Bertsoek freskatuko dute bero-bero datorren astea

Julene Sorarrain 2024ko uzt. 11a, 09:00

Jakes Etxeberria, iazko Bertso Eguneko Txepelketan. (Aritz Mutiozabal)

Motxian-Etxebeltzek antolatuta, badator Bertso Astea, eta ez dira faltako ohiko bertso musikatuen emanaldia, bertso desafioa eta Bertso Eguneko Txepelketa.

Bero hasi da aste hau, eta bertsoek beti ematen diote freskura herriari. Urtero bezela, Motxian-Etxebeltz bertsoguneak Bertso Astea jaialdia antolatu du, eta hiru egunetan zehar egingo dute, gaur hasita. Basarri bertsopaper sariaren iragarpena Bertso Astearen atariko izan ohi da, eta hala izan da aurtengoa ere. Aurreko astean iragarri zuten Aitor Bizkarra abadiñarrak (Bizkaia) irabazi duela aurtengo txapelketa Portuak eta aingurak: itsas-alegia laguntasunari bertso sortarekin; gaur gauean jasoko du saria Basarriren bustoaren aurrean. Txapelarekin batera, 1.800 euroko saria eskuratuko du Bizkarrak.

Unai Muniainek, Nahikari Gabilondok eta Andoni Egañak osatu dute aurtengo sariketaren epaimahaia, eta haiek azaldu dutenez, gaiari heltzeko egileak erabilitako ikuspegia "oso originala" izan da. Sari banaketaren aurretik, bertan izango dira bertsolariak Torre Luzeako parkea girotzen, 22:00etan egingo duten bertso musikatuen emanaldian.

Aurreko urteetan Bertso Pilota antolatu izan dute, eta aurtengoan, berriz, bertsolariak herri kiroletan ariko dira Frontoi Txikin, bertsoz girotuta, noski. Bihar izango da saioa, 18:30ean hasita, eta Motxian-Etxebeltzeko kideek Oñatiko (Gipuzkoa) Txinparta bertso eskolako kideak izango dituzte lehiakide. Bertsoguneko ordezkariak Uxue eta Mikel Ostolaza, Ane Peñagarikano eta Amaia Urbierta izango dira; Txinpartakoak, berriz, Aran Sagarzazu, Josu Zumalde, Aitor Tatiegi eta Lide Arregi. Botileroei dagokienez, Urko Egañak eta Danel Olanok hartuko dute ardura hori. Epailea Oier Aizpurua izango da.

Gauera begira, Bertso Desafioa egingo dute 22:30ean, Torre Luzeako parkean. Kasu horretan, Aner Euzkitzeren, Ane Peñagarikanoren eta Manu Goioganaren txanda izango da; Txinpartako Urko, Maider eta Lide Arregiren aurka ariko dira. Desafioan, Unai Munian arduratuko da gaiak jartzeaz.

Bertso Eguna ospatuz, Txepelketarekin biribilduko dute Bertso Astea larunbatean. Goizean goiz, hamaiketakoarekin hasiko dute eguna Musika Plazan. Jarraian, urteroko Txepelketa egingo dute Alde Zaharreko tabernetan zehar. Ohi bezala, buruz buruko herrikoia izango da, eta lehiakide bakoitzak kolore ezberdineko gorbata jantziko du kantuan aritzeko. Ondoren, ingurukoek kolore bereko post-it bidez erabakiko dute lehia bakoitzeko onena.

Bertso Asteari itxiera emateko, festak Urpekoak elkartean jarraituko du, bertan izango baitute bazkaria parte hartzaileek.

Egitaraua

Gaur, osteguna

  • 22:00. Bertso musikatuak, Basarriren bustoaren aurrean.
  • Ondoren, Basarri bertsopaper sariaren banaketa. Euria egiten badu, Modelo aretoan.

Bihar, ostirala

  • 18:30. Bertso herri kirolak, Frontoi Txikin. Euria egiten badu, Zinema pilotalekuan. Epailea: Oier Aizpurua. Txinparta: Aran Sagarzazu, Josu Zumalde, Aitor Tatiegi eta Lide Arregi; botilero: Urko Egaña. Motxian-Etxebeltz: Uxue eta Mikel Ostolaza, Ane Peñagarikano eta Amaia Urbieta; botilero: Danel Olano.
  • 22:30. Bertso Desafioa, Basarriren bustoaren aurrean. Euria egiten badu, Modelo aretoan. Gai jartzailea: Unai Muniain. Txinparta: Urko, Maider eta Lide Arregi. Motxian-Etxebeltz: Aner Euzkitze, Ane Peñagarikano eta Manu Goiogana.

Uztailak 13, larunbata

  • 10:30. Hamaiketakoa, Musika Plazan.
  • 12:00. Txepelketa Alde Zaharreko tabernetan.
  • Amaitzeko, bazkaria Urpekoak elkartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide