Gustav itsasontziaren hezurdura, Salbideko garaiko garbitokia nahiz Zumaiako Balenciaga ontziolako itsasontzi handia. Joseba Iruretagoienaren zirrimarrek osatzen dituzten irudiak dira inguruotako paisaiak. Azken urteotan ez du bere lanik erakutsi, baina gogoz itzuli da berriz ere margoak jendaurrean jartzera. Lukas ardotegian daude ikusgai margolari zarauztarraren hamahiru lan abuztuaren erdialdeaz geroztik.
Salbideko festetan margotzen aritu zela-eta suertatu zitzaion Lukasen bilduma ezartzeko aukera. "Aurten auzoan gazte batzuk bildu dira. Salbide auzo lasaia izan da, baina gazteak etorri dira etxe berrietara, eta asko ari dira mugitzen. Jai nagusiak irailean dira, baina udaberrian ere egin zituzten, eta besteak beste, pintura txokoa jarriko zutela komentatu genuen. Ni ere aterako nintzela esan nien. Lehen auzoan genuen arropa garbitegia margotu nuen. Orain biribilgune bat dago Joxe Antonio jartzen duen txalupa batekin, eta hor azpian Meagatik behera datorren errekak zuen labaderoa. Gure birramonak, izebak, amonak eta abar han ibiliko ziren. Desagertu egin da, eta pena ematen zidan". Iruretagoienaren hitzetan, zarauztarrak ez ezik, bertan elkartzen ziren Alde Zaharreko pentsio eta hoteletako bizilagunak ere.
Emakume horien guztien omenez margotu zuen Iruretagoienak jada desagertutako espazioa. "Argazki gutxi batzuk zeuden Photomuseumen, eta arakatzen ibili nintzen. Hamabost bat harlauza zituen alde bakoitzean. Nik neuk ere beste pare bat argazki neuzkan, eta horiekin lortu nuen margoa osatzea", dio margolariak.
Auzoan margotzen ikusi zutenean proposatu zioten Iruretagoienari Lukas ardotegian bere lanak erakustea, baina lehen kolpean ezezkoa eman zuen margolariak. Etxera joan eta bere bilduma begiratzen hasi ondoren jabetu zen bazituela margo zahar batzuk, eta horiekin eta azken urteetakoekin osatu du azkenean hamahiru koadroko bilduma. "Denetarik" dago, baina ia guztietan ageri da ura. "Natura eta berdetasuna" margotzen ditu, horiek pintatzea "arriskutsua" iruditzen zaion arren: "Ez da eramaten, ez dago modan. Moda kalea da, automobilak, etxeak. Natura alde batera utzia dago, baina lehiaketetan paisaietara jotzen baduzu, koadro ona margotuko duzu, besteen artean burua ateratzeko". Kolore urdinkarak, berdeak eta okreak dira nagusi Iruretagoienaren trazuetan. Zumaiako ontzioletako itsasontziaren irudia da salbuespena.
Zarauzko margolariak 2006tik ez du bere lanik erakutsi jendaurrean. Haren ustez, okerren margotzen zuen garaian jarri zituen erakusketa gehien: Donostiako Rekalde tabernan, Zarauzko Euskaldunan nahiz Maxi Eroskiko tabernan erakutsi izan ditu bere lanak Iruretagoienak, baita Azkoitiko Kultur Etxean ere. 2000. urtean Manu Muniategirekin batera hasi zen Artezaleak elkartean, eta Idoia Lertxundirekin aritu zen gero. Kaleko margolaritzat du bere burua, kalean ikasi baitu margotzen, Muniategirekin batera. Jose Inazio Treku, Angel Uranga eta Anton Urreisti izan dira Iruretagoienarentzat beste erreferente eta bidelagun garrantzitsu batzuk, aipatu gabe utzi nahi izan ez dituenak.
Bizpahiru koadro izan ezik, salgai ditu Lukas ardotegian ikusgai dauden gainerako koadroak. Dena den, Iruretagoienak koadroak "ikusgai jartzeagatik" atera ditu jendaurrera, "ez saltzeagatik". Erretiroa hartu berritan, margotzen denbora gehiago eman nahi du aurrerantzean zarauztarrak.