatuko bada, egin behar dela hezkuntzaren funtzio soziala indartuko duen norabide batean. Ulertuta hezkuntzak balioetan hezteko balio duela, aukera berdintasunaren bermea bultzatzen duela eta eskubide digitalak bermatu behar dituela, zeren hezkuntzaren digitalizazioaz ari garenean, haurren datuak sortu eta kudeatzeaz ere ari gara... Hori ezin da multinazionalen eskutik egin.
Bestetik, ez dakit nola gertatu den, baina esparru guztietan premisa bat egon da hasieratik: teknologiak berrikuntzarako palanka direla. Hezkuntzaren kasuan ere, askotan entzun dugu eta irakurri daiteke leku askotan teknologiak berrikuntza pedagogikorako palanka direla. Baina berez ez dago hori sostengatzen duen ebidentzia zientifikorik. Kontrara, ebidentzia zientifikoak dio ez duela, printzipioz, eragin ez positibo ez negatiborik, alegia, ez duela balio erantsirik. Edo, segun zer etapatan eta segun nola egiten den, kaltea ere eragiten duela. Hortaz, premisa hori apurtu behar da, ez dira berrikuntza teknologikorako palanka bat, edo izan daitezke, baina momentu puntual batzuetan eta oso ondo pentsatuta pedagogikoki nola integratu. Hezkuntzan Librezaletik defendatzen dugu hezkuntza digitalizatu behar dela, baina horrek helburu bat izan behar duela: ikasleen eta komunitate osoaren ahalduntze digitala.
Helburu hori lortzeko bidean kokatuz gero, zeintzuk izan beharko lirateke Eusko Jaurlaritzak eman beharko lituzkeen lehentasunezko pausoak?
Momentu honetan Iradi proiektua dago martxan. Software librearen inguruan diseinatutako proba pilotu bat da, eskola desberdinetan aplikatzen ari direna. Guk informazio mugatua dugu, baina izan daiteke aukera bat, baldin eta Iradi goitik behera software librearekin eginda badago, zeren oraindik ez da horrela. Multinazionalen eskutik egin den digitalizazioak urteetako ibilbidea du, beraz, urteetako ibilbidea izango da horren norabidea aldatzea.
«Zer urrats egingo diren pentsatzeko bide orri bat marraztu behar da»
Digitalizazioak inbertsio ekonomiko eta pertsonalak eskatzen ditu, berdin multinazionalekin edo software libreak erabiltzen badira. Horregatik, uste dut badela momentua bide orri bat marrazteko eta pentsatzeko zer urrats egingo diren, zer baliabide ekonomiko beharko diren horretarako, zer formakuntza behar den... Iradi proiektua egin bitartean, paraleloan hau guztia egitea tokatzen zaie.
Urrats horiek erabakitzeko elkarrizketetan nortzuek egon behar dute?
Nik herritarren eta eragileen parte hartzea bermatuko duen eredu baten alde egingo nuke. Ez dut uste bide orria Hezkuntza sailetik soilik planteatu beharko litzatekeenik; interesgarria litzateke hezkuntza komunitateko eragile ezberdinen parte hartzea, baita hemengo software libreko enpresen elkartearena ere.