Mikel Kazalis: "Heriotzarekin oso harreman potentea izan dut azken urteetan"

Aritz Mutiozabal 2024ko ots. 1a, 12:30

Azken lauzpabost urtetan hainbat gorabehera bizi izan ditu Anestesia taldeak, eta, ondorioz, kontzertu bira atzeratzen joan da. Oztopoak oztopo, aurten posible izango dela dio Mikel Kazalisek (Zarautz, 1968).

Bost urte luze eta gero, oholtza gainera igo eta tximak astintzeko garaia iritsi da, Mikel!

Hala da, bai. Bost urte nahiko gogorrak izan dira, gauza asko gertatu baitira bidean. 2019ko hasieran Gorrotoaren ahotsa diskoaren 25. urteurreneko bira amaitzen ari ginen, eta orduan osasun arazo batzuk izan nituen. 2020an, arazo horiek gaindituta, Fenix bira egitea pentsatu genuen, baina orduan pandemia etorri zen, eta ondoren, beste arazo batzuk tarteko, ezin izan genuen birarik egin. Orain badirudi egingo dugula.

Orain badirudi errautsetatik berpizten den hegaztiak hegal egingo duela, ezta?

Ea behingoz ahal duen, orain arte ezin izan baitu.

Horretarako, bira laburra, baina bizia iragarri duzue. Nola erabaki duzue formatu horretan antolatzea?

Berez, Fenix izeneko bira haren asmoa zen kontzertu gutxi eskaintzea; oraingoaren antzera, bospasei emanalditakoa, gure leku kutunetan eta baldintza onetan. Iaz bazirudien bira aurrera atera ahal izango genuela, nik beste osasun arazo batzuk izan nituen, eta guztia bertan behera utzi behar izan genuen, Atarrabiako (Nafarroa) Totem aretoko kontzertua salbu. Beti har horrekin nenbilen... 

Gainera, gertatu zitzaizkigun gorabehera guztiengatik bazirudien taldearen ibilbideak hortxe bukatu behar zuela. Nahiko arazo larriak edukitzeaz gain, iaz berriz taula gainera itzultzea planteatzen hasi ginenean, Imanol Beloki bateria jotzaileak taldea uztea erabaki zuen. Orduan, bai, ematen zuen Anestesia bertan behera geratuko zela betiko. Egia esan, nahiko nahasiak utzi gintuen. 

Karma kontua izan al da?

Ez dakit zer izan den, baina bat bestearen atzetik gertatu zaizkigu. Horregatik diot askotan pentsatzen nuela patuak nahi duela edo mezuak bidaltzen ari dela abentura honekin bukatzeko. Bestalde, ordea, pentsatzen nuen 35 urteko ibilbidea ezin genuela horrela bukatu; betirako agurrak ezin zuela izan ohar baten bidez, «bata gaixo dago eta besteak taldea utzi du» esanez. Ez zitzaidan agur esateko modu egokiena iruditzen. Hori horrela, iaz zintzilik geratu zitzaizkigun kontzertu horiek behintzat egitea erabaki genuen.
 
Horretarako, lehenik eta behin, ikusi behar genuen ea talderik ba ote geneukan. Izan ere, bateria jotzaile bat topatu behar genuen, oso konplexua dena gu bezalako talde bortitz batentzat, eta Beloki ordezkatzea benetan zaila da. Ezaugarri jakin batzuk ditu, ez direnak oso errazak topatzen bateria jotzaile batean: azkar eta indartsu jo behar du, eta erritmo arraro batzuk egin behar ditu zenbait zatitan. Zaila izan arren, azkenean Zarautzen bertan topatu dugu ordezkoa: Jon Albixu.  Belokiren eskola berekoa da, eta gure musika entzuten hazi da; hardcore taldeetan ibilitakoa da, Folkcore eta Humilitaten, esaterako. Jada taldea bageneukala ikusi genuenean, Azken heriotza bira-n murgiltzea erabaki genuen. Gero, hortik aurrera zer egingo dugun ikusi egin beharko dugu.



Azken heriotza izenburuak gauza ugari iradokitzen ditu. Baina sare sozialetan argitaratu zenuten oharrak ukitu nahiko ezkorra zuen.

Jende askok dio gure agurreko bira dela, baina guk geuk ere ez dakigu ziur hala izango den ala ez. Egia da idatzi genuen testuan horrelako zerbait interpreta zitekeela. Hala ere, ez genuen hori esaten, baizik eta lehen azaldu bezala, ez genuela nahi besterik gabe gure ibilbidea amaitutzat ematea. Zintzilik geratu zitzaizkigun kontzertu horiek eman egin nahi genituela, alegia. Hortik aurrera zer izango den? Guk geuk ere ez dakigu. Posible litzateke geure azken bira izatea, baina posible litzateke ez izatea ere. Ez dugu gehiago planteatu.

Azken heriotza izenari dagokionez, berriz, arrazoi argia du: Fenix bira lauzpabost aldiz egiten saiatu ginen, kartel ezberdinak kaleratuz, eta Fenix izenak oraindik zentzua bazuen ere, pixka bat gastatuta zegoela eta beste zerbait behar zuela iruditu zitzaigun. Hain justu ere, Fenix abestian esaten diren bi hitzak dira azken heriotza. Egokia iruditu zitzaidan, eta zentzu poetikoa ere ikusten nion: hil eta berpizteko ziklo horretan heriotza zer da? Betiko hiltzen zarela eta ez zarela berpizten ala hil-berpiztu eta ez zarela berriro hiltzen? Hausnarketarako bide ematen du, eta hortik tiraka jarri genion bira berriari izena.

Pairatu duzun gaixotasunak zerikusirik ba al du horretan? Nolabait ere, heriotza desafiatzeko?

Egia esan, heriotzarekin oso harreman potentea izan dut azken lauzpabost urtetan, eta Fenix izena hortik dator. 2020an egin behar genuen bira zen bizitza ospatzeko, hau da, ni bizirik nengoela ospatzeko; izan ere, 2019an ez neukan aukera handirik. Gainera, askotan geurea bezalako musika generoetan heriotza erakargarria den gai beltz bat bezala agertzen da. Kasu honetan, ordea, ez da zerbait poetikoa bakarrik, oso erreala izan da eta bizitzea tokatu zait. Beste proiektu baterako egiten ari naizen abestiak ere horren inguruan ari zaizkit ateratzen.

Orain, ordea, bira berriarekin bizipozez ikusten zara.

Batzuetan gertatzen da gaizki egotetik, gero indarberriturik ez dakit, baina bai gogo bereziago batekin hasten zarela gauzak egiten. Are gehiago ia-ia konturatu zarenean gauza batzuk gehiago ezingo dituzula egin.

Zuen zaleak ere zain-zain zeuden. Birako datak iragarri bezain pronto, toki gehienetan sarrerak agortu dira.

Harrigarria izan da. Azkenaldian egin dizkidaten elkarrizketetan aipatu dudan bezala, azken lauzpabost urtetan musika panorama asko aldatu da Euskal Herrian. Joera berriek gora egin dute, eta nahiko modan jarri dira elektronika eta autotune-a. Hori kontuan hartuta, ezjakintasun handia geneukan jendeak nola erantzungo ote zion birari. Egia esan, tentuz aritu nintzen guztia antolatzerakoan. Badirudi gaur egun merkatuan egon behar duzula jendeak jarrai zaitzan, urtero disko berria argitaratuz eta abar, eta hori ez da inoiz izan gure erritmoa. Are gutxiago, azken urteetan kasik desagertuta egon gara. Horregatik, beti pentsatzen duzu jendea zutaz ahaztu dela denbora tarte horretan, baina ez da horrela izan. Zaleak gogotsu daude, eta bikain erantzun dute. Ez genuen espero sarrerak horren azkar agortzea; soilik Atarrabiarako eta Biarritzerako geratzen dira.

Benetako rockaren beharra zegoen? Autentikoa den horren faltan sumatzen du musikazaleak?

Musika joerak aldatzen joanagatik ere, orokorrean, rockzaleak ez dira aldatuko goizetik gauera. Aukera gutxiago dute horrelako talde bat ikusteko, eta agian horregatik, kontzerturen bat antolatzen denean, aprobetxatu egiten dute bertaratzeko. Egia esan, horiek izango zuten gogo edo behar handiagoa aukera gutxiago dituztelako inguruan.

Zalantzarik ez dago Anestesiaren irudia zu zeu zarela: gezi itxurako gitarra, beltzez jantzita eta ile luzea biraka. Ikur bat zara euskal musikagintzan?

Zer erantzungo diot nik horri... Ez dakit. Kontua da urte asko daramatzadala, hori bai, eta irudi bera eraman dudala beti, baina hortik ikur deitzea... Jendeak esan beharko du hori. Ni naiz naizena, egiten dudana dut gustuko, eta gitarra bera erabiltzen dut, hori dudalako gustukoen.

Konparaketak gorrotagarriak dira, baina Motorhead taldeko Lemmy bezala?

Lehen, askotan esaten nuen brometan Lemmy bezalakoa izan nahi nuela handitan. Izan ere, 60 urte zituen orduan, eta hor jarraitzen zuen rockeatzen. Beno, nik datorren urtean 40 urte beteko ditut rock taldeetan jotzen, eta ez da gutxi. Gogoratzen dut nire aitari entzuten niola 40 urte zeramatzala zapatak saltzen, eta sekulako zirrara eragiten zidala. 40 urte bizitza osoa baita! Azkenean, gustuko dut egiten dudana, eta uste dut oraindik benetako zerbait eskain dezakedala; bitartean, hori egiten jarraitzen dut.



Iaz 35 urte bete zituen Anestesiak, eta ez dago dudarik aitzindariak izan zinetela muturreko musika generoak euskaraz lantzen. Nolabait ere, ateak zabaldu zenizkieten ondoren etorri ziren taldeei.

Musika mota hau euskaraz egiten zuen inor ez zegoen 80ko hamarkadan. Guk ekin genion bideari, eta kuriosoa izan da, izan ere, ondoren ere ez da modan jarri musika hau. Egon dira metal joerako urte batzuk, eta horren musika bortitza landu duten taldeak ere izan dira. Pozgarria da, baina ondoren musika estilo hau ez da txertatu euskal panoraman. Guk, aldiz, aurrera jarraitu dugu. Modak aldatuz joan dira, eta guk gurearekin jarraitu dugu, nahiz eta nolabaiteko eboluzio bat izan dugun musikalki, baina ez da izan inguruan gertatzen zenari begiratzen geniolako. Gure garapena berezkoa izan da, gauza ezberdinak probatu nahi genituelako, eta ez momentuko joeretara lerrokatu garelako. Modaz gaindi, zerbait pertsonala eskaintzen saiatu gara.

Iruditzen zaizue publikoa zuen musika proposamenera ohitu egin dela? Euskal belarriak domestikatu egin dituzuela?

Ez dakit onartua den hitza, baina agian bai. Anestesiarekin hasi ginenean, onartezina izango zen gu bezalako talde bat telebistan agertzea, eta aurrekoan ETBn egin zidaten elkarrizketa, edo azken urteetan gertatu zaigun bezala, lehen lerroko jaialdietan eta kontzertuetan jotzea; izan ere, hasieran gaztetxeetan eta gure lau lagunen aurrean jotzen genuen. Onarpena edo ohitze bat egonda, bai. Ez modu masibo batean, baina gure publiko esparrua pixkanaka zabaltzen joan gara urteen poderioz.

Kultuzko talde bat al zarete?

Ez dakit... hori ikurraren galdera bezalakoa da. Ez dut esango kultuzko talde bat garenik, jendeak esan beharreko gauza baita hori.

35 urte hauetan Belokik eta zuk osatutako binomioa izan da Anestesia. Zer eragin du zugan hark taldea utzi izanak?

Kolpe handia izan zen taldearentzat, eta serio planteatu nuen taldearekin jarraitu ala ez. Anestesiaren ardatza biok izan gara orain arte, biok sortu baikenuen taldea. Estigia taldean baxua jotzen nuen, eta taldea utzi nuenean, gitarra bat erosi nuen. Taldea osatzerakoan, Belokiri galdetu nion, kuadrillakoak ginelako, eta baiezkoa erantzun zidan. Dani herritik ezagutzen genuen, eta hirukote moduan hasi ginen. 

Gero, partaide aldaketak izan ditugu; Dani bera, esaterako, taldetik kanpo ibili da hamar urtez. Edonola ere, Beloki eta biok izan gara taldeko ardatzak hasieratik. Bere bateria jotzeko modua ere elkarrekin eraiki dugu, nire riff-en erritmora. Ikaragarria izan da, zeren keinu bakar batekin bagenekien elkarri zer esan nahi genion. Harreman oso berezia geneukan, kode jakin batzuekin, kristoren konpenetrazio maila ahalbidetzen ziguna. Pentsa ze kolpe gogorra izan zen. Gainera, bazirudien bera ordezkatuko zuen inor ez genuela topatuko.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide