Olinpiar Jokoak 2024

Julen Lasa: "Mesedegarriagoa zait surflari gutxirekin aritzea askorekin baino"

Jabi Gonzalez Toston 2024ko uzt. 5a, 11:00

Julen Lasa, atzo, Hegoafrikan jokatzen ari diren CS zirkuituko Bllito Pro txapelketan. (Utzitakoa)

Lehenengo esperientzia olinpikoa biziko du Julen Lasak (Zarautz, 1973) aurtengo jokoetan. Entrenatzaile gisa egingo du Alan Cleland mexikarrarekin. Harekin batera, Keoni semea ere entrenatzen du.

Lehenengo aldiz izango zara Olinpiar Jokoetan entrenatzaile gisa hil honen bukaeran. Tahitin (Polinesia Frantsesa), Teahupooko uharrian jokatuko dituzte, eta, diotenez, oso olatu berezia da hangoa, aldez aurretik ezagutzea komeni dena. Zergatik?

Oso tutu handia eta indartsua du. Horretara mugatzen da, tutua du soilik, baina ur masa handia mugitzen du eta une batetik bestera agertzen da surflariaren aurrean. Horregatik, oso garrantzitsua da hara joatea eta uretan ordu asko pasatzea, jakiteko nola kudeatu behar duten olatua, non kokatu, arraunean non egin...

Alan Cleland mexikarrarekin joango zara Tahitiko hitzordu olinpikora. Nola ikusten dituzu dominaren bat lortzeko bere aukerak?

Oso indartsua den Pascualeseko (Mexiko) olatuarekin hazi da Alan. Beraz, ohituta dago Teahupoon izango dituen baldintzetan aritzera eta ez du inolako arazorik izango horrekin. Gainera, azken bi hilabeteetan asko entrenatu du olatu indartsuekin etxean, eta Gabonetan Tahitin ere izan ginen. Gauzak horrela, dominaren bat lortzea izango da gure helburu nagusia.

Cleland ez da gorengo mailako CT zirkuituko surflaria, baina Munduko Txapelketa irabazi zuen iaz zure gidaritzapean. Zer suposatu zuen zuretzat garaipen hark entrenatzaile gisa?

Niretzat izugarria izan zen, oso berezia. Egia da aurrez ere irabazia nuela Munduko Txapelketa Noah Klapp alemaniarrarekin, baina junior mailan izan zen hori eta Alanekin lehenengo aldiz lortu nuen maila profesionalean. Sekulako poza eman zidan, batez ere, lan handia dagoelako sari horren atzean.

Nola amaitu du zarauztar batek Alemaniako eta Mexikoko surflariak entrenatzen?

Nazioarteko egonaldiak antolatzen ditut urtean hiruzpalau aldiz zortzi surflariko taldeak osatuta. Alanek horietako batean parte hartu zuen, gustatu egin zitzaion eta jarraipena ematea erabaki genuen. Egonaldi horiek ez dira irekiak izaten, ni jartzen naiz harremanetan surflariekin eta lehiari begirako saioak egiten ditugu. Hamar bat egunekoak izaten dira eta oso gogorrak. Horregatik, ez da komeni deialdi irekiak egitea, maila handiko surflariekin aritzen garelako, eta, koxka bat beherago daudenek ere parte hartuko balute, saioak ez lirateke hain eraginkorrak izango.

Noah ere beste egonaldi batean ezagutu nuen, Kalifornian (Estatu Batuak). Hala ere, banuen harremana bere gurasoekin lehenagotik ere, Kanarietan (Espainia) bizi izan zirelako hainbat urtez.

Nola lortu duzu izena egitea, atzerriko surflari horiei deitzean haien baiezkoa jasotzeko eta, hala, zure egonaldietan parte hartzeko?

Bidea hutsetik hasi nuenez, pixkanaka egin dut aurrera. Zarauzko Ruben Vitoria izan zen entrenatu nuen lehenengo surflaria, eta atzetik Nadia Erostarbe eta Janire Gonzalez Etxabarri etorri ziren. Denekin oso emaitza onak lortu ondoren, Noahrekin ere hasi nintzen, eta hark ere sekulako emaitza lortu zuenez, Munduko Txapelketa irabazita, ezaguna egiten hasi nintzen. Orain, ordea, ez ditut lehen bezain beste surflari zuzentzen. Askorekin egiten dut lan, baina entrenatzaile gisa nire seme Keonirekin eta Alanekin nago zentratuago. Haiek dira nire lehentasunak.

Zer dela eta murriztu duzu zerrenda bi surflarietara?

Oso gainean egoten den entrenatzailea naiz ni, eta, aldi berean, surflari asko eramateak denbora handia kentzen zidan, goizez eta arratsaldez izaten nituelako saioak ia egunero. Horregatik, nahiago dut jende gutxiago entrenatu, familiari denbora gehiago eskaintzeko. Keoniz gain, beste seme bat ere badut futbolean jokatzen duena eta surfari hainbeste denbora eskaintzen nionez, gutxi egoten nintzen harekin. Pandemiako etenaldiak salbatu zidan harremana galtzetik.

Orain Keoniren entrenatzaile gisa egiten dudan lana arinagoa ere bada. Aita-semeak garenez distantzia hartzea ere beharrezkoa izaten da; hortaz, goizetan, bere kasa aritzen da uretan edota gimnasioan, eta, arratsaldean, bideoz grabatzen dut hobetzea zer komeni den aztertzeko. Alanekin, berriz, urtean bost bat aldiz elkartzen naiz. Dena den, bideoz ere egiten diot jarraipena, baina edozein momentutan egin dezaket hori etxetik.

Era berean, surflari gutxiagorekin aritzea eraginkorragoa da, gehiago laguntzen diedalako. Lehen gertatu zitekeen nik entrenatutako bost surflarik txapelketa izatea eta ezin nuen denekin aldi berean egon.

Keoni oraindik oso gaztea da, baina jada sekulako emaitzak lortu ditu. Zer falta zaio gorenean onenen artean egoteko?

18 urte baino ez ditu, eta maila nagusian lehiatu zen azkenengo Munduko Txapelketan 31. postua lortu zuen. Hain aurreratuta amaitu zuen bere adineko surflari bakarretakoa izan zen. Beraz, gehien behar duguna da esperientzia hartzea, teknika aldetik maila bikaina duelako. Garapen horretan aurrera egiten jarraitzeko txapelketa handietara sailkatzea ere oso garrantzitsua da; adibidez, CS zirkuitura. Era berean, behin horra iritsita egonkortzea lortu behar dugu. Horretarako, rankingeko goiko postuei eutsi beharko diegu urtero eta pixkanaka urtez urte CS probetako emaitzak hobetzen joan. Hala ere, Keoni oso-oso gaztea da oraindik, eta, are gehiago gizonezkoen surferako.

Entrenatzailea zaren aldetik, zeri ematen diozu garrantzi handiena?

Neurriz gorakoa da surflariek duten sakrifizio maila. Prestaketa lan izugarria egiten dute, eta gero, epaile batek erabakitzen du txapelketan aurrera egiten duten edo ez. Nik arlo psikologikoa lantzen dut gehienekin, Alanekin eta Keonirekin teknika ere bai, noski; baina, lehenengo arloak erakartzen nau gehien. Egonaldietan ere, surflari gehienek beste entrenatzaile batzuk izaten dituztenez, nahiago izaten dugu teknika kontuetan ez sartu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide