Esamoldeak ikastea eta euskara sustatzea. Hori da Zirika euskara elkarteak, Zarauzko Udaleko Turismo eta Euskara sailekin elkarlanean, martxan jarri duen egitasmoaren helburua. Gaur hasi eta astero-astero, zenbait dendatan, surf eskolatan, merkatu plazan eta udal eraikinetan kartel batzuk jarriko dituzte Zarautzen erabiltzen diren euskarazko hitzekin. Hauek dira irakurri ahal izango diren hitz edo esamolde batzuk: elemena, mela-mela eginda, bolo-bolo ibili, fantasia izan, sake handikoa, tontolapiko eta pot egin.
Martxel Aizpurua murgildu zen lan horretan, duela urte mordoxka bat. "Ni, izatez, ez naiz hemengoa, eta belarrira min egiten zizkidatenak errazago atzematen nituen. Izan ere, hitz eta esamolde horiek ez dira Goierrin erabiltzen, hemen inguruan bakarrik baizik". Jesus Mari Olaizola Txiliku eta Mitxel Murua idazleak, Arantxa Aizpurua emaztea eta haren ama –guztiak ere zarauztar petoak– izan ditu lagun lanketa egiteko orduan. "Hala, Txilikuri eta Muruari pasatzen nizkien adiera horien esanahiak, egokiak ziren ala ez ziurtatzeko eta adostasun batera iristeko", azaldu du Martxel Aizpuruak.
Txaparro herri aldizkarian ekin zioten proiektuari, eta behin aldizkaria itxi zenean, Zarauzko Perlak izenburupean, esamoldeak Hizki inprimategiaren atean jartzen jarraitu zuten Martxel eta Arantxa senar-emazteek, baina maiztasun finkorik gabe. "Abiatutako lanarekin jarraitu genuen, eta dendaren atean jartzen genituen esamoldeak aldian behin, 250 osatu genituen arte". Kontatu dutenez, herritarrak maiz gerturatzen ziren kuriositatez inprimategiko leihora, ea esaera berririk jarri ote zuten begiratzera.
Lagunarteko
erregistroaren aberastasuna
mantendu nahi dute
Lana egina zegoenez, Zirika elkarteari egokia iruditu zaio kanpaina gisa hitz horiek berreskuratzea, eta 250 horietatik hamar aukeratu dituzte: horiek izango dira ostiralero, banan-banan, herriko hamazazpi gunetan ikusgai izango direnak kartel koloretsu baten gainean. Astero hitz edo esamolde bat agertuko da, haren azalpenarekin, eta azpian esaldi bat edo bi jarriko dituzte, hitz hori nola erabiltzen den adierazten dutenak.
"Gaur egun modan daude euskalkiak, baina proiektu honekin ez dugu hori sustatu nahi. Aitzitik, lagunarteko erregistroaren aberastasuna mantentzea nahi dugu. Zarautzetik edo ingurutik kanpora irteten bagara eta irratira edo hitzaldi batera bagoaz, erregistro estandarragoa erabili beharra dago. Aldiz, esamolde hauek herri mailan erabiltzeko dira: ahaztuta dauden edota gutxi erabiltzen diren hitzak berreskuratzea dugu helburu, eta gazteek gurasoekin partekatzea", nabarmendu du Martxel Aizpuruak. Belaunaldien arteko loturak estutzeko erreminta polita dela iritzi dio, gainera.
Hasiera batean, Zirikak herriko ikastetxeetan txertatzeko programa gisa landu zuen proiektua, eta elkarteko kide Arantxa Aizpuruak dio aipatu hamar hitz horiek lantzen hasi zirela. Antza denez, aurreko hilean ziren lantzekoak, baina ikasturte amaierarekin bat egin du aldiak, eta, azkenean, aurten behintzat, ez da aurrera atera. "Gure nahia zen hitz bera agertzea izkina guztietan, bai eskoletan, bai herriko txokoetan. Baina eskolei denbora gehiago utziko diegu, eta orain saltokiekin hasiko gara".