Eider Gurrutxagak Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietako bat irabazi du

Julene Frantzesena 2024ko aza. 26a, 13:47

Eider Gurrutxaga. (Soziolinguistika Klusterra)

Zarauztarrak bigarren saria irabazi du, Gipuzkoako hizkuntza politikaren baitako hiru egitasmo aztertzeko gauzatu duen lanagatik. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 10ean egingo dute, Bilbon. Egileek saritutako lanen gaineko azalpenak emango dituzte ekitaldi horretan.

2024ko Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietako bat jasoko du Eider Gurrutxaga zarauztarrak. Bigarren saria irabazi du hark, Partaidetzazko lankidetzak hizkuntza politiken eremuan: 2014-2023 artean Gipuzkoako kasua aztergai lanari esker. Ondorioz, 1.300 euroko diru saria jasoko du Gurrutxagak.

Gauzatu duen lanean, Gipuzkoako hizkuntza politikaren barruan, maila teorikoan, gobernantzaren bidez antolatutako hiru egitasmo aztertu ditu Gurrutxagak. Lankidetzazko gobernantza ebaluatzeko hainbat autorek erabilitako neurgailuak oinarri hartuta eta proiektu horietako protagonista direnen testigantzak bilduta osatu du analisia.

Gainera, sakontasun demokratikoaren eta demokratizazioaren ikuspegia aintzat hartu du, eta Gipuzkoako errealitate soziolinguistikoan edota hizkuntza politikan eragitea helburu duten hiru egitasmoren etorkizuneko indarguneak eta erronkak indentifikatu ditu.

Sariak, abenduaren 10ean

Saritutako lanen egileei sariak emateko eta lan horiek laburpenak jendaurrean aurkezteko ekitaldia prestatu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Abenduaren 10ean, asteartez, izango da hitzordua, EHUren Bizkaia aretoan, 17:00etatik 19:00etara bitartean.

Gurrutxagak ez ezik, saritutako gainerako lanen egileek ere emango dituzte azalpenak egun horretan. Txillardegi-Hausnartu sari nagusia Arrate Illarorentzat izan da, Giza baliabideen kudeaketa euskararen normalizazioaren sektorean: talentua atxikitzea eta pertsonen motibazioari eustea (faktoreak, indarguneak eta erronkak) lana tarteko. Hirugarren saria, berriz, Oihane Alavak jasoko du, Durangaldeko 16-18 urte bitarteko gazteen euskararen erabilera arau sozialen zokoan lanari esker.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide