Santa Klarako proiektuaren egoera azaltzeko aurkezpenera joateko deia egin du EH Bilduk

Jabi Gonzalez Toston 2024ko eka. 6a, 09:00

Santa Klara komentua. (Zarauzko Udala)

Gaur arratsaldean egingo dute komentuan bertan eta udaleko ordezkariek, teknikariek eta proiektua idazten ari diren arkitektoek parte hartuko dute. Koalizio abertzalea kritiko agertu da aurkeztuko duten proposamenak  "ez diolako ezer berririk eskainiko herriari".

Santa Klarako proiektuaren egoera zertan den azaltzeko saioa antolatu du Zarauzko Udalak gaur arratsalderako komentuan bertan. 18:30ean izango da, eta Astazubi plazaren alboan dagoen sarreratik sartu beharko da. Udaleko ordezkariekin batera, teknikariek eta proiektua idazten ari diren UR arkitektura estudioko kideek emango dituzte azalpenak, eta hori horrela, bertaratzeko deia egin diete herritarrei.

Oposizioa ordezkatzen duen EH Bilduren udal taldeak ere bat egin du deialdiarekin eta bertaratzera animatu ditu herritarrak, "garrantzitsua" izango delako "azalpenak entzutea eta iritzia ematea". Bada, koalizioa abertzalearen ustez, hain justu, "Zarautz sekulako aukera galtzera doa, udal gobernuak ez diolako kultur proiektu berririk eskainiko herriari". Dioenez, "lehengo eskemak erreproduzitzen dituen kultur zerbitzuen lekualdatzea da udalak aurkeztuko duena, asmoa delako Ebro Etxeako eta Sanz Eneako jarduerak Santa Klarara eramatea".

EH Bildu kritiko

EH Bilduk kritikatu du, era berean, udalaren Santa Klarako proiektuak ez diola erantzuten parte-hartze prozesuan herritarrek adierazitakoari: "Sormenerako guneak lehenetsi zituzten eta proposamenak ez du espaziorik aurreikusten horretarako, ezta auto-esperimentaziorako eta auto-produkziorako ere".

Kontrara, oposizioko taldeak dio berak garatu zuen proposamena bat datorrela prozesu irekiko emaitzekin eta hori aurrera eramateko "elkarlanerako" prest agertu da: "Gure lanketak ekarpen ugari izan ditzakeela uste dugu, eta, oraindik bilera bakar batean jaso ditugunez azalpenak, espero dugu gehiagotan elkartzeko aukera izatea eta proposamena guztiz itxia ez egotea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide