Etxebizitza turistikoen gaia herritarrengan kezka sortzen duen horietakoa da, baita Zarautzen ere. 2008koa da Zarauzko Hiri Antolamendurako azken Plan Orokorra, eta bertan, ez dago jasota etxebizitza turistikoak arautzen dituen legerik. Horregatik, orain arte, Euskadiko Turismoaren 13/2016 Legea aplikatu dute herrian, etxebizitza partikularretan ostatua hartzea arautuko zuela iragarri zuena. Beraz, orain arte interpretatu da etxebizitza diren heinean, bizitoki erabilera baimentzen den lekuetan ezarri daitezkela etxebizitza mota horiek.
Horrek asko ugaritu ditu etxebizitza turistikoak, eta horrenbestez, azken urteotan zenbait epai izan dira bizitoki erabilera baino, ostatu erabilera kontsideratu behar direla esaten dutenak. Interpretazio aldaketa hori oinarritzen duen txosten teknikoa aztergai izan zuten joan den urriaren 17ko Lurralde Batzordean eta aho batez onartu zuten. Horrek esan nahi duena da hemendik aurrera jasotako eskaerak interpretazio berriaren baitan aztertuko dituztela, eta ondorioz, mugatu egingo dituztela. "Interpretazio aldaketa honek gaiari lasaitasun handiagoarekin heltzeko aukera emango digu, asko mugatuko baitu aurrerantzean etxebizitza turistikoak ezartzeko aukera” adierazi du Garbiñe Oiarbide Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak.
Ondorioak, praktikan
Praktikan, interpretazio aldaketak honako eragina izango du: Etxebizitza Turistikoak ezartzeko aukera izango da, oro har, etxebizitza eraikinetako lehen solairuan, soilik 2008 urtekoa baino lehenengokoa bada eraikina edo, edozein solairutan, sarbide propioa badu, hau da, gainerako bizilagunek erabiltzen duten ezkaratzetik apartekoa badu. Alde Zaharrean, Zabalgunean eta Salberdinen ez da baimenduko Etxebizitza Turistikorik.
"Zarauzko etxebizitzaren egoerari eta etxebizitza eta apartamentu turistikoen eraginari buruzko azterlana lantzeak aukera eman digu datuetan oinarritutako diagnosi erreal bat egiteko eta diagnosi horretan sakontzen jarraitzen dugu” azaldu du Oiarbidek. Gainera, EUDELen baitan sortu den lantalde batean ere badabiltzala azaldu du zinegotziak, "etxebizitza eta logela turistikoen erregulazioa bateratzeko proposamen bat lantzen”. Udalak gehitu du, horretaz gain, interpretazio aldaketa honekin, gaiari herritarrekin eta eragileekin batera helduko dietela.