Gerra garaian herritik ihes egin behar izan zuten umeak omendu ditu udalak

Mireia Galarza Bastida 2024ko abe. 13a, 11:00

Atzoko omenaldia Modelo aretoan. (Mireia Galarza Bastida)

Omenaldiaz gain, Itsasoaren (h)egiak dokumentalaren proiekzioa ere izan zen atzokoan Modelon. Zarautzen errefuxiatuekin diharduten elkarteek ere izan zuten oholtzara igotzeko aukera, eta horretaz gain, Zabiullah Haidary mediku afganistandarraren istorioa entzuteko parada izan zuten ikusleek. Bestalde, Modelora gerturatu izan ezin zutenek gaur 22:00etan izango dute aukera dokumentala ikusteko, Guka telebistan.

Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, gerra garaian herritik ihes egin behar izan zuten umeei omenaldia egin zien Zarauzko Udalak atzo Modelo aretoan. Aitortza eta eskertza hitzez betetako ekitaldia izan zen, Xabier Euzkitzek gidatua.

Jesus Arana Gizarte Politiketako zinegotzia izan zen hitza hartzen lehenengoa. Bere hitzetan, giza eskubideak "unibertsalak eta ukiezinak" dira, "munduko herritar guztientzat". Gogoan izan zituen Euskal Herritik ihes egin behar izan zutenak, eta azpimarratu zuen horietako askok itsasoa bide hartuta erbesteratu behar izan zutela. Gaur egun ere, eremu hori "giza tragedia baten lekuko isila" dela gehitu zuen. "Eskerrak hona iristen direnei laguntzeko elkarteak dauden (...) Zarauzko Udalak diruz laguntzen die horiei, eta asmo horrekin jarraituko dugu aurrerantzean ere", azaldu zuen.

Ondoren, ekitaldira gonbidatutako elkarteen ordezkariak igo ziren oholtzara, hain zuzen ere, Hotz Zarautz, SMH, Zaporeak eta Saharautz elkartetako kideak. Horiek guztiek beraiek egiten dituzten ekintzen berri eman zuten. Azalpenak emanda, Gukak Zarauzko Udalarentzat egindako Itsasoaren (h)egiak dokumentala bota zuten aretoan.

Hori eta gero, Zabiullah Haidary mediku afganistandarraren istorioa entzuteko parada izan zuten ikusleek. Berak, aurkezpen hitzak euskaraz egin ostean, azaldu zuen egun batetik bestera utzi behar izan zutela Afganistan. "Oso gogorra izan zen, baina orain Zarautzen etxean bezala sentitzen naiz", zioen. Horretaz gain, homologazio prozesuekin buru belarri dabiltzala ere eman zuen aditzera. "Oso luze joaten dira horrelako kontuak, baina ez dugu amore emango".

Amaieran, Jon Ganbra Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendariak eta Xabier Txurruka Zarauzko alkateak lore sorta bana eman zien gerra garaiko ume nahiz beraien familiako kideei: Miren Lore Aldabaldetreku, Milagros Nieto eta Andoni Odriozola -azken bi horien izenean seme-alabak joan ziren-. Horiek errealitatearen lekuko batzuk besterik ez ziren izan, izan ere, orotara Zarauzko 89 umek ihes egin behar izan zuten legez kanpoko altxamendu faxistaren ondotik.

Dokumentala, gaur Guka telebistan

Modelora gerturatu izan ezin zutenentzat Gukak ikusgai jarriko du bere telebistan Itsasoaren (h)egiak dokumentala. Hain zuzen ere, gaur 22:00etatik aurrera ikusi ahal izango da hori, eta astelehenetik aurrera ikusgai egongo da Zarautz Guka eta Guka webguneetan. Bertan, Andoni Odriozola errefuxiatu zarauztarra da protagonista.

Sariak eman ostean hitz egin zuen Xabier Txurruka Zarauzko alkateak. (Mireia Galarza Bastida)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide