Erakundeen arteko II. lankidetza protokoloa osatu dute, indarkeria matxistaren biktimak hobeto artatzeko

Aritz Mutiozabal 2025ko mar. 29a, 11:00

Udaleko ordezkariak eta protokoloan parte hartu duten erakundeetako ordezkariak, Etxezabalako aretoan. (Zarauzko Udala)

Protokoloa berrikusteko eta eguneratzeko prozesua egin du Zarauzko Udalak, eta akordio berria ostegunean sinatu zuten erakunde parte hartzaileek.

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta ematen dieten erakundeen arteko lehen protokoloa 2013an onartu zuen Zarauzko Udalak. Harrezkero, Zarauzko Berdintasun Sailak koordinatu du erakunde arteko mahaia, eta bertan hartzen dute parte, Berdintasunarekin batera, Zarauzko Udaleko Gizarte Politiketako eta Herritarren Segurtasuneko sailek, Ertzaintzak eta Osakidetzak; azken horiek, Osasun Mentaleko Zentroaren ordezkaritzarekin.

Orain, hamabi urte geroago, protokoloa berrikusteko eta eguneratzeko prozesu bat egiteko beharra ikusi dute, legedi berrira egokitzeko. Hala, erakundeen arteko II. lankidetza protokoloa osatu dute; joan den ostegunean amaitu zen prozesua, eta erakunde parte hartzaile guztiek sinatu zuten: Xabier Txurruka alkateak, Donostialdeko ESIko zuzendari gerente Jose Agustin Agirre, Urola Kostako ertzain-etxeko komisario buru Xabier Peña eta Gipuzkoako Osasun Mentaleko zuzendari kudeatzaile Andrea Gabilondo.

Horiez gain, ekitaldian izan ziren Berdintasun zinegotzi Gloria Vazquez, Gizarte Politiketako zinegotzi Jesus Arana eta Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Gervasio Gabirondo, prozesuan lanean aritu diren arduradun teknikoekin batera. Era berean, Zarauzko ikastetxeek, Gazteria, Kirol eta Hezkuntza departamentuek eta indarkeria matxista jasan duten emakumeek ere parte hartu dute protokoloa lantzeko orduan.

"Urratsa prebentzioan"

"Beste behin ere, Zarautz aitzindaria da berdintasun-politiketan, eta beste urrats bat egin du indarkeria matxistaren prebentzioan aurrera egiteko eta biktimei ematen zaien arreta hobetzeko. Azken batean, indarkeria matxistarik gabeko udalerria lortzeko borrokan", nabarmendu du Vazquezek.

Protokolo berria arreta zerbitzu publikoen eskura dagoen tresna bat dela aditzera eman du zinegotziak, eta biktimei "harrera eta arreta hobea" emateko dela. Zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea ere izango du helburu, "emakumeen birbiktimizazioa saihestuz".  Gainera, protokolo honek indarkeria matxistaren kontzeptua ikuspegi zabalago batetik jasotzen du: esaterako, biktimei babesa ematen dieten pertsonen aurka egiten diren indarkeria kasuak,  gertukoen edo lagunen eta bereziki seme-alaben edo beste senide batzuen aurka, betiere emakumea mintzeko asmoz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide