Gaur goizaldean hasi eta hilaren 19ra arte jokatuko dute Filipinetan junior mailako Munduko Surf Txapelketa. Urola Kostako hiru surflari lehiatuko dira bertan, nazioarteko 24 onenen artean: Keoni Lasa zarauztarra eta Anette eta Janire Gonzalez Etxabarri ahizpa zumaiarrak. Lasak (Zarautz, 2005) Angelun (Lapurdi) lortutako garaipenari esker jaso du hitzorduan egoteko gonbidapena, eta La Union herritik (Filipinak) erantzun dizkio galderak GUKAri, irlara iritsi berritan. Gaur ekin dio txapelketari, eta lehen txanda gainditu ezin izan duenez, bihar goizaldean jokatuko du kanporatze lehia, Daniel Emslie hegoafrikarraren aurka.
Junior mailako Munduko Surf Txapelketan lehiatuko zara aste honetan. Zer motibaziorekin iritsi zara Filipinetara?
Oso motibatuta iritsi naiz. Egia esan, sekulako erronka handia da, estreinakoz parte hartuko baitut World Surf League (WSL) ligako junior mailako Munduko Txapelketa batean. Hemen izango nintzela jakin nuenean poz ikarragarria sentitu nuen, eta gogotsu jarri nintzen. Beraz, asko entrenatuta etorri naiz etxetik: hemen topatuko ditudan antzeko olatuetan aritu naiz prestatzen, horren bila ibili naiz.
Lehen aldiz ari zara Munduko Surf Txapelketan parte hartzen. Erronka polita da, baina, era berean, exijentea, ezta?
Hemengo olatuak zailak dira menderatzen, eta horietara egiteko eta ingurura egokitzeko bere denbora behar du. Azkenean, Euskal Herrian baldintza klimatologikoak guztiz bestelakoak dira hemen ditugunekin alderatuta: eguraldia eta uraren tenperatura oso beroak dira Filipinetan, eta etxean ez dira baldintza horiek izaten urteko sasoi honetan. Txapelketa zorrotza da, maila handia dagoelako surflarion arten eta olatuak ere ez direlako hartzen batere errazak. Edonola ere, nire burua ongi prestatuta dagoela ikusten dut.
Zure adin tarteko nazioarteko jendearekin lehiatu zara han eta hemen. Filipinetako esperientzia diferentea izango al da? Ezagutzen ez dituzun surflariak izango al dira txapelketan?
Ezberdina izango da, dudarik gabe. Surflari gutxiago ariko gara lehian; izan ere, Europan zehar ohituta gaude 125 lagunen arteko txapelketak jokatzera, eta hemen 24 bakarrik izango gara. Argi eta garbi utzi behar da nazioartean ondoen dabiltzan 20 urtez azpiko surflariak direla 24 horiek. Nolabait ere, guztiok ezagutzen dugu elkar, urte asko baitaramatzagu International Surfing Association (ISA) erakundeko txapelketetan batera parte hartzen, baina maila handia aurreikusten dut... Munduko onenen artean lehiatzea gauza potoloa da.
Lehenago iritsi zineten Filipinetara, ostegunean. Tokira egokitzeko helburuarekin?
Denboraz iritsi ginen, batez ere, ordu aldaketara, klima aldaketara eta hemengo olatuetara ohitzeko. Azkenean, egundoko diferentzia dago Zarauztik hona, oso urruti gaude etxetik, eta aurrez iristea ezinbestekoa da. Gainera, surf ohol berriak ditut, eta horiek ere probatu behar nituen aurrez, gero ezustekorik ez hartzeko.
Filipinetako zein hondartzatan ariko zarete? Ezagutzen al duzu bertako olatua? Zer ezaugarri ditu?
La Union izeneko herrian gaude, eta hondartzaren izena Urbiztondo da. Euskarazko izena du; izan ere, duela mende asko euskaldunak iritsi ziren hona, eta halaxe jarri zioten izena, Urbiztondo Beach. Egia esan, ez nuen ezagutzen hemengo olatua, baina Youtube bidez aritu nintzen aztertzen, eta eskuin luze bat da, indar gutxikoa.
Nire surf egiteko molderako nahiko egokia da, bizkarrezko maniobrak oso ongi ateratzen baitzaizkit. Zarautzen ere eskuin olatu asko izan dira azken boladan, eta, orduan, entrenatzeko aukera izan dut. Beraz, hemengo olatua niretzako modukoa izan daitekeela esan dezaket. Ea hori guztia txapelketan erakuts dezakedan!
Angelun irabazitako txapelketari esker lortu duzu Munduko Txapelketan lehiatzeko gonbidapena. Sari bikoitza izan zen lorpen hura, beraz?
Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut Angeluko txapelketa. Momentu gogoangarria izan zen garaipen hura, benetan berezia, baita familia osoa han ni babesten izatea ere. Finaleko nondik norako guztiak oroitzen ditut oraindik ere, baita hurrengo egunean Zarautzen egin zidaten omenaldia ere. Oso polita izan zen guztia.
Garaipen hark, gero, bere fruituak eman ditu, eta horren adibide da Munduko Txapelketa honetarako gonbidapena jasotzea. Angeluko lorpena oso garrantzitsua izateaz gain, aurrepauso handia izan da nire ibilbidean.
Eta orain, Filipinetan, podiumera igotzea garesti egongo al da?
Zalantzarik gabe. Maila honetan, edozein txandatan egokitu ahal zaizkizu surflari onak. Kontuan izan behar da kontinente bakoitzeko bi onenak hemen daudela, beraz, txanda bakoitza gainditzea oso garesti egongo da. Baina ez dezagun itxaropenik galdu: zaila dela pentsatuz uretaratuko naiz, eta gauzak oso ongi egin behar direla aurrera jarraitzeko. Ahalik eta ondoen lehiatzea eta akats gutxien egitea izango da gakoa. Zorte pixka batekin eta dudan guztia emanez, ahal dudan urrutien heldu nahi dut.
Urtea hasi eta berehala, txapelketa handi bat. Prestaketa handia egin al duzu?
Gonbidapena duela pare bat hilabete jaso nuen, eta ez dugu denbora askorik izan entrenatzeko. Une hartan, gainera, Hawaiin (AEB) nengoen, eta hango olatuak guztiz bestelakoak dira Filipinetakoekin alderatuta. Orduan, etxera itzuli nintzen Munduko Txapelketa prestatzen hasteko: saiatu naiz antzeko olatuak surfeatzen, eta nahiko ondo moldatu naiz.
Gabonetan oporretan egon naiz Tenerifen familiarekin, eta hango egonaldia ere aprobetxatu dut entrenatzeko; ordu batzuk eman ditut antzeko olatuak bilatzen eta horiek surfeatzen. Denbora gutxi izan dudan arren, txukun entrenatu dudala uste dut eta ongi prestatuta iritsi naizela txapelketara. Orain nire esku dago lan ona egitea.
Munduko Txapelketaren ondoren, zeintzuk dira zure helburuak edo zein da zure txapelketen agenda?
Bada, txapelketa hau jokatu ostean, Europako Qualifying Series (QS) kategoriako proba izango dut Marokon [Pro Taghazout Bay, otsailaren 22tik martxoaren 1era]. Niretzako txapelketa garrantzitsua da hori, egun lehen postuan nagoelako sailkapenean eta buru izaten jarraitu nahi dudalako. Nire postua defendatu nahi dut, Europako txapeldun izatea benetan itzela izango bailitzateke. Aurrerantzean, nahiko hilabete gogorrak izango ditut, batez ere, ongi prestatu nahi baitut Marokoko proba; hori izango da nire hurrengo erronka nagusia.