Ainitze Zumeta: "Dena emateko asmoz aurkeztu nintzen Uliako Harria txapelketara, eta ondo atera zitzaidan"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 23a, 11:00

Anitze Zumeta Trinitate Plazan Uliako harria jasotzen. (Donostiako Festak)

Ainitze Zumetak (Zarautz, 1991) Uliako Harria Txapelketa irabazi eta Karmele Gisasolak jarria zuen marka hobetu zuen, 17 altxaldi eginda.

Uliako Harria Txapelketan marka berria jarri duzu. Gisasolaren marka hobetzeko asmoz atera al zinen plazan?

Iaz ere hamazazpi altxaldi edo gehiago egiteko asmoz joan nintzen txapelketa horretara, entrenamenduetan hemezortzi eta hemeretzi ere egiten baikenituen, baina urduritasunaren eraginez ez nuen lortu nire maila ematerik. Harri-jasotzen berria nintzen oraindik eta plaza gutxi nituen. Aurten esperientzia handiagoarekin joan naiz, baina banuen pasa den urteko gauza bera gertatzeko beldurra. Dena dela, aurtengoan dena emateko asmoz aurkeztu nintzen txapelketara, eta ondo atera zitzaidan. Gustura nago.

Harri baldarra da Uliako harria. Zailtasun gehiago al du?

Ni harri-jasotzen hasi nintzenean harri baldarrarekin moldatzen nintzen ondoen, eta heldulekurik ez duen arren gustura aritzen naiz beti horrelako harriekin. Hain zuzen ere, iaz irabazi nuen lehen txapela Ergobiko harri baldarrarekin izan zen.

Uliako Harriaz gain, aurten ere irabazi duzu binakako txapelketa, ezta?

Bai, Karmele Gisasolarekin Urrezko Aizkora Txapelketaren baita antolatzen den binakako harri-jasotze txapelketan. Uliako Harria hirugarren txapela da.

Harri baldarrekin jarduteko prestaketa berezia egiten al duzue?

Normalean urte guztian zehar harri mota guztiekin trebatzen gara, baina txapelketak gerturatzen ari diren heinean batzuekin edo besteekin entrenatzen dugu gehiago.

2022an hasi zinen harria jasotzen, eta urte eta erdian lortu duzu emakumeen harri-jasotze munduan zure tokia egitea. Hasi zinenean espero al zenuen goi mailan aritzerik?

Orduan neska gutxi jarduten ginen harri-jasotzen. Nik aurretik halterofilia eta crossfita lantzen nituen, eta indar munduan nahiko ondo moldatzen nintzenez banuen gerra emateko gogoa.

Oraindik jarraitzen duzu halterofilian eta crossfitean?

Crossfitean jarraitzen dut entrenamendu gisa, baina ez zait gustatzen txapelketetan parte hartzea, zaletasun eta prestaketa gisa ulertzen dut. Halterofilia, berriz, aurten alde batera utzi behar izan dut Gabonak aldean bizkarrean lesio bat izan nuelako. Hala ere, halterofilian lehiatzen jarraitu nahi nuke, harrian zentratuko naiz, baina halterofilia txapelketaren batean ere parte hartu nahi nuke, mundu hori asko gustatzen zaidalako.

Harri-jasotzen txapel batzuk irabazita. Zure buruari helbururen bat markatu al diozu?

Nire helburua litzateke Karmele Gisasolaren mailara iristea. Zaila da, hark bizitza osoa harri-jasotzen daramalako eta teknika oso ona duelako, baina ikusten dut azken urtean asko hobetu dudala. Zilindro, kubikoa eta bola altxatzeko teknika oso garrantzitsua da, eta arlo horri astindua emateko gogoz nago. Nik uste dut Karmele Gisasola bezalako harri-jasotzaile bat aurkari eta lagun izateak motibatu egiten duela aurrera jarraitzeko, erreferentea delako guretzat.

 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide