Azaroaren 25a

Tratu onaren inguruko mikrokosmos sentikorra

Aritz Mutiozabal 2024ko aza. 19a, 10:00

Arrate Rodriguez artista, erakusketa bat muntatzen. (Carlos Ndungmandum)

Nitar izatea esperientzia sentikorra eskainiko du bigarren aldiz gaur, Zarauzko Emakumeen Etxean, Arrate Rodriguez artistak. Lau saio egingo dituzte, 18:00etan hasita.

Azaroaren 25aren harira, Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak hainbat ekitaldi antolatu ditu hilabete osorako. Horietako bat Arrate Rodriguez artista errenteriarrak (Gipuzkoa) gidatutako Nitar izatea izeneko egitasmoa da; bi egunetan banatu dute ekintza –lehena, hilaren 12an egin zuten, eta bigarrena, berriz, gaur bertan izango da, 18:00etan–, eta egun bakoitzean lau saio izango dira. "Nitar izatea lana Zarautzerako egin dut, batez ere zarauztarrentzat. Aurtengo leloa tratu onak denez, horren harira prestatu dut, eta, gainera, interbentzio estoizistiko baten arteko nahasketa proposatzen dut", laburbildu du Rodriguezek.

Interbentzio hitza erabili duen arren, artistak nahiago du "esperientzia sentikorra" deitu egitasmoari, "azkenean, guztia baita esperientzia bat". Emakumeen Etxearen ondoan dagoen zati txiki bat baliatu dute proiektua gauzatzeko, eta hortxe bertan biziko dute emakumeek esperientzia. "Espazioan modu batean sartzen zara, eta pitin bat aldatuta atera", esan du Rodriguezek.

Sormenetik eratua

Artista errenteriarrak ez daki ziurtatzen egitasmoan parte hartzen duten emakumeek saioa eraberrituta bukatzen duten ala ez. Inork ez dio esan halakorik oraindik, eta ez du uste horrenbesterainokoa denik ere. Edonola ere, esperientzia bizi ondoren, "seguru zerbait aldatuta irteten direla" baieztatu du.

Rodriguez, artista den heinean, zuhurra da bere obrarekin, eta ez ditu Nitar izatea lanaren erraiak kanporatu. Ez du hitzez kontatu nahi saioetan gertatu eta ikusiko dena, bestela akabo grazia. "Gidaria izango naiz ni, eta nire esku egon da ardura guztia. Espazioan egiten den interbentzio horretatik hasi eta agertzen diren testu, pieza eta abar guztia nire sormenetik espresuki eratua da", zehaztu du. Halaber, mundu bat sortu duela azpimarratu du, zehatzago esateko: "Tratu onen mikrokosmosa".

Eragin positiboa

Lehendabiziko egunean, estreinako Nitar izatea egitasmoan, hogei lagun inguruk parte hartu zuten, eta jendea «gehiagoren gogoarekin» geratu zela adierazi du Rodriguezek: "Niretzako oso seinale ona da hori, baina egia da saioa motz geratu zitzaiela. Orduan, astearte honetan [gaur] errepikatu egingo dute esperientzia". Artista errenteriarrak ez du baieztatu nahi lagungarri egin zitzaienik; haren ustez, «gehiegi» esatea da hori. Hala ere, modu positiboan eragin zuela kontatu du: "Adibidez, azkeneko parte hartzaileekin egon nintzen, eta oso pozik zeuden saiora etorri zirelako. Tira, kanpoan euria ari zuen eta hotz ere egiten zuen, eta gure mikrokosmosean goxo-goxo egoten zen". Konparazioak gorrotagarriak diren arren, esperientzia bizitzea "zineman sartzea bezala" dela aitortu du Rodriguezek.

Ez da artistak gisa honetako instalazio batean parte hartu duen lehen aldia. Duela hiru urte, Dejabu konpainiarekin eta Carlos Ndungmandum diseinatzailearekin, Naon-Tokin izeneko esperientzia sentikorra landu zuen. Rodriguezen esanetan, "site specific moduan" aurkeztu zuten proposamena, eta orduan lau soilaruko eraikin batean egin zuten, Errenteriako liburutegi zaharrean. "Kosmos oso bat sortu genuen, ordubeteko bidaia batekin, eta beste modu batean gidatuta».

Artistak dio Naon-Tokin egitasmoa ezagutu zuenak ulertuko duela Nitar izatea nondik nora doan. «Gogora ekarriko du, bai, baina Zarauzkoa haren bertsio murriztua da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide