Zarauzko ikastolak gogor salatu du Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isuna jarri izana

Intza Trula 2025ko urt. 21a, 19:00

Hainbat lagun gaur arratsaldean Zarauzko ikastolako patioan egin duten elkarretaratzean. (Mireia Galarza Bastida)

Iazko ikasturtean matrikula kopurua gainditu eta haur gehiago hartzeagatik zigortu dituzte. Egoeraren berri emateko agerraldia ez ezik, elkarretaratze jendetsua ere egin dute arratsaldean, gertatutakoa gaitzesteko.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isunarekin zigortu du Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastola, 2023-24 ikasturtean, ikastetxean matrikulatu zitekeen gehienezko haur kopurua gainditu eta har zitzaketena baino haur gehiago onartzeagatik. Hezkuntza Sailak izandako jarrera "onartezina" dela iritzi dio ikastolak, eta egoera salatzeko agerraldia eta elkarretaratze jendetsua egin dituzte arratsaldean.

Ainhoa Agirreazaldegi ikastolako gurasoen ordezkariak kontatu duenez, gertatutakoa ulertzeko 2023ko urtarrilera egin behar da atzera. Hezkuntza Legea lantzen ari zen Hezkuntza Saila une hartan, eta testuinguru horren barruan, 2023-24 ikasturterako ikasleak matrikulatzeko eta onartzeko agiria argitaratu zuen. Hain justu, agindu hark hainbat aldaketa zekartzan aurreko ikasturteekin alderatuta. Berrikuntza horien helburua zen ikasle zaurgarrien banaketa orekatua egitea eta eskaintza eskarira egokitzea.

Hala, zaurgarritasun indizearen nondik norakoak eta baremaziorako irizpide berriak ezarri zituen Hezkuntza Sailak, eta 2023-24 ikasturteko matrikulazioa arau berri horiek jarraituz eraman zuen aurrera. Zarautzen lau ikastetxe daude: Salbatore Mitxelena ikastola, Orokieta herri eskola, Antoniano ikastetxea eta La Salle ikastetxea. Agirreazaldegik azaldu du eskola bakoitzari, urtero, matrikula kopuru bat dagokiola, eta ehunekoa antzekoa izaten dela. Esaterako, ikastolako matrikula kopurua %30aren bueltan egon izan da.

Mugaz haratago

Hori horrela, 2023ko otsailaren 6an, 2023-24 ikasturteko matrikulazio epearen aurretik, ikastola Hezkuntza Saileko plangintza arduradunengana zuzendu zen lehen aldiz. Iratxe Esnaola ikastolako gurasoen ordezkariak kontatu du "ustez akats bat izan zena zuzentzea" zela asmoa; izan ere, ikastolak aurreikusi zuen Zarautzen aurreko ikasturtean baino hogei ume gehiago zeudela matrikula egiteko adinean (159 haur 2022an eta 179 haur 2023an) eta datu horiek abiapuntu hartuta, hiru gela izateko adina matrikula eskaera jasotzea aurreikusten zutela. Ikastetxeen lurralde arduradunak baztertu egin zuen eskaera, ikastolaren esanetan, honako hau arrazoituz: irizpidea zela 2022-23 ikasturtean adina postu ituntzea; hau da, bi lerro, 50 postu.

2023-24 ikasturterako matrikulazio epea zabaldu zuten, eta ikastolak aurreikusitakoa bete zen. "55 familiaren eskaerak jaso genituen: herriko familien %30, hain zuzen ere", zehaztu du Agirreazaldegik. Horrenbestez, zortzi haur geratu ziren matrikula ikastolan egiteko aukerarik gabe.

Hori dela eta, Zarauzko ikastolak, Ikastolen Elkarteak, kanpoan geratutako familiek eta ikastolako gainerako familiek "erreklamazio eta alegazio segida amaiezina" abiatu zuten, "planifikazio akatsa zuzentzeko eta Hezkuntza sailburuaren 2022ko abenduaren 21eko agindua aplikatzeko" eskatuz. Agindu hartan jasota dago, izan ere, Hezkuntza Sailak ikastetxeei jakinaraziko diela zenbat ikasle hartu ahal izango dituzten maila eta hizkuntza eredu bakoitzean. Hala eta guztiz, kopuru hori "egokitu eta doitu" daitekeela jasotzen du arauak. Horren aurrean, ondorengo galderak egin dituzte ikastolako ordezkariek: "Zergatik ez ditu Hezkuntza Sailak berak ezarritako irizpideak betetzen? Zergatik ez da gure kasuan zenbaki hori egokitu eta doitu?".

Protestek ez zuten Hezkuntza Sailaren erabakian eraginik izan, ordea. Esnaolak dioenez, "alferrikakoak" izan ziren ordura arteko ahalegin oro, "Hezkuntza Sailak erabakita baitzeukan zortzi familia horiek ikastolatik kanporatzea". Era horretan, bide administratiboa jorratzen jarraitu arren, egoerari "aurrez aurre heltzeko garaia iritsi" zitzaiela erabaki zuten: zortzi ikasle horiek ikastolan segituko zutela erabaki zuten, hain justu. "Bilera amaiezinen ondoren, eta Ikastolen Elkartearen babesarekin, Zarauzko ikastolako komunitateak —544 familia— erabaki zuen gure komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabaltzea", adierazi du Esnaolak.

2024-25 ikasturterako matrikulazioan "bigarren saiakera bat" egin zuten kanpoan geratu ziren familia haiek; kasu hartan, 55 familia izan beharrean 58 izan ziren ikastolan izena eman nahi izan zutenak. Horren aurrean, ikastolak erreklamazioak eta alegazioak egin zituen, baina Hezkuntza Sailak atzera bota zituen guztiak.

"Miatuak eta zelatatuak"

Ikastolako kideek azaldu dute azken bi ikasturteotan hainbat ikuskaritza izan dituztela ikasgeletan, eta horiek "gogorrak" izan direla. "Langileak, gurasoak eta haurrak miatuak, zelatatuak eta erregistratuak sentitu gara", azpimarratu du Agirreazaldegik. Ildo beretik, salatu du Hezkuntza Sailak ikastola "zigortzeko" prozedura bat jarri zuela martxan. Hain zuzen ere, Adiskidetze Mahaia izeneko bilera batera deitu zituzten ikastolako ordezkariak. Hala azaldu du Agirreazaldegik: “Aldaketarik ia onartzen ez zuen proposamen itxi bat aurkeztu ziguten, eta prozedura hari amaiera eman berri zaiolako egin dugu gaurko agerraldia".

Horrenbestez, Salbatore Mitxelena ikastolak 140.000 euroko isuna ordaindu beharko du matrikulatzeko ezarritako mugak agindutakos baino ikasle gehiago hartzeagatik. Isuna "bidegabea" dela diote ikastolako ordezkariek, prozesuan ez baitute “inolako diru iruzurrik” egin eta ez baitute inongo momentuan “ez zegokien diru publikorik jaso". Gainera, haiek irmoki salatu dute prozedura "boterekeriaz" garatu duela Hezkuntza Sailak, eta sinatutakoa ez dela akordio bat izan azpimarratu dute: “Ume horiei, haien familiei eta ikastolari berari kalte larriagoak eragitea saihesteko egindako zerbait izan da". Halaber, esan dute akordio horretara heltzeko adiskidetze bilerek ez zutela “adiskedetzetik ezer” izan.

Zigorrari aurre egiteko dirua biltzeko zenbait ekintza egingo dituztela ere argitu dute, eta kontu korronte bat ere zabaldu dute, nahi duen orok diru ekarpena egin dezan.

Ikastolako kideek esan dute “lasai" daudela hartutako erabakiarekin, eta zortzi familia horiek ikastolan jarraituko dutela jakiteak poza eragiten diela adierazi. Kontrara, "oso kezkatuta" daudela esan du Esnaolak: "Ezarri zaigun matrikulazio muga ikusita, 2023-2024ko ikasturteko arazoa behin eta berriz errepika daiteke, eta etorkizuneko ikastola nabarmen ahulduko du horrek".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide