Iñaki Uria: "Egun bakar batean suntsitu zuten urte askoan eta ahalegin handiz eraikitakoa"

Aitziber Arzallus 2024ko urr. 24a, 14:00

Iñaki Uria. (Intza Trula)

Iñaki Uriak (Zarautz, 1960) duela bi aste iragarri zuen Hamaika Telebistako zuzendari kargua uzteko erabakia, erretiroa hartzeko garaia iritsi zaiola eta. Bere ibilbideaz hitz egin du Gukasteka Zarauzko astekari digitalarekin.

Hemezortzi urtez Hamaika Telebistan izan duzun zuzendari kargua utzi, eta erretiroa hartu berri duzu. Zer sentipen dituzu etapa berriko lehen egunotan?

Oraindik mototik jaisten ari naiz, eta orain, hori egin nahi dut, atseden hartu, pilak kargatu, eta gero, ikusiko dugu. Orain oso ondo sentitzen naiz, oso gustura, denbora gehiagorekin, baditut oraindik lan batzuk bukatzeko, baina zama handiena talde berriaren esku utzita daukat. 

Lau hamarkadatik gora egin dituzu euskalgintzan buru-belarri lanean, baina hasi, Medikuntza ikasten hasi zinen. Zerk bultzatu zintuen euskalgintzaren bidean sartzera?

Medikuntza ikasten Iruñean hasi nintzen, Opusen, eta bokazioz hasi nintzen, gogoa neukalako eta gustatu egiten zaidalako. Garai hartan, Joxe Migel Barandiaran astean behin-edo joaten zen Ataundik [Gipuzkoa] autobusez etnografiari buruzko ikastaroak ematera, zaletu egin nintzen horrelako gaiekin, eta beste kezka batzuk sortzen hasi zitzaizkidan. Kezka horiek gehiago zeuden lotuta euskararekin, Euskal Herriarekin eta abar, eta erabaki nuen Medikuntza utzi eta Euskal Filologia ikasten hastea. Horretan ari nintzela hasi ginen Susa aldizkariarekin, Zeruko Argia-n ere laguntza behar zuten... eta hortik etorri da nire ibilbide profesionala eta militantea, eta milintantziaren zati hori nabarmendu egin nahi nuke, uste baitut gaurko gazteentzat ere inportantea dela hori kontuan hartzea eta berreskuratzea.  

Zure ibilbideko unerik ilunena Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera izan zen, eta askok zure izena horri lotuta ezagutuko dute: atxiloketa, torturak, espetxealdia... Gertaera horrek egin duzun beste guztia itzalean utzi duen sentipenik ba al daukazu?

Ez, eta ez nau kezkatzen, gainera. Hori izan zen kapitulu beltz bat gure herrian, eta pertsonalki bizitzea tokatu zitzaigunontzat, beldurgarria. Baina, hortik aparte, kontuan izan behar da zer-nolako mina egin ziguten; zenbat urte, zenbat ahalegin, zenbat diru kostatu zitzaigun egunkari bat eraikitzea, eta hamahiru urte betetzear zela eta onenean zegoenean, nola egun bakar batean suntsitu zuten urte askoan eta ahalegin handiz eraikitako guztia. 

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, egin Zarautz Gukako bazkide, eta asteazkenero Gukasteka Zarauzko astekari digitala zure posta elektronikoan jaso duzu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide