Onartu dituzte udal energia baliabideen kudeaketa integrala lizitatzeko pleguak

Aritz Mutiozabal 2024ko eka. 2a, 10:00

Osteguneko udalbatzarrean pleguen aztegaia bozkatzen. (Zarauzko Udala)

Kaleko argiteria publikoaren eta udal eraikinetako kudeaketa energetikoa berrituko dituzte esleipenarekin. Zarauzko Udalaren kontratu garrantzitsuenetako bat izango da; izan ere, 12 urte iraungo du eta aurrekontuari dagokionez, 1.859.512,23 eurokoa (BEZa barne) izango da urtean.

Udalaren energia baliabideen kudeaketa integrala lizitaziora ateratzeko pleguak onartu zituzten osteguneko udalbatzarrean EAJ eta PSE-EE udal taldeen babesarekin; oposizioa osatzen duen EH Bildu koalizioa, aldiz, abstenitu egin zen. Behin Udalbatzak hobespena emanda, datozen egunetan lizitazioaren deialdi publikoa egingo du udaleko Kontratazio arloak.

Herriko energia-kontsumitzailerik handiena Zarauzko Udala da, 7.890.946 kWh/urteko bolumenarekin; kopuru hori 900 etxebizitza ingururen kontsumoaren baliokidea da, hain zuzen ere. Lizitazioaren bidez, kaleko argiteria publikoaren eta 11 udal eraikinetako kudeaketa energetikoa berrituko dituzte. Udalak aditzera eman duenez, Etxezabala, Portuetxe, Udaberri, Musika Eskola, Sanz Enea, Aritzbatalde kiroldegia, Orokieta Herri Eskolako bi eraikinak, Haurreskolako bi eraikinak, Asti kirolgunea eta argiteria publikoak osatzen duten azpiegitura multzoaren egungo kontsumoa udal energiaren kontsumo osoaren %90a da.

Lizitazio kontratu berriarekin, elektrizitatearen eta gas naturalaren energia kontsumoa "nabarmen murriztea" aurreikusten dute, baita "energia berriztagarrien instalazioak sustatzea" ere, hala nola, fotovoltaikoa, biomasa, geotermia eta aerotermia bezalakoak. Horrela, 2019ko Trantsizio Energetikoaren Legeak ezarritako helburuak betetzea lortuko da, hau da, 2030erako kontsumoa %35 murriztea eta iturri berriztagarrietatik % 32ko ekarpena egitea.

"Planteamendu ausarta"

"Gure Udal Energia Planean ezarritako ibilbide orriari jarraituz, Zarauzko Udalak bi helburu horiek 2025ean zehar betetzea aurreikusten dugu, erreferentziazko data baino lau urte lehenago gutxienez", azaldu zuen Iker Basurko Proiektu Estrategikoen zinegotziak udalbatzarrean. Gainera, emandako urratsa "oso garrantzitsua" dela nabarmendu zuen efizientzia energetikoari dagokionean: "Planteamendu ausarta eta berritzailea egin dugu, gure faktura energetikoa asko murrizteko aukera emango diguna, epe laburrean udal eraikin nagusietan inbertsio handia eginez, udalak aurrera egiten jarraitzeko beharrezkoak diren beste zerbitzu edo proiektu batzuk alde batera utzi beharrik izan gabe".

Iraupena kontuan hartuta, Zarauzko Udalaren kontratu garrantzitsuenetako bat izango da energia baliabideen kudeaketa integralarena: 12 urtekoa izango da –ezingo da epe hori luzatu– eta urteko 1.859.512,23 euroko (BEZa barne) aurrekontuarekin. Kontratuak zazpi atal ditu: Energiaren eta energia-horniduraren kudeaketa; Mantenu prebentiboa; Sistemen funtzionamenduaren, konponketaren eta ordezkapenaren berme osoa; Udal-eraikinetan eta argiteria publikoan aurreikusitako inbertsioak, energia-eraginkortasuna bilatzeko; Energia berriztagarrien erabilera sustatzeko azpiegituretan aurreikusitako inbertsioak; Efizientzia energetikoari eta energia berriztagarrien sustapenari mesede egiten dieten inbertsio gehigarriak; Datozen urteetan kudeatutako eraikin publikoen zerrendari eraikinak eransteko aurreikuspena; esate baterako, birgaitze-obra amaitutakoan Santa Klarako eraikin multzoa gehitzea.

Kontratua esleitu ondoren martxan jarriko den lehen neurrietako bat kaleko argiteria publikoa LED teknologiaz berritzea izango dela aurreratu zuen Iban San Martin Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. Aldaketa herri osoko 5.100 argi-puntutan aplikatuko dute. Energia Plana garatu bitartean, luminaria berriak zehazteko auditoria eta azterketak egin ditu udalak, argi-intentsitateari eta gainerako alderdiei buruzko araudia uneoro betetzen dela bermatzeko, eta herritarren segurtasunari eragiten dioten puntu beltzak saihesteko.

Berdintasun irizpideak

EH Bildu udal taldea abstenitu egin zen, nahiz eta Itziar Murua bozeramaileak adierazi zuen "oso ondo egindako pleguak" zirela. Koalizioaren kezka nagusia, ordea, berdintasun irizpideetan oinarritu zen. "Legeak dio 5 puntu eman behar zaiola eremu honi, eta pleguek 3 puntu jasotzen dituzte; ondoren kontziliaziorako beste 4 puntu daude. Edonola ere, eremu maskulinizatu hauetan berdintasun irizpideak indartu egin behar dira", zehaztu zuen Muruak. Bestalde, udal eraikinetatik harago joan beharko litzatekeela energiaren kudeaketan, eta "herri mailako lanketa" egin behar dela azpimarratu zuen.

PSE-EEko bozeramaile eta Parekidetasun zinegotzi Gloriak Vazquezek erantzun zuen "tematu" zirela emakumeen berdintasuna baloratu zedin pleguetan. Edonola ere, "ez dugu uste 5 edo 3 punturen artean alde handirik dagoenik, garrantzitsuena da enpresek kontuan har dezatela emakumeen presentzia euren lantaldetan". Xabier Txurruka alkateak eta Iker Basurkok, haien aldetik,  jakitera eman zuten pleguak landu dituzten ia denak emakumeak izan direla, "profesionaltasun osoz".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide