Aitor Bizkarra: "Laguntasuna ez da samurra soilik, elkarri gogor egitea ere beharrezkoa da"

Julene Sorarrain 2024ko uzt. 9a, 10:00

Aitor Bizkarra. (Zarauzko Udala)

Aurtengo Basarri bertsopaper sariaren irabazleak itsas terminologiak eskaintzen dituen aukerak "ongi baino hobeto" baliatu ditu bestelako kontuez aritzeko.

Basarri bertsopaper sariaren iragarpena Bertso Astearen atariko izan ohi da, eta hala izan da aurtengoa ere. Aurreko astean iragarri zuten Aitor Bizkarra abadiñarrak (1996, Bizkaia) irabazi duela aurtengo txapelketa Portuak eta aingurak: itsas-alegia laguntasunari bertso sortarekin; ostegun gauean jasoko du saria Basarriren bustoaren aurrean. Txapelarekin batera, 1.800 euroko saria eskuratuko du Bizkarrak.

Unai Muniainek, Nahikari Gabilondok eta Andoni Egañak osatu dute aurtengo sariketaren epaimahaia, eta haiek azaldu dutenez, gaiari heltzeko egileak erabilitako ikuspegia "oso originala" izan da. Sari banaketaren aurretik, bertan izango dira bertsolariak Torre Luzeako parkea girotzen, 22:00etan egingo duten bertso musikatuen emanaldian.

Basarri Bertsopaper saria sona handikoa da. Nola jaso duzu albistea?

Pozik hartu dut saria. Esan bezala, sona handiko lehiaketa da eta maila handia dago parte hartzaileen artean; beraz, aitortza garrantzitsua izan da niretzat.

Zure bertsoak laguntasunari egiten dio aldarri. Agian, lagunak ez ditugu nahi beste eskertzen?

Ez dakit... agian, «nahi beste» beharrean, ez ditugu behar beste eskertzen. Baldintzarik gabekoa den jendearekin, askotan, esker txarrekoak izatea ohikoa izan liteke, ez duzulako irabazi beharrik 'inkondizionala' den hori. Laguntasuna ez da samurtasuna bakarrik, elkarri gogor egitea da ere beharrezkoa da.

Metafora gisa, itsas terminologia erabili duzu. Portuak eta aingurak: itsas-alegia laguntasunari izenburuak bi esanahi izan ditzake: alde batetik, askatzen zaituena, eta bestetik, heltzen zaituena...

Egia da, kostako herri bateko sariketarako ondo dagoela baliabide hori. Edozein kasutan, ez dut horregatik hautatu. Lehenagotik nerabilen burutan ainguren eta portuen arteko istorio hori, lagunei sekulako txapak eman izan dizkiet horren kontura... Hala, Basarri saria zela gogoratu nintzen, eta hortik abiatuko nintzela erabaki nuen. Esanahiari dagokionez, jatorrizko ideia portua inkondizionalki hor egongo den norbait dela zen, noraezean zabiltzanean eta nora joan ez duzunean, inkondizionalki hor egongo den toki bat, zamak arintzera jo dezakezun lekua, hain zuzen. Aingurak, aldiz, rol aktiboagoa irudikatzen du, lagunari gogor egiteko beldurrik izango ez duena, agian min emango duela jakinagatik.

Zarautzen moila txiki bat dago. Zer erlazio duzu Zarauzko bertsolariekin eta txapelketa honekin?

Egia esan, ez dut harreman handirik Zarauzko bertsolariekin... Baina, esaterako, lagun mina dut Paul Beitia. Bertsolaritzan ezagunenetarikoa da txapelketa hau, eta Zarautzera bertsolariengana gerturatzeko aukera eman dit.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide