Roke Etxaberen bertso epikoak

Aritz Mutiozabal 2024ko mar. 12a, 09:53

Liburuxkak 1878ko balearen bertsoak jasotzen ditu. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko balea liburuxkaren mila ale argitaratu ditu Zarauzko Udalak. 1878ko baleari buruzko bertsoez gain, Xabier Alberdiren argibide historikoak txertatu dizkiote lanari.

Zarauzko istorio txikiak plazaratu eta irakurzaletasuna bultzatzen jarraitzeko asmoz, Zarauzko Udaleko Kultura Sailak eta Sanz Enea liburutegiak Zarauzko Balea izeneko liburuxka argitaratu berri dute. Udalak gogora ekarri duenez, 146 urte bete dira hilabete honetan Kantauri itsasoan arpoi bidez azken balea harrapatu zenetik. Gainera, iaz 45 urte bete ziren Antonio Zabalak aipatu baleari buruzko bertsoak berreskuratu eta Arrantzaleen bizitza bertso-liburuan argitaratu zituela.

Efemeride horiek guztiak kontuan hartuta, eta bereziki bertso sorta, gertakariari buruzko zeresanak eta nondik norakoak azaltzen dituen liburua argitaratzea erabaki dute. Iturri ofizialetatik abiatuta, Xabier Alberdi historialari zarautarrak argibideak eta ekarpenak egin dizkio argitalpenaren lehen zatian, hitzaurre gisa datorrena. Bigarren zatia, berriz, Zarauzko balearenak berso sortaz osatuta dago.

1878ko otsailaren 11n ehizatu zuten balea du ardatz liburuxkak, urte luzez zarauztarren eta getariarren arteko eztabaiden iturri izan dena, baita gertakariaren mendeurrena eta Zarautzek balearen arrantzan historikoki izan duen garrantzia ere. Guztira, mila ale kaleratu dituzte eta joan den astetik Sanz Enea liburutegian eskura daitezke doan.

22 bertso

Milla zortzireun da /setenta y otxuan, / Zarautz'tik txalupa bat / baletara juan. Horrela hasten da lehen bertsoa, eta guztira 22k osatzen dute sorta osoa. Roke Etxabe izan zen bertsoen egilea, baleari arpoia sartu ziona. Badirudi balea nork harrapatu zuen lehenago tirabira horretan, zarauztarrak eta oriotarrak galtzaile suertatu zirela getariarren aurka Azpeitiko epaitegian. Justizia moduan, ondorengo bertsoak idatzi zituen Etxabek.
Getariarrak ere ez ziren atzean geratu zirika horretan, eta oraindik ere haien ahotan entzun daiteken kantua sortu zuten sasoi hartan: Zarauztarra txorua / balia iltzera, / arpoia amuts-amutsa / arria jotzera.

Alberdik bere hitzaurrea biribiltzerakoan aditzera ematen duenaren arabera, Zarautzek ez du harrapaketaren omenezko oroitarririk edo antzekorik, baina "gure balearen bertsoak, agian, euskal literaturak inoiz sortu eta gaur arteraino iritsi diren balea arrantzari buruzko bertsorik epikoenak izan daitezke", eta Roke Etxabe zarauztarren "itsastasunaren ikur".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide