Makatzak merezitako omenaldi beroa

Juan Luis Romatet 2024ko abe. 14a, 11:00

Zarauzko seme kuttun izendatu du Zarauzko Udalak Jose Angel Iribar. Futbolari mitikoa, baina baita euskalzale porrokatua eta gizartearekiko gizon konprometitua, atzo arratsaldez Zarauzko udaletxeko pleno aretoan egindako ekitaldian jaso zuen domina bertaratutako futbolzaleen eta herrikideen txalo zaparradaren artean.

Txopo izengoitiaz ezaguna futbol munduan Basauriko (Bizkaia) Basconia futbol taldean jokatzen hasi zenetik, Makatza da eta izango da zarauztar guztientzako Jose Angel Iribar. Futbolari mitikoa, euskalzale porrokatua eta gizartearekiko gizon konprometitua, Zarauzko Udalak eman dezakeen izendapen nagusia jaso zuen atzo Iribarrek Zarauzko udaletxean egindako ekitaldian, Zarauzko seme kuttunarena, hain zuzen ere. 

Iluntze partean egin zuten ekitaldia. Aurresku batekin egin zioten harrera Iribarri udaletxe aurrean. Behin, barruan, leporaino bete zen pleno aretoan egin zuten seme kuttun izendatzeko ekitaldia. Txiki geratu zen aretoa, eta lagun, familiarteko eta herrikideez gain, bertan izan ziren Athletic klubeko hainbat kide ere: Javier Clemente, Andoni Goikoetxea edota Iñaki Txurruka eta Estanis Argote futbolari ohi eta herrikideak. 

Xabier Txurruka Zarauzko alkateak ekitaldi hasieran azaldu zuenez, udalean ordezkatuta dauden hiru talde politikoen adostasunarekin hartu dute Iribar Zarauzko seme kuttun izendatzeko erabakia. "Iribarrek herri honekin erakutsi duen harrotasunagatik merezi du errekonozimendu hau", esan zuen alkateak.

Iribarren figuraren errepasoa egin zuen Txurrukak, 1941. urtean Zarauzko Makatza baserrian jaio zenetik –hortik datorkio Iribarri izengoitia– gaur egunera arte. Atezain gisa Zarauzko plaierotan "edo Munoa plazako tamarindo artean egokitutako ate inprobisatuetan" hasi zela gogoratu zuen. Bere kirol ibilbidearen garrantzia ere azpimarratu zuen: "1962an egin zuen debuta Athleticekin Malagaren aurka jokatutako partidan. 18 urtez izan zen taldeko atezain, eta 614 partida jokatu zituen klubarekin. Bera da Athleticekin partida gehien jokatu duen jokalaria. Bi Kopa irabazi zituen eta Eurokopa bat ere bai, 1964koa, Espainiako selekzioarekin. Euskadiko selekzioarekin ere jokatu zuen, 1979an izan zen, Irlandaren aurka. Ondoren, euskal selekzioko entrenatzaile ere izan zen". Iribarrek eta Realeko kapitain Inaxio Kortabarriak 1976an, Donostiako Atotxa futbol zelaian ikurrina atera zuteneko une historikoa ere gogoratu zuen Txurrukak. Euskal kiroleko, politikako eta, oro har, gizarteko une garrantzitsua izan zen hura, ikurrina oraindik ere legez kanpo zegoelako.

Erreferentea eta estimua jaso duen pertsona

"Euskal kirolaren erreferente izan da zelaian, baita zelaitik kanpo ere. Izaeraz apala, futbolean eta futboletik kanpo estimua irabazi zuen pertsona da Iribar. Ohore handi bat Jose Angel Iribar Zarauzko seme kuttun izendatzea", nabarmendu zuen Txurrukak Iribarri domina eman aurretik. Txalo zaparrada luze eta sentikorra eskaini zion Iribarri bertaratutako jendeak.

Zarauzko udalean ordezkatuta dauden taldeetako ordezkariek ere izan zuten hitz batzuk esateko aukera. Hala, PSE-EEko Inaxio Illarramendik gogoratu zuen herenegun bete zirela 45 urte Iribarrek atezain izateari utzi ziola. "Handik kanpo lana handia egin du Zarauzko izena munduan zabaltzen". EH Bilduko Itziar Muruak Iribarren izaera konprometitu eta lehiala gogoratu zuen, eta futbolean ona izateaz gain, "futbolzale eta Euskaldun guztientzako erreferentea" izan dela ere azpimarratu zuen, baita "momentazoa" bihurtzen zela plaieroetan sariak ematera hurreratzen zen momentua. EAJko Garbiñe Oiarbidek, berriz, "enbaxadore" izan dela esan zuen, "ez Athleticekoa bakarrik, baita Zarauzkoa ere". Iribarrek euskalzaletasuna ere aipatu zuen, eta gogoratu zuen berak emandako diru kopuru batekin osatu zutela euskarazko lehen hiztegia.

Espero ez zuen errekonozimendua

Hunkituta azaldu zen omendua bertaratutakoei hitz egiterako orduan eta jasotako izendapena eskertzerako momentuan. "Eskerrak bihotz bihotzetik ateratzen zaizkit" esan zuen futboleko mitoak. Eskertu zuen erabakiak talde guztien erabakiarekin hartu izana, "talde egitea ezinbestekoa delako", eta izendapena espero ez zuela ere onartu zuen. "Urte asko ditut eta ibilbidearen amaiera bezala ikusten dut oroigarri hau. Zer gehiago eskatu daiteke norberaren herrian halako errekonozimendu bat jasotzea baino. Benetan betetzen nau honek", esan zuen Iribarrek. 

Andoni Egañak kantatutako bertso batzuekin bukatu zen ekitaldian. Amaieran, bertaratutako lagun, taldekide, familiarteko eta ezagunekin egoteko aukera izan zuen Jose Angel Iribarrek, baita argazkiak sinatzeko eta ekitaldira hurreratu ziren athleticzaleak agurtzeko denbora hartu ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide