Zenbat geruza izan ditzake itsasoak? Zaila dirudi erantzunak, likidoegia; bistakoagoak, ukigarriagoak, dirudite itsasoari lotutako beste geruza batzuek: moilan aurki daitezkeen txalupen, gurdien eta hormen gainazalek, esaterako. Argazki kamera hartu, makro forman jarri, eta geruza horiek erretratatzen aritu da Beñat Gereka bideogile eta argazkilaria (Getaria, 1989). Horietako batzuk hautatu, tamaina handian inprimatu, eta Itsas geruzak izeneko erakusketa ondu du. Argazkiak ez dira oraingoak, Itsasoak pizten gaitu dokumentala grabatzen aritu zenekoak baizik –2022an estreinatu zuen–, eta erakusketa ere ez da berria, dagoeneko Donostiako Itsas Museoan erakutsi baitu. Baina eskualdera ekarri du orain, Zarauzko Arkami estudioko hormetara, eta nahi duen orok ikusgai dauka astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 13:00etara eta 14:30etik 18:30era, abenduaren 11ra arte.
Moilaren argi-ilunak
Gerekaren aurreneko argazki erakusketa da, eta aitortu du helburu hori gabe hasi zela bildumako argazkiak ateratzen. "Bat-batean, 50 argazki neuzkan. Estetikoki gustatzen zitzaizkidan, baina ez nekien zer neukan esku artean, oinarri bat behar nuen. Lagun argazkilari bati –Koldo Badillo– erakutsi nizkion, eta emozionatu egin zen", kontatu du. "Konturatu ginen Bigarren Mundu Gerraren garaian bazela Aaron Siskind izeneko argazkilari bat, antzeko lan bat egin zuena kaleko kartelekin, eta modalitate horri art trove deitzen zaiola, topatutako artea, eguneroko kaleko objektuei balio artistikoa ematen dielako".
Hiruzpalau zentimetroan ikus daitezkeen xehetasunak dira Gerekak handitu dituenak; "oharkabean pasatzen dira, baina ondo arreta jarriz gero, hor daude". Arkami estudioan zintzilikatu dituen lanetan denetarik aurki daiteke: itsasontziak margotzeko erabiltzen den txalupa baten gainazal koloretsua, itsasontzi bateko erdoildutako hozkailua, Astillero jatetxearen atzeko horma... Ikusle bakoitzak bere erara interpretatzen ditu argazkietan ageri diren formak, eta Gerekarentzat "hori da polita, zerbait itxia ez izatea". Harentzat denboraren iragana erakusten du lanak, baina ez hori bakarrik. "Batetik, galtzen ari den itsas kulturaren eta errelebo faltaren ispilu da, baina, aldi berean, erakusten du moilak nolako kolore biziak ematen dizkigun, oraindik bizirik dagoela esanez bezala".