Zarauzko hondartzaren bueltan dauden azpiegitura batzuk moldatuko dituzte datozen urteotan klima aldaketaren ondorioz gerta daitezkeen kalteak ekidin ahal izateko. Horren berri eman dute Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburuak Xabier Txurruka Zarauzko alkateak gaur goizez Zarauzko Munoa plazan eman duten prentsaurrekoan. Haiekin batera izan dira Josu Bilbao, Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordea eta Adolfo Uriarte, Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria; baita Alexander Boto, Ihobeko zuzendari nagusia eta Mari Mar Alonso, Klima Ekintzako zuzendaria ere. Iragarritako lan horien bidez, Zarauzko herria itsas mailaren igoerara eta klima aldaketaren ondoriozko olatuen arriskura egokituko dutela iragarri dute.
Malekoiaren zati bat eta Munoa plaza eraberrituko dituzte lan hauen bidez. Hala, Narros jauregia eta Marinel kalera arte ia 200 metro inguruko Malekoiaren zatiko kota metro erdian igoko dute. Ez hori bakarrik: Munoa plazaren zati bat era eraitsiko dute. Hain justu, Munoa azpitik tunel modukoa sortzen duen zatia. Behin lanak eginda, plazako balaustrada Narros jauregian arrasean joango da, eta haren azpian doan tunela kenduko dute. "Horrela, adin bat dugun zarauztarrok ezagutzen genuen Munoaren antza izango du aurrerantzean”, gogoratu du Xabier Txurruka alkateak. Horrekin batera, hondartzako lehen sarbidea –eskailerak zein arrapala–, kenduko dituzte, eta beste sarbide bat jarriko dute arrapala bidez malekoitik hondartzara jaisteko. Pasealekua olatuetatik babesteko horma bat eraikiko dutela ere informatu dute
Itsasoak malekoiko lokaletan eragin ditzakeen kalte ekonomikoak ekiditeaz gain –zentru horretan, 2014ean denboraleek eragindako kalteak gogoratu zituen Mikel Jauregi sailburuak–, Txurrukaren esanetan, lan hauek Zarauzko "altxor nagusia” den hondartza babestea ere helburua dute. "Ezer ez badugu egiten, klima aldaketaren ondorioz hondartzaren %30 galdu dezakegu, eta ez dago dirurik hori ordainduko duenik”, nabarmendu du.
Hondarra mantendu
Datorren urtean hastea espero duten lan hauen erronka nagusia itsasoak eramaten duen hondar kopurua murriztea dela esan zuen alkateak, "hondarra delako hemen dugun barrera naturala. Egindako ikerketek erakutsi digute Munoako eskailerak kentzea beharrezkoa dela hondarra bertan mantentzea nahi badugu”, esan du udal agintariak
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua, bere aldetik, klima aldaketak Zarauzko hondartzan eragin ditzakeen aldaketez aritu da. Bere esanetan, "komunitate zientifikoak itsas maila 26 zentimetro igoko dela aurreikusten du 2050erako Euskal Herrian, eta 51 zentimetro eta metro bete artekoa 2100erako. Kostaegoki proiektuak jasotako datuen arabera, eremu horretan ez jarduteak, termino absolutuetan, Zarauzko hondartzak 21.000 metro koadro inguru galtzea ekarriko luke 2050ean, eta 40.000 eta 57.000 metro koadro artean 2100era arte”. Termino erlatiboetan, beti ere egindako ikerketaren arabera, kaltetutako lehen hamar hondartzen artean egongo litzateke Zarauzkoa, eta 2050erako azaleraren %30 gal lezake, eta %65 eta %90 artean 2100ean.
Aldi berean, Zarauzko eremu urbanizatutako zati bat ere galdu lezake klima aldaketaren eraginez. Prentsaurrekoan emandako datuen arabera, 2050erako Zarauzko lau hektarea kaltetuko lituzke, eta 5 eta 7 hektarea artean 2100erako. "Klima-aldaketaren ondorioz hareatzak izan duen bilakaerak inpaktu ekonomiko potentzialak izan ditzake, aisiarako erabilera faltagatik, baina, garrantzitsuena, atzera-egiteak kostaldeko zerrenda horretako egiturak eta eraikinak babesik gabe uztea ekarri duelako”, azaldu du Jauregi sailburuak.
Europako laguntza
Xabier Txurrukak iragarri duenez, 2025. urte hasieran aterako dituzte lanak lizitaziora, 1,5 milioi euroko zenbateko ekonomikoarekin. Jarduerak Europako Batzordeak abiatutako Life IP Urban Klima 2050 proiektuari esker egingo direla ere gaineratu du Jauregik. "Proiektu horren iraupena beste urtebetez luzatuko da, 2026. urtearen amaierara arte, ekintza berri horiei ekiteko eta lurralde erresilienteagoa lortzeko. Orain arte, Ihobek koordinatutako proiektuak 13.879.000 euro inbertitu ditu, hasieran aurreikusitako guztizko zenbatekoaren %70, klimara egokitzeko proiektuan jasotako 40 jardueretarako".
"Pentsatzen dugu urte erdiko epean izango dugula lanen proiektua, baina uda erresperatu egingo dugu, eta lanak 2025eko amaieran edo 2026ko hasieran abiatuko dira", esan zuen Txurrukak. Beraz, datorren urteko udan izango da Munoa gaur egun dagoen bezala ikusteko azken aukera", adierazi du alkateak.