Beatriz Zabalondo: "Komunitatea etxe honetako habeetako bat da"

Jone Bastida Alzuru ('Berria') 2023ko eka. 26a, 09:00

Beatriz Zabalondo Berriako lehendakaria.

Egunkariak euskaraz bizitzeko testuinguru oso bat eskaintzen duela nabarmendu du Zarautzen bizi den Beatriz Zabalondok, Berria egunkariaren lehendakariak. Hedabidearen 20. urteurrenaren harira elkarrizketatu du Jone Bastidak Berrian, eta estilo liburuaren garrantzia azpimarratu du hark.

Berria taldeko lehendakaria da Beatriz Zabalondo (Elgeta, Gipuzkoa, 1961). 2013an hartu zuen kargua, egunkariak hamar urte bete zituenean; hogeigarren urteurrena ospatuko du aurten: "Nabarmentzekoa da jende askori esker iritsi garela honaino; denei eskerrak eman behar zaizkie".

Hogei urte bete ditu aurten Berriak. Hogei urte igaro dira Euskaldunon Egunkaria itxi zenetik. Nolakoa izan da ordutik honako bidea?

Gorabeheratsua izan da. Ilusio handi batetik sortutako egunkari berri bat izan zen, baina trauma handi batetik gentozen, eta ilusio hori testuinguru horretan ulertu behar da. Gero, Berriak urte zailak eduki ditu. Enpresa ikuspuntutik, azkeneko urteak hobeak direla esango nuke. Kazetaritza ikuspuntutik, berriz, hogei urte hauetan asko ikasi eta hobetu da.

Egindako bide horretatik zer nabarmenduko zenuke?

Berriaren kapitalik handienetako bat jendea da, eta beti izan da. Talentua da proiektu honen gauzarik inportanteenetako bat. Diru gutxi daukagu, baina, talentuari esker, gauza ederrak egin dira.

Zergatik uste duzu dela garrantzitsua Berriaren pareko egunkari bat izatea?

Erronka inportante bat da hizkuntza minorizatu guztietarako. Munduan egon nahi dugu, eta besteen pare. Zer ez daukagu? Ez dauzkagu hainbeste hiztun, ez dauzkagu hainbeste baliabide; baina bestela berdinak gara. Guk gurea garatu nahi dugu, eta munduari hori erakutsi. Gure hizkuntza bakarra da, eta egunkaria behar du hizkuntza honek ere. Hau da gure hizkuntza, eta hau da gure kultura. Hori bezain sinplea eta hori bezain konplikatua da.

Zer ematen dio Berriak euskal gizarteari?

Euskara eta euskal kultura. Uste dut hori dela parterik inportanteena. Euskarazko egunkari nazional bakarra da, baina ez hori bakarrik: euskaraz da, eta euskal kultura da. Eta zer gehiago? Mundua euskaratik ikusteko modu propio bat ematen dio. Edo munduan gertatzen diren jazoeren interpretazio bat, eta gertaera horiek analizatzeko giltzak. Egoteko modu bat ere bada. Euskaraz bizitzeko modu bat ere bai. Testuinguru oso bat eskaintzen du euskaraz bizitzeko.

Zein dira proiektuaren ildo nagusiak?

Produktu edo proiektu gisa ulertuta, euskara eta informazioa. Eta gero, enpresa gisa bideragarria izatea ere bada ildo inportante bat.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua egin nahi da. Horretan jartzen dira indarrak?

Bai, baina erronka zailak dira. Kazetaritza libre egitea oso zaila da. Gure testuingurura etorrita, esan nahi du askatasuna izan nahi dugula edukiak gure erara, gure ikuspuntutik eta gure baliabideekin eskaintzeko. Irekia izatea, berriz, zer da? Nire ustez, gizartearen mugimenduetara egokitzea, eta ez izatea mugatua. Eta konprometitua... Kazetaritza baldin bada, konprometitua izan behar du. Alde horretatik, badago konpromiso bat egiaren, hizkuntzaren eta gizartearen aurrean.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Berria.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide