Haurren garapen emozionala osasuntsu bermatzeko tailerra

Aritz Mutiozabal 2024ko urr. 30a, 10:00

Lau neska-mutil etzanda, laku baten ertzean. (Pixabay)

6 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei bideratutako saioak izango dira Zarautzen, azaroko asteazkenetan; bihar bukatuko da izen emate epea.

Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuek Garapen emozional osasuntsua izeneko tailerra antolatu dute, 6 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei bideratuta. Nerea Mendizabal psikopedagogo zestoarrak gidatuko du, eta azaroko asteazkenetan izango dira saioak; hau da, hilaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 17:30etik 19:30era, Zuberoa kaleko 22. zenbakian.

Haurren garapen emozionalak garrantzi handia duela nabarmendu du Mendizabalek: «Alde batetik, orainaldian, ongizate emozionala, estresa kudeatzea, autoestimua eta harreman osasuntsuak laguntzen dituelako». Bestetik, etorkizunari begira, honakoa dio psikopedagogoak: «Helduaroan, emozionalki egonkorragoak eta harremanetan, lanean nahiz bizitza pertsonalean arrakastatsuagoak izaten laguntzen du».

Tailerreko saioetan hainbat helburu izango dituzte; esaterako, haurraren garapen emozionala ulertzea, haurren jarrerak bideratzeko estrategiak eskuratzea, gurasoen eta haurren emozioak kudeatzeko trebetasunak garatzea, gurasoak seme-alaben bidelagun diren heinean haien funtzioak zehaztea eta gatazken kudeaketan abileziak praktikatzea.

Garapen egokia lortzeko, Mendizabalen ustez, beharrezkoa da haurrei emozioak adierazteko eta erregulatzeko laguntza eta baliabideak ematea. «Horretarako, segurtasun espazio bat dutela sentitzeko, emozioak ezagutzen, aitortzen eta adierazten ikasi behar dute. Azken finean, frustrazioari aurre egiteko eta gatazkak modu egokian konpontzeko gaitasunak garatzen lagundu behar zaie, trebetasun sozialak garatuz. Jolasak eta dinamikak txertatzeak erraztu egin dezake hori», zehaztu du.

Horretan guztian «inportantea» da helduek ere gai horretarako «abileziak» izatea. «Izan ere, gure ongizateaz arduratzeaz gain, helduok emozioak ondo kudeatzeak haurrek ere beraienak erregulatzea erraztu dezake», argitu du psikopedagogo zestoarrak.

Mendizabalen iritziz, gurasoek eta zaintza lanetan aritzen direnek dute giltzarria haurren garapen emozionalean, bereziki lehendabiziko urteetan. Aldi berean, handitzen doazen heinean, beste erreferente batzuek ere indar handia izango dute haien bizitzan, bereziki irakasleek, hezitzaileek eta lagunek, nerabezarora gerturatzen doazen neurrian.

Emozioen kontzientzia

Garapen emozional osasuntsua tailerra 6 eta 12 urte bitarteko adin tartean oinarrituko da bereziki, haurren garapen emozionalerako eta sozialerako «oso garrantzitsua» delako. Adin tarte horretan haurrak beren nortasunaren eta emozioen kontzientzia handiagoa izaten hasten direla aditzera eman du: «Hori da haien autoestimua eta norberaren balioak garatzen doazen garaia». Tailerrean izena emateko epea bihar bukatuko da, eta inskripzioa egiteko propio sortu duten blog batean eman behar da izena.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, leku mugatuak izango dira, eta gutxieneko pertsona kopuru batek eman beharko du izena saioak aurrera ateratzeko. Aitzitik, dagoen toki kopurua baino jende gehiagok izena emango balu, Zarauzko bizilagunek izango lukete lehentasuna. Ikastaroak hamar euroko kostua izango du, eta ikastaroa egingo dela eta onartuen zerrenda argitaratzean ordaindu beharko da. Informazio gehiago nahi duenak prebentzioa@zarautz.eus posta elektronikora idatz dezake.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide