2024ko Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietako bigarren saria irabazi duzu. Zer esan nahi du sari horrek zure ibilbidean?
Nik ez dut ikerketa arloan lan egiten, hizkuntza aholkularitzan baizik; beraz, horrelako zerbait aurkeztu eta irabazten dudan lehenengo aldia da. Duela bi aste inguru esan zidaten bigarren saria irabazi nuela, eta sekulako albistea izan zen niretzat. Egindako lanari aitortza egitea da, eta oso eskertuta nago epaimahaiak nire lana hautatu izanagatik.
Propio lehiaketarako egindako lan bat da aurkeztu duzuna edo aurretik egindako ikerketa bat?
Duela urtebete inguru amaitu nuen masterra, eta zehazki, Master Amaierako Lanaren laburpena da aurkeztu dudana. Hau da, ez da propio lehiaketara aurkezteko egindako zerbait. Nire bi ikasketa ibilbideak uztartzen dituen lan bat dela esango nuke. Izan ere, egun lan egiten dudan hizkuntza kudeaketaren arloa eta masterrean egin dudan herritarren partaidetza eta komunitatearen garapena barne hartzen ditu.
Partaidetzazko lankidetzak hizkuntza politiken eremuan: 2014-2023 artean Gipuzkoako kasua aztergai izena du lanak. Izenburu oso luzea du. Jendeak erraz uler dezan, zein da lanaren ardatza?
Lanaren jomuga izan da euskararen sustapena helburu duten hiru proiekturen sakontasun demokratikoa neurtzea. Gaur egun badaude eragile pila bat euskararen alde lanean dabiltzanak, eta horiek mota askotakoak dira. Eragileez gain, erakunde publikoek, aldundiak eta abarrek ere egiten dute lan horretan. 60ko hamarkadatik ari dira harremantzen arlo horiek guztiak, eta beren arteko harremanak eta proiektuak aldatzen doaz, gizartea aldatzen doan moduan. Demokrazia hitza modan dagoen garai honetan, ezinbestekoa da aztertzea aipatutako proiektu horien arteko harremanak nolakoak diren, eta denak aztertzea ezinezko denez, hiru aukeratu ditut nik. Hiru proiektu horiek gobernantzan oinarritzen dira; horrek esan nahi du ez direla hierarkikoak, administrazio publikoak eta euskalgintzako eragileek parte hartzen dutela, eta herritarren partaidetza ere badagoela. Horrez aparte, erabakiak partekatuak direla esan nahi du, eta modu horizontalean lan egiten dutela, besteak beste. Azterketa egiteko hamar adierazle hartu ditut, demokraziaren irizpideak direnak, eta eragileei galdetzen joan naiz ea beren egunerokoan irizpide horiek nola bizi dituzten.
Ia hamarkada bat hartu duzu aztergai. Zergatik iruditu zitzaizun interesgarria denbora tarte hori?
Gai honen inguruan ez dakit asko oraindik, baina historikoki administrazioaren funtzionatzeko era aldatzen joan da, eta nik bilakaera hori aztertu nahi izan dut. Izan ere, duela hamarkada batzuk administrazioa oso burokratikoa zen, baina azken urteetan indarra hartzen ari da lankidetzazko gobernantzaren paradigma, eta administrazioa horretara egokitzen ari da, Gipuzkoako Foru Aldundia kasurako. Aipatu bezala, bertako hiru proiektu aukeratu ditut nik azterketa egiteko, eta aukeraketa hori ez da kasualitatea izan.
Zer ondorio atera dituzu?
Orokorrean esanda, hiru proiektuak demokratizatzaileak direla ondorioztatu dut. Aurrera begira ondo doazela uste dut, eta bide horretatik jarraitu behar dutela. Halere, ondorioztatu dut ez dituztela betetzen lankidetzazko gobernantzaren ezaugarri guztiak, eta hainbat zailtasun dituztela teoriak dioena errealitatera ekartzeko. Horrez aparte, jakin dut hiru proiektu horiek positiboki eragiten dutela euskalgintzako eragileen harremanetan. Ikusi dut, baita ere, euskalgintzako eragile horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko hizkuntza politikan iritzia emateko aukera dutela, baina ez erabakiak hartzeko. Gainera, behatu dut Gipuzkoako Foru Aldundia lankidetzazko gobernantza bitartez proiektuak kudeatzen hasteak hizkuntza politikak protagonismoa hartzea ekarri duela; hau da, beste sektore batzuk ere jarri direla horri begira. Azkenengoa ezin dut guztiz ziurtatu, baina nik elkarrizketatu ditudan pertsonek esan didate merkatuaren logikarekin funtzionatzen duten eragileetan ez duela oztopatzen herri mugimenduaren parte hartzeak.
Ondorio horiek oinarri hartuta, erronkak ere planteatu dituzu. Zein dira?
Modu orokorrean esateko, lanean jarraitu behar dela esango nuke, baina egiten ari diren ibilbidea aproposa da, eta hortik jarraitu behar dute.
Lana non eta noiz argitaratuko da?
Datorren udaberrian argitaratuko da proiektua, Bat Soziolinguistika aldizkarian.
Behin saria jasota, lanarekin aurrera jarraitzeko edo aztertzen jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Gustatuko litzaidake, beste modu batera bada ere, gaia jorratzen jarraitzea. Gizarte modura gaia ikertzen jarraitzea garrantzitsua dela iritzi diot, benetan euskararen egoera hobetzea nahi badugu. Gainera, aurrera begira, aproposa irudituko litzaidake pertsona gehiagok parte hartuko balute, sarea handiagoa izateko. Horrez aparte, esan beharra daukat nik hizkuntzaren zapalkuntzari bakarrik erreparatu diodala, baina bestelako zapalkuntzak nola birproduzitzen diren ere aztertzea interesgarria izango litzateke.