Tximeleta formako lorategia ondu dute Iritan, intsektu polinizatzaileei zuzenduta

Aritz Mutiozabal 2024ko abe. 30a, 12:00

Gloria Vazquez Eraztun Berde-Urdineko zinegotzia eta Ainara Garcia Eraztun Berde-Urdineko teknikaria , Iritako lorategian. (Zarauzko Udala)

Guztira, 30 espezietako 436 landare landatu dituzte eremuan, eta azalpen panela eta intsektu hotel bat ere jarri dituzte. Landareak eta intsektu polinizatzaileak "babestearen garrantziaz" sentsibilizatu nahi dituzte zarauztarrak.

Udalak Iritako hezegunearen garapena osatu du, Eraztun Berde Urdineko gune garrantzitsuenetako bat, eta lorategi izaera berezia eman dio. Tximeleta formako diseinua du lorategiak, eta 30 landare espezie ezberdin jasotzen ditu bere baitan, hala nola izpilikua, melisa, elorri gorria, menda, oreganoa, salbia eta intsusa. Guztira, 436 landare landatu dira, lorategi polit bat osatuz haziko direnak. Eremua hesitu egin dute, batez ere, txakurrak sar ez daitezen eta, horrela, ereindako landareak babesteko.

Eraztun Berde Urdinaren zinegotzi arduradun Gloria Vazquezek adierazi du biodibertsitatea bultzatzea duela helburu lorategi honekin, baina ez hori bakarrik. Auzoetako eta lorategietako landareak eta intsektu polinizatzaileak "babestearen garrantziaz" sentsibilizatu nahi dituzte herritarrak. "Espazio honetan bertan, azalpen panel bat eta intsektu hotel bat ere instalatuko ditugu. Hiri askotan ohikoa izaten hasia den zurezko egitura bat da, polinizatzaileen garapena eta neguko biziraupena errazteko", nabarmendu du zinegotziak.

Intsektu polinizatzaile ezagunenak eta preziatuenak erleen (himenopteroak) eta tximeleten (lepidopteroak) taldeetakoak dira, baina euliak (dipteroak) eta kakalardoak (koleopteroak) ere polinizatzaile garrantzitsuak dira. Horiek guztiak ezinbestekoak dira loreak polinizatzeko eta ugalketa errazteko; izan ere, intsektu horiek desagertzeak arrisku larrian jarriko lituzke lurreko ekosistemak.

Datuek erakusten dute intsektuen % 41a gainbeheran doala, eta zientzialarien ustez, arrazoi nagusiena urbanizazioek habitat naturalak suntsitu dutelako izan da. Vazquezek beste mehatxu batzuk ere gaineratu ditu: baso-soiltzea, klima-aldaketa eta espezie inbaditzaileak, nekazaritza industrializatua eta argi-kutsadura. "Belarra arrasean mantentzeko ohiturak, loreen garapena saihestuz, polinizatzaileen garapena ere eragozten du, eta horiekin batera txoriena. Hiriak biodibertsitate aberatseko lekuak izan daitezke, askoz ere biziagoak eta osasungarriagoak. Lorategi txiki honekin biodibertsitateak hiriarentzat duen garrantzia eta aberastasuna erakutsi nahi dugu",azpimarratu EBUko zinegotziak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide