Zarauzko Udalak erabaki du erdira jaistea Guka hedabideek jasotzen duten diru laguntza; 39.000 euro gutxiago, alegia. Ez omen ditugu alkate-dekretuan jasotako eskakizunak bete, telebistako kamerak ez omen dira udalak deitutako prentsaurrekoetara joaten. Harriduraz, penaz eta minez jaso dugu berria.
Harriduraz, erabakia ulerkaitza eta justifikaezina iruditzen zaigulako. Udal Gobernuak aitortzen du gure kazetariek ematen dutela udalaren jardueraren berri, joaten direla prentsaurrekoetara, informazio nahikoa ematen dela Guka hedabideetan. Baina telebistako kamerak nahi dituzte prentsaurrekoetan.
Saiatu gara ulertarazten, prentsaurrekoak ez direla telebistarako eduki egokia, zinegotzia ordu-laurdenez jaietako programa irakurtzen, horrek ez duela inolako zentzurik ikus-entzunezkoen moldeetatik begiratuta eta, izango balu, ezinezkoa litzaigukeela gure eskualdeko 11 udaletako prentsaurrekoetara kamerak bidaltzea. Besterik egiteko baliabiderik ez genuke izango, eta guk ez dugu horrela ulertzen kazetaritza. Baina telebistako kamerak nahi dituzte prentsaurrekoetan.
Penaz bizi dugu Zarauzko Udal Gobernuak hartu duen erabaki hau, ez gaitulako bidelagun kontsideratzen euskararen erabilera sustatzeko, zarauztarrei informazioa bermatzeko eta tokiko garapenean eragiteko. Duela bost urte Urolako Komunikazio Taldea sortu genuen eskualdeko sei hedabideren artean, hain zuzen ere, helburu horietan sakontzeko, baina badirudi horrek ez duela baliorik Zarauzko Udalarentzat. Duela bi aste eskas, UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak) aldarrikatu zuen ezinbestekoak direla euskararen aldeko neurriak larrialdi linguistikotik ateratzeko, jauzi handi bat egin beharra dagoela, erakunde publikoei eredu izatea dagokiela, eta euskarak behar duen olatu berri horretan ezin dutela ikusle hutsak izan. Zarautzen egin zen batzarra, Zarautzek du UEMAko lehendakariordetza. Baina Zarauzko Udal Gobernuak kamerak nahi ditu bere prentsaurrekoetan.
Eta minez hartu dugu, oposizioko alderdiaren bidez jakin behar izan dugulako erabakiaren berri; minez, udal aurrekontuen negoziaketa politikoan erabiliak sentitu garelako; minez, azalpenak eskatu eta konponbiderako bideak zabaltzeko intentzioarekin geuk bilera eskatu eta betiko erantzunarekin aurkitu garelako: kamerak nahi dituzte prentsaurrekoetan.
Baina etsipenik ez digu eragin, inondik ere. Guk badakigu duela bost urte UKT sortu genuenetik urrats sendoak ari garela egiten, helburuak betetzen ari garela. Gure herritarrei tokiko kazetaritza onena eskaini nahi diegu euskaraz, garaiek eskatzen duten moldeetan, komunitatea zabalduz eta herrien garapenean aktiboki parte hartuz. Horretarako sortu ditugu Guka hedabide multimediak (egunkaria, aldizkariak, webguneak, Guka aplikazioa, telebista, ikus-entzunezkoak, sare sozialak…) eta Gukakide atxikimendurako formula; horretarako gaude profesionalez osatutako lantaldea gure onena ematen. Eta guk, herriko kaleetan nahiago ditugu gure kamerak.
Amaitzeko, urte berrirako asmo onak plazaratzeko garaia ere badenez, ez dugu aukera hau galdu nahi, eta Zarauzko Udal Gobernuari berriro luzatzen diogu eskua, inori mesede egiten ez dion egoera hau bidera dezagun lehenbailehen.
Gorka Zabaleta
UKTko zuzendari nagusia