Amaitu dira udako oporrak, eta etxeko txikienei ere heldu zaie eskolara itzultzeko unea. Urduritasunez betetako eguna izan ohi da ikasturteko lehena haurrentzat, berezia, eta gaur, are bereziagoa izan da Orokieta Herri Eskolara itzuli diren 699 ikasleentzat; izan ere, Imanol Pradales lehendakariaren bisita jaso dute goizean hango ikasgeletan. Pradales lehendakariarekin batera, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eta Maider Cachon ikastetxeko zuzendariak egin dute bisita.
09:45 pasatxo zirela heldu da Pradales Haur Hezkuntzako eraikinaren sarrerara, eta bertan agurtu ditu Pedrosa, Txurruka eta Cachon. Jarraian, Orokieta HH eraikineko zenbait ikasgela eta patioa bisitatu dituzte, eta haurrekin zein irakasleekin solasteko tartea ere izan dute. Ondoren, Lehen Hezkuntzako hainbat haur arduratu dira lehendakariari baratzea erakusteaz, baita bertan burutzen ari diren proiektuak azaltzeaz ere. Bisita Lehen Hezkuntzako eraikinean amaitu dute, eta bertan ere izan dute ikasgelak ezagutu eta irakasleak eta haurrak agurtzeko aukera.
Pedrosari hitza eman aurretik, eskerrak eman dizkie Cachonek gaurko bisitan parte hartu duten guztiei, baina baita aurreko ikasturteetan Orokieta Herri Eskolako zuzendaritzaren parte izan direnei ere: "Azken denbora honetan gauzatu ditugun proiektuak ez dira kasualitate hutsa izan, Orokietan lan asko egiten baita. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet nire aurretik egon diren zuzendaritza talde bikainei, irakasleei eta hezitzaileei, egunero egiten duten guztiagatik. Eta ikasleei, nola ez. Eskerrak sukaldariei, atezainei, begiraleei eta garbitzaileei ere. Ezin dut ahaztu Balurdin Orokietako guraso elkartea, elkarrekin proiektu asko atera baititugu aurrera".
Zera gehitu du zuzendariak: "Orokieta eskola publikoa eta euskalduna da, irekia eta aniztasunean aberatsa. Ikas-komunitatea gara eta gure indargunea komunitatearen parte hartzea da, eguneroko eskolaren martxan eta baita erabakietan ere". Eskerrak emateko ez ezik, eskatzeko ere baliatu du tartea Cachonek: "Etorriko diren amets berriak egi bihurtzeko datozen proiektuen inbertsioetan parte hartzen jarrai dezazuen eskatu nahi dizuet Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saileko ordezkariei eta Zarauzko Udaleko ordezkariei". Amaitzeko, Nelson Mandelaren esaldi bat gogoratu nahi izan du zuzendariak: "Hezkuntza mundua aldatzeko daukagun tresnarik boteretsuena da", esan du. "Beraz, gaur hemen gaudenok badugu zer esana eta zer egina".
Hitza hartu berritan, Pedrosak hezkuntza sistemaren hobekuntzan "ilusioz" eta "anbizioz" jardutera animatu ditu guztiak, eta 2024-2025 ikasturteko lan-ildo nagusiak aipatu ditu: Lidergo pedagogikoa eta ikaskuntza- eta ebaluazio-eredu eraginkorretan aurrera jarraitzea ikerketa aplikatuaren eskutik eta maila guztietan, ekitatean aurrera egitea eta bizikidetzaren eta ongizatearen esparrua lantzen jarraitzea, hain zuzen ere.
Sailburuak gaurko agerraldian aurreratu duenez, 2024-2025 ikasturtean euskal eskola publikoa eraldatzeko I. Plan Estrategikoa jarriko dute martxan, "ikastetxeen hezkuntza kalitatea hobetzeko, hezkuntza-komunitatearen parte hartzea sustatzeko eta erronka berriei eraginkortasunez erantzungo dien ibilbide-orri argi eta egituratu bat izateko". Horrez aparte, "curriculumean sakontzen" jarraituko dutela jakinarazi du, "hobetzeko estrategia integral batekin, digitalizazio planaren jarraipena eginez eta hezkuntza-orientazioa indartuz". Hori horrela izan dadin, "irakasle taldeak ikasle guztien errealitateari erantzungo dion eskola inklusiboa indartzeko estrategietan gaitzen jarraitzeko" beharra azpimarratu du.
Pradalesen esanetan, "hezkuntza aurrerapen sozialaren oinarria" da, eta, horregatik, "autoexijenteak" izatearen beharrean egin du azpimarra. "Ziur nago Hezkuntza Lege berria funtsezko tresna izango dela horretan. Ikasleei hainbat konpetentzia eta ezagutza eskuratzeko lagunduko dien tresna izango da". Halaber, "Euskadikoa errespetuan eta kultura demokratikoan oinarritutako bizikidetza egokirako beharrezko balioak emango dituen sistema" izatea nahi duela esan du, eta "beharrezkoa" dela "eskola-segregazioari aurre egitea konbentzimenduz, segregazioaren aurkako Itun Sozialaren bidez".
Orokieta, "eraldatzailea"
Orokieta Herri Eskola ikaskuntza-komunitate "eraldatzailea" da, eta "euskararekin konprometituta dagoen kalitate handieneko eskola publikoa eskaintzeko" egiten du lan. Ikaslab gunea ezarri zuen lehen euskal eskola izan zen, eta 2021ean Erasmus + akreditazioa jaso zuen, ikasle eta irakasleei atzerrirako ateak irekiz.
Horrez aparte, "erreferentea" da 2030 Agendan: 2023ko Haurtzaroaren Aitorpen Saria eta 2024ko Euskadiko STEAM saria jaso zituen.
2024-2025 ikasturtea, datuetan
Euskadin, 2024-2025 ikasturtean, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako matrikulazioek %3 inguru egin dute behera. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, berriz, aurtengo matrikulazio kopurua antzekoa da aurreko ikasturtearekin alderatuta: DBHn 92.334 ikasle daude matrikulatuta, eta Batxilergoan, berriz, 33.202 ikasle. Lanbide Heziketan izan da aldaketarik nabarmenena; izan ere, aurten, aurreko ikasturtean baino %6,18 ikasle gehiago matrikulatu dira –guztira 48.772 ikasle–. Orotara, Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora bitarteko 358.463 ikaslek hasi dute gaur ikasturtea.
Sare publikoan igo egin da matrikulazioen kopurua: Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan %53 dira. Kopuru globalean, %51,6 dira sare publikoan matrikulatu diren ikasleak. Sare publikoko matrikulazio horietatik %94 D eredukoak dira.
Irakasleei dagokienean, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan joan den ikasturtean baino 139 irakasle gehiago daude, eta 617 gehiago DBHn eta Batxilergoan –756 profesional gehiago orotara–.