Zarauzko saihesbide berriko lanak lizitatuko ditu aldundiak 12 milioi eurotan

Onintza Lete Arrieta 2024ko abe. 5a, 15:59

Errotaberri ingurua. (Zarauzko udala)

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak gaur hartu du erabakia, eta lanak hemezortzi hilabeteko epean burutuko dituzte. Saihesbideak 1,5 kilometro izango ditu, Astiko biribilgunean hasi eta Frantsesbidea kalera arte, hortik Errotaberri eta Abendaño industrialdeetara jarraitzeko. Xabier Txurruka alkateak poza agertu du, eta bere esker ona adierazi dio aldundiari.

Zarautzen saihesbide berria egiteko obrak lizitatzea onartu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak. Lanek 12.019.745,64 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute, eta hemezortzi hilabetean burutuko dituzte, obraren plangintzan zehaztutakoaren arabera.

Azpiegitura berriak bi errei izango ditu (noranzko bakoitzean bat), eta 1.560 metroko luzera, Astiko biribilgunetik (AP-8 irteera) hasi eta Frantsesbidea kalearekin bat egiten duen arte. Bide berria Astiko egungo biribilgunean hasiko da, adar berriari lekua emateko egokituko dena, eta, hortik, adar berri hori Bidegiko instalazioen atzetik igaroko da, bi noranzkorekin, eta autobidea zeharkatuko du, Sarobeaundiraino. Bertan, biribilgune berri bat eraikiko da, eta han AP-8 autobideko irteera-trafikoek bat egingo dute, mendebaldetik (Bilbo) datozenak.

Bideak Buztinzuriko biribilguneraino jarraituko du, eta bertan adarretako batek saihesbidea eta Zarauzko hirigunea lotuko ditu, egungo autobide azpiko pasabidetik. Bidea 'T' formako bidegurutze batean amaituko da, Frantsesbidearen parean, eta bertan bigarren konexio bat izango du hirigunearekin eta Errotaberri eta Abendaño industrialdeekin. Horrela, Zarautzen trafikoen banaketa hobetzea lortuko da, batez ere industrialdeetan jatorria edo helmuga duten ibilgailu astunei dagokienez.

Xabier Txurruka alkatea, pozik

Saihesbidearen helburua da herrigunea zeharkatzen duen N-634 errepidetik industria-jardueraren zirkulazioa deskargatzea, eta Zarautz hegoaldeko auzuneak hobeto komunikatu ahal izatea. "Horrek eraldaketa handia eragingo du herrian", Irune Berasaluze foru bozeramailearen esanetan.

Xabier Txurruka alkateak, berriz, bere poza eta esker ona adierazi dizkio aldundiari, Zarautzerako albiste "ezin hobea" jaso ondoren: "2024 hau amaitzeko jaso genezakeen albisterik onena da, esan nahi baitu 2027an trafiko astuna egunero jasaten duten auzoetan bizi kalitatea nabarmen hobetuko dela, Zarauzko industrialdeetara iristeko hirigunea zeharkatu beharrik izango ez duela eta, gainera, industrialdearen zabalpenak sarbide berriak izango dituelkoa bere jarduera eta lehiakortasuna hobetzeko".

Aurtengo irailean, aldundiak Zarautzen egin zuen Gobernu Kontseilu ibiltaria, eta orduan jakinarazi zuten urtea amaitu aurretik lizitatuko zituztela lan hauek. Lanen inguruko hainbat xehetasun ere eman zuten orduan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide