Duela 30 urte pasatu zen azken aldiz Frantziako Tourra Euskal Herritik. Uztailaren 1etik 3ra berriz igaroko da. Zer esan nahi du horrek euskal txirrindularitzarentzat?
Txirrindularitzaren festa handi bat bezala da. Egia esan, 1992az geroztik ez da berriro Euskal Herritik igaro, eta nik oso gogoan dut Donostian hasi zen edizio hura; Miguel Indurainek irabazi zuen prologoa. Hurrengo egunean, gainera, bidegurutze batean egotea tokatu zitzaidan banderatxoarekin, eta akordatzen naiz Usurbildik eta Zarauztik barrena egin zituztela lehen kilometroak. Harrezkero, 30 urte igaro dira, eta Tourreko antolakuntzak egitasmoari hasiera emateko berriro Euskal Herria aukeratu izana, bada, benetan gauza handia da.
Uste dut ordutik hona Tourrak beste dimentsio bat hartu duela. Oso handia egin den kirol ekitaldi bat da. Munduan hainbesteko oihartzuna izango duten beste bi ekitaldi daude: futboleko munduko txapelketa eta Olinpiar Jokoak. Horiek, ordea, lau urtean behin jokatzen dira, eta Tourra, berriz, urtero eta 21 egunez segidan. Beraz, gauza handia da. Gainera, kanpoko jendeak lehendik ere ez badaki Euskal Herria non dagoen, honek lagunduko du munduko mapan jartzen. Ekitaldia pasatu ondoren egingo dugun balorazioa ona izango dela uste dut.
Urte askoan parte hartu duzu goi mailan, baita Tourrean ere. Baina inoiz ez duzu aukerarik izan Euskal Herritik pasatzeko.
Nolabaiteko nostalgia sartzen zait hau guztia ikusita. Edonola ere, nahiko gertu ibiltzen ginen, batik bat Pirinioetan, eta etapa horietan kasik etxean bezala sentitzen ginen euskal txirrindulariak, bagenekielako euskal zaletu ugari bertaratzen zirela ikustera eta animatzera. Baina mugaren bestaldean korritzea ez zait inoiz tokatu. Hala ere, iritsi da berriro ere, eta aurten lehiatuko diren euskal txirrindulariak zortedun sentituko dira, urtero jokatzen den lasterketa handi hau etxean hastea benetan polita izango delako.
Aurten zaletuek etxean aparkatuko al dituzte karabanak?
Hori da, bai. Festa itzela izango da. Sekulako aktibazioa egiten ari dira, eta txirrindularitza horrenbeste jarraitzen ez duen jendea ere konturatzen ari da hitzordua gerturatzen ari dela. Lanean dabilenarentzat ere, batez ere hiri handietan, eragozpenak izango dira, baina nik uste dut gauza onak ere badituela.
Frantziako Tourreko antolakuntzak euskal txirrindularien laguntza izan du Euskal Herriko etapak diseinatzeko orduan. Zu ere tartean ibili al zara?
Bai, hori horrela izan da. Nirekin orain dela bi urte baino gehiago jarri ziren harremanetan, eta haiek Tourreko lehen etapetan islatu nahi zuten Euskal Herriko Itzulian eta Donostiako Klasikoan bizi ohi dugun esentzia hori. Adibidez, zaila da ohiko Tourreko lehen etapetako esprinterako egokiak diren ibilbide lauak txertatzea Euska Herrian. Beraz, antolakuntzak nahi zuen bertakoa plasmatzea, baina, agian, muturreraino eraman gabe. Niri Gipuzkoako zatia zehaztea tokatu zitzaidan, eta argi geneukan Donostiako Klasikoaren antzeko ibilbidea izan behar zuela.
Erantzukizun handia al da lanketa hori egitea?
Txirrindulari bezala, egingarri ikusten duzuna irudikatzen duzu. Horrez gain, Tourreko antolakuntzak badu hona etorri eta ibilbideak gainbegiratzen dituen jendea, besteak beste, segurtasun aldetik, arazorik nahiz arriskurik egon ez dadin. Esaterako, Donostian, helmuga Bulebarrean jartzea ezinekoa izan da, eta Kursaal inguruan jarriko dute, hogeitik gora trailer sartu behar dituztelako.
Tourra Euskal Herritik igaroko da, eta bazirudien Euskal Herriko Itzulia edo bestelako lasterketa baten antzerakoa izango zela. Tourrak, ordea, lau ordu lehenago itxiko du errepidea, eta hainbat eragin izango ditu trafikoan.
Batzuetan pentsatzen dut ez dakigula ongi nolako oihartzuna daukan Tourrak. Txirrindulariak pasatzerakoan, ez da hain ezberdina beste proba batzuekin alderatuta, oso bizkor igaroko direlako partaideak, baina aurretik, Tourrak badauka bestelako xarma bat babesleen karabanari dagokionez, txikiei gustatzen zaiena. Horrek guztiak jantzi egiten du hitzordua, eta hori tropela igaro baino bizpahiru ordu lehenago izaten da. Horregatik eta segurtasun aldetik dena ongi atera dadin ixten dira horrenbesteko aurrerapenarekin errepideak.
Beraz, herritarrei pazientzia eskatu behar zaie ikuskizuna bermatzeko?
Bai, tira... Eragozpenak sortuko ditu trafikoan, eta bereziki, hiriburuetan; Bilbon, Gasteizen eta Donostian, alegia. Sartzeko eta ateratzeko garaian kale asko itxita egongo dira, baina informazio asko zabalduko dute, eta egun horietan pazientzia eskatu beharko zaio jendeari.
Zuk nola biziko duzu Tourra? Zer-nolako zereginetan arituko zara proban zehar?
Eginbehar batzuk izango ditut egun horietan. Aurkezpenean izango naiz [gaur izango da], eta euskal txirrindularioi halako omenaldi txiki bat egingo digute. Bitartean, Etxeondo markarekin lanean ari naiz, eta gure bezeroekin egoteko aprobetxatuko dugu. Horrez gain, Donostiako etapako egunean telebistan ere ariko naiz kolaboratzaile gisa.
Hiru astez jarraituko al duzu Tourra bertatik bertara?
Ez, gehienbat Euskal Herriko etapak jarraituko ditut zuzenean, eta gero, Pirinioetakoak berehala etorriko direnez, nahiko nuke bertara joatea familiarekin. Txirrindularitza utzi nuenetik, uste dut ez dudala hutsik egin eta beti bertaratu naizela. Alde horretatik ere gustuko dut lehen kirolari bezala ikusten nuena orain errepide bazterretik bizitzea. Beraz, Pirinioetara, Tourmalet aldera, egingo dugu bisita.
Aurkezpenean omenaldia egingo dizuete euskal txirrindularioi. Hori azpimarragarria da. Azken finean, erreferente izan zarete zaletasuna sortzerakoan.
Tourrak badaki euskal zaleturik gabe Pirinioak ezberdinak direla eta hori altxor moduko bat dela. Beraz, aitortza bat da Tourra Euskal Herrira etortzea. Guk, hainbeste urtez Tourrean lehiatu garenok, biziki eskertzen dugu errekonozimendu hori.